[Iritzia] Egiten dugun urratsa, probesten dugun aukera (Haizpea Abrisketa)
Maiz esaten da ukatzen zaigun horri gehiago lotzen gatzaizkiola. Euskararen hiztunek beren hizkuntzan bizitzeko ezintasuna izan dute eta badute oraindik. Arrazoiak anitzak badira ere, badago bat funtsezkoa: hizkuntzak izandako gutxiagotze-prozesua. Euskara hizkuntza gutxitua da, eta gutxitze horren ondorioz gutxiengoa da bere lurraldean. Kanpo faktoreak edo neurriak direla medio, hiztun kopurua txikituz joan da, eta erabilera, zenbait lekutan, testimoniala izatera iritsi da. Halere, zalantzarik ez dago azken hamarkadotan berreskuratze-prozesuari ekiten ari gatzaizkiola.
Europan ez da egoera hori bizi duen hizkuntza bakarra. Europan 200 hizkuntza baino gehiago daude. Baina Europar kontinentean ofizialak diren hizkuntzak nekez heltzen dira 25era.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak hizkuntza-komunitateen hizkuntza-eskubideak egikaritzeko neurriak zein izan behar duten zerrendatzen ditu. Hauek guztiak betez gero, euskaldunok euskaraz bizitzeko aukera izango genuke, beste edozein herritar bere lurraldean gaztelaniaz edo frantsesez bizi daitekeen bezala. Eta nahiz eta jakin badakigun hizkuntza txikietako hiztunak eleaniztunak izango garela, Protokoloan jasotzen den bezala euskaldun eleaniztunak izango gara.
Dena dela, Protokoloaren balioa testuan ez ezik, berau osatzeko prozesuan ere badago. Demokrazia aho guztietan dagoen honetan, ariketa parebagea egitea lortu dugu. Europa guztitik hizkuntza gutxituetako komunikateetako eragileen ekarpenak jaso ditugu. Zein da zuretzat zure hizkuntza garatzeko neurri zehatz bat? galdetu genien, baita erantzunak jaso ere. 400 erantzun baino gehiago izan ziren eta horiek 185 neurri bilakatu dira: Zerbitzuak hizkuntza gutxituan jasotzeko administrazioak plangintza bat burutu behar du, hizkuntza gutxituan lan egiteko baliabideak esleitu behar dira, ezin da hizkuntza gutxituan lan egiteko eskubidea debekatu; arnasguneek babes legala behar dute, hezkuntzan murgiltze sistema lehentsi behar da, aisialdiko hezitzaileak egoera eleaniztunetan lan egiteko prestatu behar dira, ikerketa lana hizkuntza gutxituan egiteko aukera bermatua egin behar du eta haien aitortza akademikoa babestua, diru laguntza publikoa jasotzen duen orok hizkuntza-irizpideak errespetatu behar ditu, langileen berezko hizkuntzan lan egiteko baliabideak behar dituzte, helduek hizkuntza doan ikasteko aukera izan behar dute, programazio kulturalek hizkuntza gutxituko programazioa jaso behar dute, hizkuntza gutxituko sorkuntzari baliabide gehigarriak eskaini behar zaizkio… eta horrela 185 neurri. Europa guztitik etorriak, eta aitortutako batzorde zientifiko batek orraztua.
Europan neurri horiek indarrean egongo ez diren bitartean gizarte eragileek antolaturik jarraituko dute, jarraituko dugu. Halere, oraingoan proposamen amankomuna dugu, aldarrikapen soila baino eraikitzeko zimentuak jartzen dituena. Donostiako Protokoloaren aurkezpenarekin, gizarte eragileen ahalduntzea ospatuko dugu abenduaren 17an Kursaalen egingo den ekitaldian. Eskubideen aitortza erreala berau betetzeko neurriak hartzen direnean egiten baita.
Iruzkinik ez "[Iritzia] Egiten dugun urratsa, probesten dugun aukera (Haizpea Abrisketa)"