Hezkuntza Legeak hizkuntza-eredua zehaztu behar du
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza-lege aurreproiektuaren zirriborroaren lehen azterketa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta horren gaineko irakurketa orokorra plazaratzea erabaki du.
Helburua bai, bidea ez
Hezkuntza-hitzarmenaren eztabaidan egin bezala, Kontseiluak positibo baloratzen du Legeak berariaz jasotzea zein diren ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako: «Alde horretatik, beraz, egokitzat jotzen dugu legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Halere, kezkatu gaitu legea horretara mugatzea. Alegia, horra iristeko euskal hezkuntza-sistemak ez du zehazten zein hizkuntza-ereduri jarraituko dion» azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Izan ere, lege-zirriborroak behin eta berriro azaltzen du euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna bultzatzen dela, baina ez da zehaztapenik egiten sistema horren hizkuntza-eredua zein den: «euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna berresten du lege-zirriborroak, baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez» esan du. «Hasieratik eskatzen ari gara zehaztapen hori, alegia, hurrengo urteetako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-eredua ezar dadila, horrek zerikusi zuzena izango duelako belaunaldi berri euskaldunak lortzearekin» gaineratu du Bilbaok.
Hitzarmeneko elementuak berariaz jasotzeko eskaera
Eusko Legebiltzarrak martxoan onartu zuen hezkuntza-hitzarmenarekin alderatuz gero, orduko bertsioak bere egin zituen berrikuntza interesgarriek ez dute islarik izan aurkeztu berri den lege-zirriborroan. Horrela, Kontseiluak hitzarmenaren balorazioa egin zuenean positiboki hartu zuen, esaterako, bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzea. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan: «Tamalez, eredu inklusibo orokortua ez da modu esplizituan jasotzen legean. Aitzitik, une oro esparru eleaniztuna jasotzen du, eta modu horretan lausoegia geratzen da, gure ustez, hizkuntzaren afera. Adierazi genuen hitzarmenak garapen desberdinak izan ditzakeela, baina hizkuntzaren eremuan ez ditu elementu indartsuenak jaso».
Horrekin batera, badira hitzarmenak jaso eta Legeak ere bere egin beharko lituzkeen bestelako elementuak, esaterako, euskara lehenetsi egingo dela hezkuntza-sistemaren baitan, hezkuntza jarduerak zein harreman profesionalean, edota euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartzea, hizkuntza-gaitasunaz harago euskal kulturaz jabetu beharra… Horiek denak ez ditu bere egin aurkeztutako lege-zirriborroak.
Aldiz, hezkuntza-hitzarmenaren balorazioa egin zenean sortutako kezka batzuek bere horretan jarraitzen dute lege-zirriborroan. Berriz ere jasotzen da hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela, eraginkortasuna areagotzeko. «Gure ustez, beharrezkoa da zehaztea hizkuntza-proiektuak zein hizkuntza-ereduren gainean eraikiko diren. Are gehiago, euskalgintzak, gehiengo sindikalak eta hezkuntza komunitatearen gehiengoak badu adostuta zein izan beharko litzatekeen eredu hori, hain zuzen ere, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen ikasteredu orokortu inklusiboa» adierazi du, «datuek erakusten baitute euskara irakas-hizkuntza duen eredua dela ikasleek hizkuntza-gaitasun egokiak eskuratzeko arrakastatsuena».
Ekarpen integrala
Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko gizarte eragile garrantzitsuenak biltzen dituen erakundea, hezkuntza-legeari begirako ekarpen integrala jorratzen ari da. Ekarpenean hainbat esparru nola jaso beharko liratekeen proposatuko du: «Hezkuntza-sistemaren helburuak; Ikasleen eskubideak; Curriculuma; Hizkuntza-eredua (printzipioak, langileen hizkuntza-gaitasuna, irakasleen prestakuntza); Ikastetxeetako hizkuntza-proiektua; Ebaluazioa; Ikastetxeetako hizkuntza-jarduna; Euskararen herriko beste lurraldeekiko lankidetza… Etorkizuneko hezkuntza ardaztuko duen legeak integrala izan behar du, eta, gutxienez, esparru horiek guztiak arautu behar dituelakoan gaude». Horrela, Kontseiluak proposamen hori Euskaraz Hazi Berdintasunean Hezi dinamikarekin bat egin zuten eragileekin partekatu, eta adostasunak eraikiko ditu elkarrekin eragiteko.
Iruzkinik ez "Hezkuntza Legeak hizkuntza-eredua zehaztu behar du"