“Harro nago ibilbidearekin eta bidean eraikitako proiektu, lankidetza eta harreman guztiekin” – Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartea Euskalgintzaren Kontseiluak sortutako eta bultzatutako proiektua da. Jatorrizko elkarrizketa Bai Euskarari Elkartearen webgunean irakurri daiteke.
25 urteren ostean, Bai Euskarari proiektua utziko du Rober Gutiérrezek (Gasteiz, 1970). Bai Euskarari Elkartearen zuzendari izan da elkartea sortu zenetik -18 urtez- eta etapa berri bati ekingo dio orain. Dena dela, euskararekin lotuta ikusten du bere burua etorkizunean ere. Elkartean egin duen ibilbideaz, lorpenez eta arantzez aritu gara Gutiérrezekin.
Bai Euskarari proiektuan urte asko egin dituzu. Kontseiluan lehenik eta elkartea sortu zenean zuzendari moduan, orain arte. Bai Euskarari Elkartea uztea erabaki duzu. Zergatik?
25 urteko ibilbide luze bat izan da, luzea eta emankorra, baina momentu honetan aurrera begira jarrita eta egin dudana kontuan hartuta, aldaketa baten beharra sentitu dut, deskonexio baten beharra. Niretzat oso proiektu berezia izan da, maila pertsonalean zein profesionalean aberastu nauen proiektu aitzindari eta erreferentzial batean aritzeko ohorea izan dut. Bai Euskarari kanpainan hasi, plan estrategikoaren prozesuan eta ziurtagiriaren sortzean eta abiatzean. Hasierako urteetan Kontseiluan, ziurtagiriaren arduradun eta elkartea sortu zenean, zuzendari izendatu ninduten. Beti egon izan naiz ardura postuetan, eta horrek ere desgastea ekartzen du.
Noiz hasi zinen Bai Euskararirekin lanean?
AEK-n lanean ari nintzela izan nuen Kontseiluaren lehen urratsen berri. Jakin nuen nazio mailan euskalgintzako erakundeen bilgune izango zen erakunde bat sortzear zela, aurreikusita zeukana, besteak beste, gizarteari eragiteari begirako ekimen erraldoi bat antolatzea. 1998an eskaini zidaten kanpaina antolatzeko Arabako ardura eramatea. Momentuan ezetz esan nien, AEK barruan banituelako beste ardura batzuk. Geroago Bai Euskarari estadioetako kanpaina antolatu behar zutela eta Mendizorrotzako ekitaldiaren koordinazioa eramatea eskaini zidaten. Kanpaina haren bidez hasi nintzen Kontseiluarekin lanean. Oso ekimen emankorra izan zen. Niretzat erronka pertsonala izan zen. Oso jende gutxik uste baitzuen Araban Mendizorrotza betetzeko gaitasuna izango genuenik eta nik beti esaten nuen bete eta gainera jende asko geratuko zela kanpoan, eta hala izan zen. Hortik aurrera aukera izan nuen beste proiektuetan parte hartzeko.
Nola oroitzen duzu Bai Euskarari Elkartearen sorrera?
