ONGI ETORRI EUSKARAREN MUNDURA

Jardunaldietako aforoa bete dugu. Izena emanez gero, itxaron zerrendan sartuko zaitugu.

Urriaren 10 eta 11n, Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak egingo ditugu Gasteizen, Europa Jauregiko Gasteiz Aretoan (nola iritsi), Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatuta. Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza jaso dute.

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza harrera egokia gauzatzea. Premia hori sumatuta lanean ari dira hainbat eragile eta instituzio. Nolanahi dela, sortzen ari diren gogoeta eta praktika horiek elkarrekin partekatu eta amankomunean bideratzea premiazkoa da hizkuntza harrera egokira ailegatzeko. Hain justu, orain arteko azterketa, hausnarketa eta indarrean jarritako praktikak elkarbanatzea dira jardunaldi hauen funtsa.

Gero eta gehiago dira euskal herritar berriak, beren jatorrizko bizilekuak utzi eta bizimodu hobe baten bila heldu zaizkigunak. Gainera, onura dakarte gure jendartera: ehun produktiboari eusteko ezinbesteko elementu zaizkigu. Ildo horretatik, datorren hamarkadan milaka eta milaka gehiago etorriko direla aurreikusten da.

Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egin nahi bada ezinbestekoa da gertakari hori aintzat hartzea, eta ezinbestekoa da euskal herritar berri horiei hizkuntza harrera egokia egitea: euskarara iristeko eta euskaraz jabetzekoa bidea ematea. Are, euskararen komunitateko kide aktibo bihurtzea.

Premia horretaz jabetuta, hizkuntza harrerari buruzko gogoeta eta esku-hartze bide bat ari da lantzen aurten. Honen guztiaren helburuak bi dira, estuki elkar lotzen direnak: batetik, hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea; eta, bestetik, ezagutza horretatik abiatuta harrera protokolo egokiak diseinatzea, erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko.

Ezagutzaren lanketa honen kokagune nagusia urriaren 10 eta 11n Gasteizen egingo ditugun Ongi etorri euskararen mundura harrera jardunaldiak izango dira. Lau ardatz izango dituzte jardunaldi horiek:

  1. Euskal herritar berriek euskararekiko izan duten esperientziaren berri jasotzea, eurek esateko dutena aditzea. Izan ere, bizipen eta behar horiei erreparatu gabe nekez diseinatu ahal izango da hizkuntza harrerarako protokolo eta politika egokirik.
  2. Martxan diren esperientzia egokietatik ikastea. Jada leku, erakunde eta elkarte batzuetan ari dira euskal herritar berriak euskarara ekartzeko lanketa sistematizatuak egiten. Emaitza onak ematen ari diren zenbait identifikatu eta haietatik ikasteko parada eman nahi da jardunaldietan.
  3. Iraganeko esperientzietatik ikastea. Euskal Herria lehenago ere izan da harrera leku. Esaterako, 60. eta 70.eko hamarkadetan migrazio olde handia gertatu zen Espainiako Estatuko hainbat lurraldetatik Hego Euskal Herrira. Horietako hainbat, eta haien seme-alaba asko, azken hamarkadetan euskarak izan duen biziberritze prozesurako ezinbesteko elementu izan dira. Iraganeko esperientzia horien memoria ekartzea gaur egungoa egoki egin ahal izateko bidea da.
  4. Adituen ekarpena. Soziolinguistikatik, antropologiatik, psikologia-sozialetik… hainbat diziplinatatik ikertu da migrazioaren eta hizkuntza minorizatuen berreskuratze prozesuen gurutzaketa. Ahots horiek jasotzea ezinbestekoa da harrera egokia planifikatzeko.

Jardunaldien helburua, esan bezala, gaiaren inguruan gogoeta egitea da, baina, horrez gain, hizkuntza harrera egokirako protokoloa eta politika publikoak diseinatzeko zumeak jartzea.

Nori zuzenduta daude?

Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, euskara eta migrazio teknikariei, hezkuntza formal eta ez-formaleko hezitzaileei eta gizarte mugimenduetako kideei zuzenduta egongo dira, baita gaian interesa duen edonori ere.


EGITARAUA

Urriaren 10a, osteguna

09:30-10:00 Harrera eta agurrak.

  • Idurre Eskisabel Larrañaga – Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
  • Aitor Aldasoro Iturbe – Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea

10:00-11:30 Migrazioaren kokapena. Nortzuk ditugu euskal herritar berriak?

  • Arkaitz Fullaondo Elordui-Zapaterietxe –  Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikerlaria eta EHUko irakaslea
  • Eguzki Urteaga Olano – Soziologoa, EHUko irakaslea

11:30-12:00 Atsedenaldia: Kafe-etena.

12:00-13:00 Euskarak ematen al du aterperik? Solasaldia.

  • Laura Penagos Rodriguez – Kolonbian jaioa. 2008tik bizi da Euskal Herrian
  • Celeste Agüero – Argentinan jaioa. 2018tik bizi da Euskal Herrian
  • Ruth Pizarro Cuellar – Bolivian jaioa. 2023tik bizi da Euskal Herrian
  • Ruba Hassan – Sirian jaioa. 2014tik bizi da Euskal Herrian

13:00-14:00 Hizkuntza harrera egokirako zumeak jartzen.

  • Onintza Olaizola Aristi – Euskaltzaleen Topaguneko Hizkuntz aniztasun arloaren arduraduna
  • Mari Jose Arrieta Sagarna – Bilboko Udaleko Euskarako zuzendaria
  • Itziar Eizagirre Irureta – Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza eskubideak eta Kultura demokratikoko teknikaria

14:00-15:00 Bazkaria.

15:00-16:30 Etorri zirelako gara. 50-70 hamarkadetako immigrazioa eta euskararen biziberritzeari egindako ekarpena.

  • Xabier Aierdi Urraza – Soziologian doktore eta EHUko irakasle jubilatua
  • Belen Uranga Arakistain – Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren koordinatzailea

Urriaren 11, ostirala

09:00-10:15 Urretxuko Harrera Eremua: harrera herri baterako orube parte hartzailea, eraikigarria, moldagarria, bizia eta bizigarria.

  • Beñat Zamalloa Akizu – Urretxuko Gazteria teknikaria

10:15-11:45 Hezkuntza harrera gune, euskara harrera gune.

  • Ruben Sanchez Bakaikoa – Gasteizko Alde Zaharreko eta Anhitzakeko dinamizatzaile ohia
  • Aitor Barriocanal Marquinez – Goian Elkartea, Gasteizko Alde Zaharreko proiektu hezitzailea
  • Egoitz Urrutikoetxea Laskibar – Seaskako pedagogia zuzendaria
  • Yasmine Khris – LABA kidea
  • Arantxa Caminos – Lantxotegi Elkarteko langilea, Kabia Programan komunitate hezitzailea

11:45-12:15       Atsedenaldia: Kafe-etena.

12:15-13:00        Gure hitzak. Nola izan harrera herri euskalduna?

  • Leire Amenabar Larrañaga – Gizarte psikologian doktoregaia EHUn

13:00-14:00 Helduen euskalduntze-alfabetatzearen ardatzekotasuna.

  • Aize Otaño, AEKko ordezkaria

14:00 Amaiera.

ONGI ETORRI EUSKARAREN MUNDURA
Sakatu kartela handitzeko.