Hezkuntza akordioa hobetu behar da
EAEko Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztu dute gaur Legebiltzarrean. Hezkuntza lantaldeko presidenteak prestatu du txostena, alorreko ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondoren. Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 21ean aurkeztu zuen Legebiltzarrean bere ekarpena, bai eta hezkuntza-komunitate eragile nagusienekin hizkuntzaren esparruan adostutako eskaera ere.
Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna hobeki zehaztu
Legebiltzarreko lan-taldeak aurkeztu duen txostenean euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren alde egiten du. Lehen balorazioan, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du kontzeptu horrek kezka sortzen diela. «Kontua da akordioan bertan jasotzen dela, egun, euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztunadela. Ondorioz, ez zaigu argi geratu ea proposatzen den sistemak zer-nolako aldea duen egun indarrean dagoen sistematik. Hau da, ea egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez» azaldu du Bilbaok. Izan ere, ez du zehazten zein ondorio zehatz duen euskara sistema eleaniztunaren ardatza izateak, eta Kontseiluaren arabera, hor dago akordioaren edukiaren muina.
Arrazoi horrengatik, Kontseiluko eledunak akordioarekin lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat deritzo hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzeari: «Ez du zentzurik egun indarrean dagoen sistema etorkizunekoaren berdina izateak. Horrexegatik, uste dugu hitzarmenean berariaz jaso behar dela hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela» azaldu du.
Bilbaok gogoratu du proposamen hori adostasun zabalaren emaitza dela. «Esan genuen eta halaxe berresten dugu, hitzarmenak jasotzen dituen elementu nagusienei dagokienez, ez dela egongo horrenbesteko adostasunik izango duen punturik. Horrexegatik, hizkuntza-ereduen korapiloa askatzeko lortu genuen askotariko eragile garrantzitsuenek bat egitea» azaldu du. Eta, beraz, hitzarmenean eskaera hori berariaz agertu beharra aldarrikatu du.
Elementu interesgarriak
Bilbaoren arabera, Legebiltzarreko taldeak aurkeztutako proposamenak baditu kontuan hartu beharreko hainbat elementu. «Egia da, bai, euskararen ikaskuntza-prozesuari buruzko gako asko jasotzen dituela dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituzten gakoak, hizkuntzen trataera… Are gehiago, interesgarria da Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera ere» adierazi du Kontseiluko eledunak.
Hori horrela izanik ere, horiek guztiek atzean ikasteredu orokortuaren planteamendua beharrezko dutela erantsi du Bilbaok. «Hezkuntza-sistema ziklo berri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzaren esparruan ere anbizioz jokatzea, jauzia egitea» esan du.
Adostasun soziala berariaz jasotzeko eskaera
Horregatik guztiagatik, Kontseiluko eledunak dei egin die alderdiei akordioa hobetu dezaten, eta etorkizuneko belaunaldiak euskaldun eleaniztunak ekarriko dituen ikasteredu orokortua oinarri izatea: «Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago ematea. Horregatik diogu, oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena, eta lehen akordio honek hori jaso beharko luke. Egun dagoen ereduen sistema gainditu behar dugu etorkizunean» adierazi du.
Bilbaok gogoratu du abenduaren 16an Gasteizen, hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak aurkeztu zutela aldarri hori. Proposamenarekin bat egin zuten Ikastolen Elkarteak, EHIGE guraso elkarteen federazioak, Kristau Eskolak, HEIZE zuzendarien federazioak, Hik Hasik, eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. Abenduaren 21ean, Paul Bilbao Legebiltzarreko batzordera aditu gisa gonbidatu zuten eta bertan proposamena defendatu zuen.
«Ezin diote muzin egin hezkuntza-komunitatearen gehiengoak egindako eskaerari. Ezin diote muzin egin horrelako adostasun zabalari. Ezin diote muzin egin hizkuntzaren korapiloa askatzeko askotariko eragileek mahai gainean jarri duten aukerari. Zinez uste dugu, argi dugu orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea, eta horixe eskatu nahi diegu alderdiei. Orain da unea. Bestela, aukera galdu bat izango litzateke» gaineratu du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.
Iruzkinik ez "Hezkuntza akordioa hobetu behar da"