«Diputatuen Kongresuak aukera izango du gaur demokraziaren alde urrats berri bat egiteko»

2021ko martxoaren 09a Iruzkinik ez

Gaur eztabaidatuko da Madrilgo Kongresuan berezko hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena. Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. Gaur, EH Bilduren ekimenez iritsiko da Kongresura, arratsaldeko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. 

Horren atariko, agerraldia egin dute Madrilgo Kongresuan euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko honako eragileek: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua. Madrilgo Kongresuaren atarian elkartu dira. Izan ere, 2020ko otsailean alderdiekin elkartu ziren bertan, eta hizkuntzen berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa eskatu zitzaien. Horren emaitza da gaur diputatuen hemiziklora iritsiko den Legez Besteko proposamena. Horregatik ere argazkira gerturatu dira Legez Besteko proposamena babestu zuten alderdietako batzuk: EAJ, EH Bildu, Podemos, ERC, Junts per Catalunya eta CUP.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak azpimarratu du demokraziaren alde egiteko aukera aparta izango dutela alderdiek. «Diputatuen Kongresuak aukera izango du demokraziaren alde urrats berri bat egiteko. Gaurko eztabaidaren muina hor kokatzen baita: gizarte demokratikoagoa, berdinzaleagoa eta justuago bat eraikitzearen alde egitean». 

Otsaileko bilkuran, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa egokia eta justua bermatzeko neurriak eta urratsak eskatu zizkieten eragileek alderdiei, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu zitezen. Horretarako, Hizkuntza-aniztasuna: Askatasuna, berdintasuna eta demokrazia dokumentua aurkeztu zitzaien, gaur eztabaidatuko den Legez Besteko Proposamenaren oinarria izan dena.

Bilbaok gogoratu du inoiz baino beharrezkoagoa dela Legez Besteko Proposamenaren onarpena. Izan ere, Espainiako Gobernuak bizkar eman die ostera ere Europako Kontseiluaren gomendioei, Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsita izan arren. «Horrek argi erakutsi du beharrezkoa dela egiturazko aldaketa, baldin eta estatuak berak berretsitako ituna beteko badu».

Horregatik, «gaur demokrazia, berdintasuna eta justizia jokoan daudela esan behar dugu, eta parametro horiek bere egiten dituzten alderdiek ezin dute hutsik egin», ziurtatu du Bilbaok. «Ez dugu bigarren mailako herritarrak izan nahi».

Arratsaldeko eztabaida jarraituko dute eragileek elkarrekin Kongresutik.