Aurre-matrikulazioari begira, etorkinei zuzendutako kanpaina abiatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen Elkarteak
Apirilean irekiko den 2021-2022 ikasturterako aurre-matrikulazio aldiari begira, Nafarroan bizi diren etorkinak D ereduan matrikulatzeko kanpaina abiatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen Elkarteak. Antsoaingo Kultur Gunean egin den agerraldian azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak, eta babesa eskaintzen izan da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbao.
Ikasleak erdigunean kokatuko dituen hezkuntza eredua aldarrikatu dute bi eragileek, hizkuntza funtsezko eta oinarrizko irizpide dela adieraziz. «Hizkuntza-ereduen sistema zein PAI bezalako programak ezartzen ari zaizkigun honetan, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea defendatzea eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egitea behar-beharrezkoak direla» adierazi du Marta Diezek, Sortzen Elkarteko koordinatzaileak. Beraz, euskararen aldeko hautua egiteko deia luzatu nahi izan diete eragileek Nafarroan bizi diren etorkinei.
Bide horretan, bi ekimen nagusi izango ditu kanpainak. Alde batetik, etorkin taldeek beraien komunitateari bideratutako ikus-entzunezkoak egingo dituzte; bestetik, etorkinek D ereduaren inguruan izan ditzazketen zalantzak argitu asmoz, mahai-ingurua egingo da martxoaren 17an. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta Antsoaingo Kultur Gunean bertan zein online jarraitzeko aukerarekin, honako hizlari hauek jardungo dute:
-Paula Kasares (Soziolinguista eta NUPeko irakaslea)
-Richard Weyndling (Formatzailea eta Ingeles irakaslea)
-Txaro Etxetxipia (D ereduko irakasle erretiratua)
-Maria Lopez (Neurozientzian doktorea, terapeuta eta haurren burmuinaren garapenean espezializatua)
-Iñaki Eizmendi (Gizarte langilea)
Iruzkinik ez "Aurre-matrikulazioari begira, etorkinei zuzendutako kanpaina abiatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen Elkarteak"