Bai Euskarari Ziurtagiria 2000 urtean sortu zuen Kontseiluak. Proiektua Bai Euskarari akordioaren plana bideratzen ari ginen momentu berean joan zen sortzen. Hasierako urteetan, geroz eta entitate gehiago batzen ziren eta 2005ean Kontseilua hasi zen planteatzen arlo sozioekonomikoari begira beste era bateko lanketa eta egitura sortu behar zela. Arlo sozioekonomikoan lan bat egiten ari zen, baina ikusi zen euskalgintzaz gain proiektura batu behar zirela beste era bateko entitateak: administrazioa, enpresak, langileak eta kontsumitzaileak. Hasierako asmoa izan zen lan munduaren euskalduntzea bizkortzeko egitura bat sortzea, ahal izanez gero Euskal Herri mailakoa. Kontseiluko zuzendaritza proiektu horrekin joan zen Eusko Jaurlaritzara eta ikusi zen Jaurlaritzaren aldetik ez zegoela elkarlanerako jarrera handirik. Egitura makro hori ez zela bideragarria izango ikusita, proposatu zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua kudeatzeko beste entitate batzuk integratzea egitura batean. Hala, 2005ean Kontseiluak erabaki zuen Bai Euskarari Ziurtagiria kudeatuko zuen erakunde berri bat sortzeko urratsak ematea. Enkargua izan zen proiektua bideragarria izan behar zela eta egitura horretan parte hartu behar zutela euskalgintzatik kanpoko entitateek ere. 2005ean hasi zen lehen lanketa: harreman eta komunikazio plana prestatu zen, egitura juridiko posible guztiak aztertu ziren, bideragarritasun ekonomikorako baldintzak aztertu ziren eta bilerak egin ziren administrazioarekin, enpresa elkarteekin, sindikatuekin eta beste zenbait erakunde erreferentzialekin. Prozesu horren ostean erabaki zen Bai Euskarari Elkartea sortzeko urratsa ematea. Elkarte horretan hasierako asmoa zen lan munduan eragiten duten aktore guztiak ordezkatuta egotea: euskalgintza, administrazioa, enpresak eta langileak. Zailtasunak egon ziren administrazioaren hanka lortzeko eta azkenean erabaki genuen elkartea sortzea administrazioaren hankarik gabe, atea irekita utzita. Gure elkartean ordezkatuta dago euskalgintza Kontseiluaren eta bere bazkideen bitartez, enpresak Bai Euskarari Ziurtagiria dutenen bitartez eta langileak, besteak beste sindikatu bat dugulako zuzendaritzan.
Oraindik ere askok Bai Euskarari entzunda kanpaina hura gogoratzen dute. Baina Bai Euskarari Elkartea beste zerbait da. Nola definituko zenuke?
Bai Euskarari Elkartea da Ziurtagiriaren proiektutik abiatuta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko eragiten duen erakundea. Bai Euskarari Ziurtagiritik abiatu ginen, baina horrekin batera proiektu ugari ditugu martxan, lan munduan euskararen erabilera areagotzeari begira.
Entitateei entzunda eta haien beharretatik abiatuta sortu ditugu lan munduan euskararen erabilera erosoagoa izateko tresna funtsezko batzuk.
Elkarteak bilakaera handia izan du urte hauetan guztietan. Zein ekarpen egin dio lan munduan euskara sustatzeari begira?
Ekarpena, batetik, proiektu bat abiatu genuela euskararen sustapenean konpromisoren bat hartzen zuten entitateak identifikatzeko. Eta ekarpen inportanteena izan da entitateei entzunez eta beharrak ikusita joan garela, batetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua hobetzen, handitzen, gero eta tresna eta baliabide gehiago eskura jartzen ziurtagiriaren proiektuan oinarrituta. Era berean, behar horiek kontuan hartuta gai izan gara beste proiektu batzuk abian jartzeko. Entitateei entzunda eta haien beharretatik abiatuta sortu ditugu lan munduan euskararen erabilera erosoagoa izateko beste tresna batzuk. Gainera Euskal Herriko enpresa eta profesionalen esku jartzen ditugu beraiek ere erabili ahal izateko: Enpresarean, Lansarean, Lazarraga Sariak, Arabako Enpresen Foroa, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak eta abar.
Beste ekarpen esanguratsua izan da Bai Euskarari Elkarteak urte hauetan egin duen lanari esker lortu dugula administrazioarengan eta enpresengan eragitea.
Pertsonalki, zein lorpenekin geratzen zara?
Lorpen nagusia izan da lan munduan eragiten ari den erakunde bat martxan jartzea eta bideragarri izatea. Horrez gain, geroz eta proiektu gehiago sortzea eta geroz eta eragin handiagoa izatea enpresa eta profesionalengan, eta gizartearengan, oro har. Proiektu batetik harago, bilakaera guztiarekin gelditzen naiz. Harro egoteko moduko zerbait da. Atzera begiratu eta zein bide egin dugun ikusita, zailtasunen gainetik zenbat lorpen izan ditugun, horrekin geratzen naiz: proiektu guztiekin, harreman eta lankidetza guztiekin, ezagutu ditugun pertsona guztiekin.
