Oldarraldi judizialari erantzun bateratua
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.
2023ko martxoaren 24an Kontseiluak bere urteko Batzar Orokorrean adierazpen publikoa onartu genuen, euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko itun politiko eta sozial sendo baten aldeko deia egin genuen. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.
Horrela, maiatzaren 10ean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, agerraldi jendetsua egin genuen euskal gizarteko askotariko norbanako ezagunek eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bertan, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestaziorako deia egin genuen.
Uztailaren 13an, aldiz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 alkate eta ehundik gora udal ordezkari elkartu genituen Bilbon, euskalgintzak deitutako agerraldian.
Irailaren 26an aurkeztu ziren manifestazioaren xehetasunak, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean. Azaroaren 4an hamarka mila pertsonek Bilboko kaleak bete zituzten, oldarraldiaren aurrean aurrera egitea eta euskararen aldeko akordio sozio-politiko berri bat aldarrikatuz. Jarraian, Kontseiluak manifestazioaren balorazio positiboa egin, adostasun sozial zabalak bideratzeko konpromisoa hartu eta Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa aurkeztu zuen.
–