Korrikak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dugu
Gaur, Korrikak eta Kopariak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dugu. Hitzarmenaren bidez, 2024. urteko Korrika arropa eta merchandising produktu desberdinez hornituko du Kopariak. Elkarlan honen helburua da euskararen lanketaren inguruko ekonomia zirkularra sortzea, euskararen normalizazioan eraginez eta euskararekiko ardura sustatuz.
Koparia Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako merchandising eta promozio zerbitzuen enpresa da, eta lortutako irabazi guztiak euskararen normalizaziora bideratzen dira.
Horrela, AEK-k, Korrikaren materialaren ekoiztea Kopariaren esku jarriaz, euskarari laguntzeko elkarlan estrategiko berritzaile eta jasangarri bati bide eman dio. Euskararen normalizazioari laguntzeaz gain, helburua da Korrikaren produktuak ahalik eta jasangarrienak izatea, materialei dagokionez eta jatorriari dagokionez ere bai, ahal den gehiena bertan egina izango delarik.
Beraz, elkarlan honek, harreman, bitarteko eta baliabide guztiak euskaraz izatea bermatzeaz gain, jasangarritasunaren eta euskararen etorkizunaren bultzatzaile ere izango da. Etorkizunean ere mota honetako ekimenak eta elkarlanak bultzatuko dira. «Euskararen alde lanean gabiltzan eragileok elkarren indarrak batuz, komunitate guztia irabazle irteten dela frogatu nahi dugu», adierazi dute Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak eta Aize Otaño AEK-ko Gipuzkoako koordinatzaileak.