Bai Euskarari Ziurtagiria, Bikain, Harrobi… Euskararen ekosistema honetan, zerk egiten du Bai Euskarari Elkartea bereizgarri?
Bai Euskarari Ziurtagiria aitzindaria izan da. Hizkuntza kudeaketarekin lotutako lehenengo ziurtagiri sistema izan da. 2005ean hasi ginenean lan munduan modu eraginkor batez eragiteko beste egitura baten bila, Eusko Jaurlaritzarekin elkartu ginen horren berri emateko, proposatzeko egitura horretan parte hartzeko, uste dugulako administrazioak ere horrelako egitura batean parte hartu behar duela ezinbestean. Eta egitura horrek bere ardurapean hartu beharko zukeen ziurtagiriaren kudeaketa. Baina ez ziurtagiria orduan zegoen bezala. Beti esan izan dugu oinarri hori hartuta proiektua eraldatu eta eraginkorrago bihurtu behar zela. Eta hori egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak ziurtagiria klonatu eta Bikain sortu zuen, elkarlana bideratu beharrean. Ibilbide honetan arantzatxoren bat baldin badut, hori da handiena.
Falta izan zaigu Bikain eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren arteko elkarlana bideratzea
Zergatik ez zen posible izan elkarlan hori?
Elkartea sortu zenean EAJk, EAk eta EBk osatzen zuten Jaurlaritza. Hurrengoetan PSE egon zen eta haiekin batera aritu ginen bide bat lantzen elkarlana bideratzeko. PSErekin 2010ean lortu genuen Jaurlaritzak Bai Euskarari Elkarteari eman zion lehen dirulaguntza. Sortu zenetik 2010era arte dirulaguntzarik gabe egon zen elkartea. Bai Euskarari Elkartea ginen batzuekin eta besteekin. Bai Euskarari Elkartea ginen Gasteizen PPko alkatearekin hitzarmena lortu genuenean, Barañainen UPNko udal batekin hitzarmena lortu genuenean eta Bai Euskarari Elkartea ginen Gipuzkoako Foru Aldundian Bildurekin hitzarmena lortu genuenean edo Arabako Foru Aldundian EAJ eta EArekin lortu genuenean. Uste dut erakutsi dugula hitz egiteko eta elkarlana bideratzeko gaitasuna dugula. Ez zen posible izan momentu horretan, Eusko Jaurlaritzan arduretan zeuden pertsonek ez zutelako gurekiko elkarlanean sinisten eta uste zuten administrazioari bakarrik zegokiola lan hori egitea, ordura arte egindako lan guztia bazterrean utzita, gainera.
Egon gara urtetan Bikainek bere bidea eta Bai Euskarari Ziurtagiriak berea egiten. Denbora honetan iruditzen zait baliabide eta indar pila bat galdu dugula, eraginkorragoak izateko aukera paregabeak galdu ditugu eta niretzat hori da tristeena.
Elkarlan bat bideratu izan bagenu, beste egoera batean egongo ginateke. Bai Euskarari Elkarteak erakutsi du erakunde malgua dela, azkar mugitzen dela, behar bat detektatzen dugunean berehala erantzuteko aukera dugula, eta falta izan zaigu Bikain eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren arteko elkarlana bideratzea.
Urte luzez Jaurlaritzak mesfidantza handia izan du euskalgintzak abiatutako hainbat ekimenekiko, eta beretzat gorde nahi izan du lan hori. Nik uste dut akats larria dela, euskararen egoerak guztion indarrak behar ditu aurrera egiteko, eta administraziotik kanpo helburu horrekin lanean ari diren talde eta mugimenduak altxorra dira, bultzatu beharrekoak.
