Hezkuntzaren egoera Euskal Herrian: azterketa eta premiazko proposamenak

2023ko irailaren 06a

Hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten berreskuratze, normalizazio eta biziberritze prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da. Azken hamarkadetan euskararen normalizazioan egin diren urratsen zutoin garrantzitsuenetakoa hezkuntzatik egindako ekarpena izan da dudarik gabe, ezagutza belaunaldi berriei transmititu eta jendarteko geruza askotarikoetara hedatu gabe nekez ematen baita beste pausurik.

Azkenaldian hainbat dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan bultzatzeko hizkuntza politiketan jauzi bat ezinbestekoa dela adierazten diguten datu, gertakari, egitate eta etorkizunera begirako joerak, eta hezkuntza ere ez dago behar horretatik aparte. Hori dela eta, ikasturte berria hasten ari den honetan, hezkuntza arloan eman beharreko jauziaren inguruko gogoeta plazaratu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Gainerako eremuetan bezala, hezkuntza bidezko hizkuntza-politikak –hezkuntza arloan aplikatzen direnak zein hezkuntzaren bidez aurrera eramaten direnak– desberdinak dira Euskal Herria banatzen duten hiru eremu administratiboetan. Ondorioz, hiru errealitate desberdin ditugu hezkuntzan hizkuntz auziari eta euskararen normalizazioari dagokionean. Hala ere, aldeak alde, hiruretan ezinbestekoa da jauzi bat egitea egungo egoerari eta etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoa: hezkuntzak euskara gehiago behar du

Hastear den ikasturteak gertakari garrantzitsua dakar berarekin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: Hezkuntza Lege berriaren Legebiltzarreko eztabaida. Ia bi urteko prozesu luzearen emaitza da eztabaida hori, eta bide horretan izan den mugarri bakoitzean Kontseiluak egin ditu bere ekarpenak eta bere balorazioa, beti ere helburu bat ipar hartuta: gaur egungo testuinguruan hezkuntza euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako egiazko motorra izan dadin legeak ezinbesteko dituen elementuak identifikatu eta proposatzea. Gainera, ariketa hori ez du bakarrik egin, baizik eta hezkuntza arloko eragile nagusiak lagun hartuta.

Izan ere, egia da azken 40 urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazio eta biziberritzean egin diren urratsen berme handienetakoa hezkuntza sistema izan dela. Iazko matrikulazio datuen arabera derrigorrezko hezkuntzako ikasleen ia hiru laurden dira D ereduan ikasten dutenak (proportzioak %80 gainditzen du haur hezkuntzan). A ereduan ari direnak –euskara ikasgai huts dutenak– %5 inguru dira ikasketa maila guztiak aintzat harturik (haur hezkuntzan %3tik behera jaisten da). Orokorrean harturik, esan liteke egun EAEn derrigorrezko mailetan eskolaturiko ikasle ia denek dutela euskararekin harremana, kasu batzuetan gutxienekoa bada ere.

Eta hala eta guztiz ere, datu soziolinguistikoek argi adierazten dute euskararen ezagutzan aurreratutako horrek ez duela zuzenki eragiten erabileran. Hau da, eskolaren testuinguruan eskuratutako gaitasunak ez direla hizkuntza praktiketan eta erabilera sozialean ispilatzen. Beste era batera esanda, gutxitutako hizkuntza batek ezagutzaren transmisiotik haragoko indargarriak behar dituela jendartean bere lekua berreskuratzeko eta normalizazio egoera batera hurbiltzeko. Euskalgintzak ez ezik, hezkuntza komunitatearen zati zabal batek adierazitako gogoeta eta kezka da arestian agertutakoa.

Gainera, kezka orokor horren pean euskararen normalizazioan aurrera egingo bada, berrikusi eta zuzendu beharreko hainbat egitate eta gertakari biltzen dira, zenbait ikerketak agerian utzi dituztenak eta hezkuntza komunitatean ageriko gertatzen zaizkienak. Batetik, beren derrigorrezko ikasketa ibilbide guztia D ereduan egindako hainbat ikaslek ez dutela iristen bizimoduko arlo guztietan euskaraz eroso aritzeko adinako gaitasuna. 2021eko ISEIren Ebaluazio Diagnostikoaren arabera, LH4n ikasleen %37,8k eta DBH2n %54,4k ez du elebitasun helburua lortzen; hau da, milaka haur eta gazte euskara gaitasun nahikorik gabe uzten ditu gaur egungo hezkuntza sistemak. Logikoa denez, euskararen ikuspegitik zenbat eta eremu soziolinguistikoki zaurgarriagoan egon, zailtasuna handiagoa da gaitasun hori eskuratzeko.

Zaurgarritasun hori tarteko, D eredu horietako hainbatek zailtasunak dituzte egiazko D eredu izateko. Horri erantsi behar zaio zenbaitetan zaurgarritasun soziolinguistikoa eta zaurgarritasun sozioekonomikoa batera gertatzen direla, ikasle askoren euskaraz jabetzeko aukera nabarmenki apalduz. Euskal Herrira iritsi berri diren ikasleen kasuan are eta nabarmenagoa da arrakala: hizkuntzaren ikuspegitik harrera politika egokirik ez dagoenez, A eredura bideratzen dira haietako asko, eta B eta D ereduetara bideratzen direnean ez zaizkie euskaraz jabetzera iristeko behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzen.

