Itunak hezkuntzaren gehiengoaren eskaria jaso behar du

2022(e)ko otsailak 18 Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseiluak gaur aurkeztu ditu otsailaren 8an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko batzordeburuak helarazitako Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien txostenaren zirriborroa izeneko txosten-proposamenaren zuzenketak.

Hamazortzi zuzenketa aurkeztu ditu euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte erakunde batzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluak bi multzotan sailkatuta. Lehenik eta behin, hezkuntza komunitateko eragile nagusienekin adostutako Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi adierazpenari lotutako bi ekarpen, eta bestetik, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena oinarri gainerako hamaseiak.

Eragileen adostasunari ezin zaio muzin egin

Ekarpenen dokumentuan, Kontseiluak azpimarratu nahi izan du abenduaren 16an EHIGE, EHko Ikastolak, HEIZE, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB eta STEILAS eragileek, Kontseiluarekin batera, ekarpen bateratua aurkeztu zutela eta horren berri eman zuela Kontseiluko idazkari nagusiak abenduaren 21ean Eusko Legebiltzarrean. Kontseiluaren iritziz, egun, eragile sozialen, sindikalen eta euskalgintzaren aldetik ez da lortuko horrelako adostasunik hitzarmenaren beste edozein puntutan. Horrexegatik, hezkuntzaren gehiengoaren eskaerak oinarrien zirriborroan jaso ez izana, harriduraz ez ezik, kezkaz ere hartu du Kontseiluak.

Horrela, aipatutako eragileek adostutako adierazpena bi ekarpenetara ekarri du Kontseiluak. Lehenaren arabera hitzarmenak jaso beharko luke orain dela momentua aurrera egin eta hizkuntza-ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko. Bigarrenak, aldiz, hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela jasotzeko eskatzen du. Gizarte eragileen ahotsa jasota egongo bada, beharrezkoa da hizkuntzaren gaian eragile garrantzitsuenek lortutako adostasunaren ondorioak jasotzea. Adostasun ikaragarri handia dago ekarpen horien atzean, eta ezin zaio muzin egin.

Belaunaldi berri euskaldun eleaniztunak

Eragileekin adostutako bi ekarpen horiez gain, Kontseiluak beste hamasei ekarpen egin dizkio dokumentuari. Horietan guztietan oinarri izan da 2008an hezkuntzako eragile nagusienekin jorratutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena. Kontseiluaren irizpidez, txostenak zenbait zehaztapen falta zituen, eta horiek osatzera datoz aurkeztutako ekarpenak. Zehazki, beharrezkoa da testuan hainbatean agertzen den euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan jasotzea, baldin eta hizkuntza-berdintasuna helburu izango duen legea idatziko bada. Hartara, egun dagoen zirriborroa hobetzeko zenbait ekarpen jaso ditu Kontseiluak dokumentuan.

Bukatzeko, Kontseiluak dei egin die alderdiei hurrengo legearen oinarri izango den hitzarmenean ikasle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeari lehentasuna ematea, inor atzean utzi gabe. Aukera ikaragarria zabaldu da EAEn justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren alde egiteko. Eta hori guztia ez da etorriko ikasleak hizkuntzaren arabera bereizten jarraitzen bada. Gutxiago duenari gehiago emanez eta eragileen adostasuna ardatz, belaunaldi berri euskaldun eleaniztunak lortzeari dagokion garrantzia ematea eskatu du Kontseiluak.