Oraingo Eusko Jaurlaritzarekin lehen aldiz aitortza publiko bat lortu dute Bai Euskarari Elkarteak eta Ziurtagiriak, eta hori eskertu behar da. Lortu dugu elkarlan bat bideratzea Bikain sistemaren barruan, baina oraindik ez dugu lortu Bai Euskarari Ziurtagiria ere ziurtagiri sistema horretan izatea. Alde batetik, elkarlana bideratzen ari gara eta oso emankorra izaten ari da baina, bestalde, Bai Euskarari Ziurtagiria elkarlanetik kanpo geratzen ari da. Guk beti esan dugu enpresa tipologia oso anitza dela eta tipologia bakoitzari bere tresna eskaini behar zaiola eta uste dut Bai Euskarari Ziurtagiria oso erabilgarria izan daitekeela enpresa txiki eta zerbitzu enpresa ertain askorentzat.
Beste zerbait egon da lortu ez duzuna?
Urte hauetako lorpenekin oso pozik utziko dut Bai Euskarari Elkartea, baina noski, beste gauza asko daude egiteko, eta lortzeko. Kontsumitzaile garen aldetik euskaldunoi dagozkigun eskubideen arloan aurrerapauso gehiago lortzea da horietako bat.
Euskara lan munduan sustatzeko epe luzerako ikuspegia eta estrategia behar dira, Euskal Herri osoa kontuan hartuko dutena
Euskararen egoera nola ikusten duzu lan munduan?
Iruditzen zait ordenatu beharra dagoela alor honetako lana. Bai Euskarari Elkarteak bere lana egiten du, aholkularitzak ere izugarrizko ekarpena egiten ari dira, administrazioak sustapenerako dirulaguntza lerroak zabaltzen ditu, enpresa batzuk ari dira lanean erabaki dutelako urratsak ematea, sindikatu batzuen agendan agertzen da euskararen gaia,… baina egin behar duguna da hori guztia lurreratu eta sistematizatu. Pieza guztiak norabide berean ondo kokatu behar dira eta ondo zehaztu behar da bakoitzak zer funtzio duen eta zer egin behar duen. Epe luzera begirako ikuspegia behar da. Iruditzen zait ari garela, administrazioaren partetik batez ere, oso epe motzera begira. Lau urtean behin aldatzen dira eta ematen du hori dela aintzat hartu beharreko tartea. Epe luzerako estrategia eta ikuspegia behar da nazio mailan, Euskal Herri osoa kontuan hartuko duena. Bestela berdin jarraituko dugu, bakoitzak bere alorrean ekarpena egiten, baina ez da nahikoa izango urrats esanguratsuagoak emateko.
Bestalde, administrazioa batez ere sustapen lanarekin ari da, baina arautzea ere badagokio eta bide horretatik gehiago egin beharko luke. Betebehar batzuk ezarri behar zaizkie enpresei, eskakizun batzuk egon behar dira. Horrela eginda enpresak ere joango dira mugitzen. Enpresa gehienak beraien borondatez ez dira ezertan hasiko, gehienentzat ez delako lehentasuneko gai bat.
Azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi azken aldian epaitegietatik etorri diren erabaki batzuek euskarak lan munduan egindako aurrerapen batzuk arriskuan jar ditzaketela. Euskaldun eta euskaltzaleon aktibazioa funtsezkoa izango da ahalegin handiz lortutako urratsetan atzera ez egiteko.
Eta orain, zer asmo duzu? Zein arlotan ikusten duzu zure burua?
Egia esan, ez dakit. Elkartea uztea eta zikloa ixtea erabaki nuenean erabakia hartu nuen nire behar batetik abiatuta, deskonexio horren beharra nuelako, pentsatu gabe zer egingo nuen gero. Imajinatzen dut nire burua euskararekin lotuta, baina beste modu batez. Nire ibilbide profesional guztia euskaraz egin dut eta niretzat oso arrotza eta bortitza izango litzateke hortik oso urrun egotea. Elkartea uzten dudanean jarriko naiz horretan pentsatzen eta erabakitzen.