Era berean, egungo bizimoduaren digitalizazio eta globalizazioak zuzeneko eragina dute hizkuntzekin dugun harremanetan eta hizkuntza praktiketan, batik bat, haur eta gazteen artean. Joera da hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago egiten ari direla, eta gutxituak are eta gutxituago. Testuinguru honetan euskarak, osterantzeko hizkuntza gutxituek bezala, politika publiko indartsu eta ausartak behar ditu datozen hamarkadetan bizirik eta noranahiko iraungo badu.

Hori guztia eta orain arteko esperientzia eta datuak aintzat harturik, EAEn Hezkuntza Lege berria osatzeko prozesuan Kontseiluak argi adierazi du zein den ikasleak euskaraz jabetzera eramango dituen bidea: euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea. Hiru elementu horiek, gainera, muineko joera batek gidatuta: euskara gutxien duenari gehiago ematea; hau da, euskararen araberako zaurgarritasun soziolinguistikoa aintzat hartu eta behar diren baliabideez lantzea.

Horrenbestez, joan den apirilaren 25ean Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako lege proiektuan Kontseiluak ikusi ditu egokiak diren alderdiak –ikasleen euskara eta gaztelania irteera profila B2an zehaztea edota ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua osatu behar izatea, kasu–. Zoritxarrez, kezkak gaina hartu dio, ordea. Izan ere, helburuak zehatzak diren arren haietara iristeko bidea erabat lauso dago legean. Horren adibide, lege proiektua hitzartu zuten alderdiak ados ezin jarririk dabiltzala testuak hizkuntza ereduei buruz jasotzen duena irakurtzean.

Finean, Kontseiluak argi du EAEko Hezkuntza Lege berriak zehaztasun gehiago behar duela, hain zuzen ere, euskara gehiago izan dezan. Eta, batik bat, euskara gutxien dutenek gehiago izan dezaten. Lege egitasmoaren gaineko eztabaida abian da Legebiltzarrean eta ikuskizun da zer gertatuko den. Baina lege proiektuaz harago, proposamen hori onartu edo ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak jauzi bat behar du hizkuntza-politikaren ikuspegitik: euskara gehiago behar du eta, arestian azpimarratu bezala, gutxien duenari gehiago eman behar zaio.

Nafarroa: hesitutako eremua gainditu beharra

Nolanahi dela, Euskal Herria banatzen duten hiru eremu administratiboen artean EAE da euskarari aitortutako estatusean eta haren aldeko hizkuntza-politikak egiteko gaitasunean egoera onenekoa eta, ondorioz, beste horrenbeste gertatzen da hezkuntzan euskararen ikuspegitik.

Izan ere, Nafarroan 1986tik legez bereizitako hiru eremuetako bakarrean da ofiziala euskara, eta horrek eragin nabarmena du hezkuntzan eskaintzen diren eta egiten diren hizkuntz hautuetan. “Eremu euskaldun” izendatuan ikasleen gehiengo handia da D ereduan ari dena eta, aldiz, “eremu ez-euskaldun” izendatuan ehuneko oso txiki bat baino ez. Hau da, zonifikazioak eta haren bidez ezarritako arau eta oztopoek aurretiazko joera soziolinguistikoa indartu ez ezik, elkarren artean gero eta urrunago dauden errealitate eta bizipenak sortu dituzte Nafarroaren baitan.

Herrialdea osotasunean hartuta, iaz derrigorrezko hezkuntzan eskolaratuta zeuden ikasleen %63 G ereduan ari ziren; hau da, euskararik ez zegoen haien ikas programetan. %24 ziren D ereduan ari zirenak eta %13 A ereduan (euskara ikasgai huts zutela). Derrigorrezko hezkuntzako datuak mailaka aztertuz gero, euskara aintzat hartzen duten ereduen hautua hazi egiten zen: Haur Hezkuntzan %51,34 ziren G ereduan ari zirenak, %28,45 D eredukoak eta %20 pasatxo A eredukoak. Aurten eskolan hasi direnen matrikulek ere iazko Haur Hezkuntzako datuek islatzen dutena errepikatzen dute: %30era hurbilduko da D ereduko matrikulazioa, %18 inguruan kokatuko da A eredukoa, eta, horrenbestez, %52 G ereduan eskolaratuko da, hau da, euskara erabat ezabatuta daukan ereduan.

