Eskubideen urraketa betikotu dezakeen eskuhartzea
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia argitaratu du, derrigorrezko hizkuntza eskakizunaren aurkako helegitea jaso ondoren, euskara ez dakitenekiko “diskriminatzailea” dela argudiatuta. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak gogor gaitzetsi dute epaia urgentziazko prentsa ohar baten bidez.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak ezagutarazi berri den epaiak Irungo herritarren hizkuntza-eskubideei eraso zuzena egiten diela azaldu du: “Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak”.
Horrekin batera, Gaubekak lan-deialdi zehatz honen berezitasunak azpimarratu nahi izan ditu: “Hainbatetan salatu dugun bezala, udaltzaingoak oinarrizko eta herritarren gertuko zerbitzua ematen duela kontuan harturik, lanpostu horiei hizkuntza-eskakizuna kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea. Horren lekuko dira Behatokian jasotako herritarren bizipenak, non udaltzainekiko harremanetan euskararen ezagutza nahikoa ez izateak albo-kalteak edo babesgabetasuna eragiten dizkien, herritarren segurtasuna bera ere kaltetuz eta baldintzatuz.”
Horrela, Behatokiko eledunak gogoratu du, legeak ezarritakoaren arabera, herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dutela: “Eskubide hori egikaritzeko tresnak deuseztatu edo bestelako interesen azpian jartzen badituzte, ezinezkoa izango da herritarrek edozein momentutan, berdintasunean, berezko hizkuntza erabili ahal izatea edo zerbitzua hizkuntza honetan jaso ahal izatea”.
Behatokiko zuzendariaren arabera, herritarren eskubideak, ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko eskakizuna da euskaraz zerbitzua eskaini ahal izatea eta epai honek? euskaraz ez dakitenek administrazio publikora sartu nahi izatea horren guztiaren gainetik jartzen du. Zalantzarik gabe, EAEko herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoen kaltetzea eragin dezake aurrekari honek.
Bestalde, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren iritziz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia “eskuhartze bortitza” da: “Beste behin ere, gogorarazi nahi dute hizkuntza-politikaren eremuan zeinek duen azken hitza eta, ondorioz, neurri eragingarriak hartzen direnean, azken erabakia zeinek duen gogora ekarri nahi izan dute. Horrexegatik, epaia juridikoa baino, politikoa dela berretsi nahi dugu”.
Bilbaoren arabera, epaiak badu intentzionalitate politiko zehatzik: “Euskararen normalizazioa galgatzeaz gain, euskara bigarren mailako hizkuntza, eta ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzeko asmoa erakusten du. Elebakarren pribilegioak balizko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideak betikotuko baditu ere”.
Bestalde, epai honek izan ditzakeen ondorioak ongi aztertu beharraz ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Epaia sakon aztertu nahi dugu, izan ere, eragina izan lezake etorkizuneko lan deialdietan, eta kontuan hartuta herritarrekin harreman zuzena duten udaltzainei euskara ezagutzeko eskakizuna kentzeko eskatzen duela, ondorio arriskutsuak izan ditzake”.
Bukatzeko, Bilbaok aurreratu nahi izan du Kontseilua euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako eraso honi nola erantzun aztertzen ari dela.
Iruzkinik ez "Eskubideen urraketa betikotu dezakeen eskuhartzea"