Kontseiluak kezkaz hartzen ditu datuok. Izan ere, euskara ardatz duen irakats-ereduak, D ereduak, urteak daramatza %30era hurreratzen den langa hori gainditu ezinik geratuta. Arrazoiak hainbat. Batetik, PAI ereduen bidez eragin den galga. Eredu horietan gaztelera ez ezik ingelesa (edo atzerriko beste hizkuntza batzuk, frantsesa edo alemaniera, kasu) eskaintzen da irakats-hizkuntza gisa. Ondorioz, lehenago seme-alabei ohiko irakaskuntzatik haragoko gehigarri bat eskaintzeko helburuz D eredura jotzen zuten gurasoen multzoko askok PAIetara jo du, eta gehigarri hori emateko bide gisa beste hizkuntza batzuk hautatu. Gobernuen aldetik PAI ereduak indartu eta sustatu dira, gainera. Azken legegintzaldian, esaterako, atzera urrats handia egin da PAI eredurako irakasleen profileko postu berriak sortuz eta egonkortuz.

Bestetik, migrazioaren haritik bestelako errealitate bat sortu da, baina euskararen ikuspegitik ez da inolako harrerarik egiten; aitzitik, euskararik gabeko ereduetara bultzatzen dira Nafarroara ailegatu berri diren ikasle horiek.

Azkenik, 2016an 8 familiak hala eskatuz gero Nafarroa guztian D ereduak sortzeko aukera zabaldu bazen ere, helburu hori gauzatzeko garaian oztopoa baino ez dute jasotzen familia horiek Gobernuaren eta Administrazioaren aldetik, ia ezinezko bihurtzeraino, eta asmo hori izan dezaketen familiei aurretiazko ezina eta etsipena transmititzeraino.

Funtsean, euskalduntzeko gutxieneko baldintzak eskaintzen dituen eredua %30az beheitiko hesi horretan dago trabatuta, eta euskararekin inolako harremanik izango ez duten ikasleak erdia baino gehiago dira, %52. Egoera horretan, premiazko bi neurri ezinbestekoak direla uste du Kontseiluak: batetik, D eredua %30eko hesitutako eremu horretara kateatzen duten baldintzak aldatu eta eredu hori zabaltzeko sustapen politikak abian jartzea. Bestetik, Nafarroan eskolatzen diren haur guztiei euskararako bidea eskaintzea. Izan ere, ezagutzen ez dena nekez estimatzen da, eta are eta nekezago sentitzen da norberarena.

Ipar Euskal Herria: ofizialtasun eta ezagutza ezaren ajea

Nafarroan %52 badira orain eskolaratu eta hezkuntza sistemako ibilbidea euskararekin harremanik eduki gabe egingo dute ikasleak, kopuru hori %57koa da Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Hau da, erdia baino puska bat gehiago. Lehen mailetan euskara irakats-hizkuntza nagusi duten ereduetan ariko direnen ehunekoa are eta apalagoa da: %14,8. Gainera, ehuneko horretatik zati bat baino ez da mugiltzean ariko dena, hots, Seaskako 2.638 ikasleak. Beste 1.157k ere euskara izango dute irakats-hizkuntza zentro publiko zein pribatuetan, baina ikasgelaz kanpoko eskola bizitzan ez dute bermatuta euskara izango dutenik hizkuntza nagusia. Azkenik, eredu elebiduna hautatu dutenak %27,2 inguru dira. Esan bezala, gainerakoek ez dute euskararekin harremanik izango. Egoera are eta okerragoa da bigarren hezkuntzan: ikasleen %21 pasatxo dira –murgiltzen eredua, elebiduna zein euskara ikasgai dutenak batuta– ikasgeletan euskara jasoko dutenak.

Dudarik gabe, ofizialtasunik eza lasta handia da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarazko ereduetan aurrera egiteko, eta hezkuntza bidezko transmisioaren bidez euskararen normalizazio eta biziberritzean eragiteko. Ofizialtasunik ezak berarekin dakar aldian aldiko gobernu eta erabakien menpe jardun behar duela euskarazko irakaskuntzak; hots, epe luze eta eragin eremu zabaleko hezkuntzaren euskalduntzea planifikatu eta gauzatu ezina. Ofizialtasun ezak berarekin dakartzan erakusgarri argienetako bat da euren hezkuntza ibilbidea murgiltze ereduan aurrera eraman duten ikasleek epealdi hori burutzeko azterketa, Baxoa, frantsesez egin behar dutela. Are, joan den udaberrian lortu zen bigarren hezkuntzako trantsizioa markatzen duen Brebeta azterketa euskaraz egitea Seaskan eskolaratutako ikasleek, borroka luzearen ostean.

Baina, horrez gain, ofizialtasun ezak ezarririko trabak dira sare publikoan irakaskuntza hizkuntza nagusi euskara duten lerroak zabaltzeko gainditu behar izaten diren oztopoak, hezkuntza sistemako estamentuen artean baimen lasterketa gogorra pasa behar baita.

Gauzak horrela, Kontseiluaren iduriko ezinbestekoak dira lehentasunezko neurri batzuk: hala nola, Baxoa euskaraz egiteko aukera eta, baita ere, Seaskaz besteko sareetan euskara ardatz dutela ari diren ikasleek Brebeta zein Baxoarekin posibilitate hori izatea. Halaber, sare publikoan euskarazko ereduak zabaltzeko trabak ezabatzea. Eta, orokorrean, euskara ikasle guztien eskura jartzeko epe luzeko eta hedadura zabaleko politikak abiatzea.