Berezko hizkuntzak desagerrarazteko estrategia salatu du Kontseiluak

2021ko azaroak 24 Iruzkinik ez

Atzo kaleratutako erabakiaren bidez, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Kataluniako Generalitateak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren (TSJC) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa. Epai horren arabera, eskolen % 25, gutxienez, gaztelaniaz eman behar da. Ondorioz, ikasleen arteko segregazioa saihesteko Katalunian ezarritako hizkuntza-ereduaren oinarriak hautsi nahi dira.

Estrategiaren beste katebegia

Euskalgintzaren Kontseiluak erabaki oso larria dela uste du, baina, tamalez, azken urteotan botere judizialak abian jarritako estrategiaren barruan kokatu du: «Esaten ari gara botere judiziala berezko hizkuntza-komunitateen eskubideen aldeko ekimenen kontra ari dela, behin eta berriro, hizkuntza-politika egiten ari dela, eta erabaki honek jarrera hori berresten du. Are gehiago, Kataluniari dagokionez, aspaldidanik izan du jomugan bertako eredu orokortu inklusiboa» esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Kontseiluaren arabera, inertzia politikoak bultzatutako estrategia dela ez dago zalantzarik. Izan ere, Kataluniako eredua abian jarri zenean, orduan ere saiatu ziren bertan behera uzten. Baina Auzitegi Konstituzionalak berak berretsi zuen ereduaren legezkotasuna, sistemak betebeharra duelako derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleek hizkuntza ofizialetan gaitasun egokiak izan ditzaten. «Urteetan legezkoa izan dena, legez kontrako bihurtu izanak erakusten du erabakiak ez duela oinarri juridikorik. Are gehiago, berriki onartutako LOMLOE legearen arabera autonomia-erkidegoei aukera zabal dakieke irakas-hizkuntzaren inguruko erabakietan. Beraz, argi dago Auzitegi Gorenak Damoklesen ezpata baliatu nahi duela» gaineratu du Bilbaok.

Europan ere eredugarri

Euskalgintzaren Kontseiluak betidanik txalotu du Katalunian hezkuntzaren eremuan hartutako erabakia. Ikasleen arteko segregazioa saihesteko, hizkuntza-konjuntzioaren ereduaren alde egin zuten, hizkuntza-separatismoaren eredua baztertuz. Hau da, hizkuntza-ereduetan oinarritutako sistema segregatzailea baino, ikasleen inklusioa bermatzeko ikasteredu orokortua abian jarri zuten. Eta ez dago zalantzarik horrek lagundu egin diola bizikidetzari.

«Are gehiago, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ebaluazio guztietan Adituen Batzordeak goraipatu izan du Kataluniako eredua bizikidetzari eta ikasleen arteko berdintasunari egiten dien ekarpenarengatik. Hartara, Auzitegiaren erabakiak hizkuntza-ghettifikazioa, bereizkeria eta diskriminazioa eragiteko helburua besterik ez du. Beti ere, egoera gutxituan dagoen hizkuntza desagerrarazteko estrategiaren barruan» salatu du.

Instituzio eta eragileen jarrera txalogarria

Kontseiluak txalotu nahi izan du erabakiaren berri eman zen unetik bertatik, instituzio, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile nagusienen erantzuna eta irmotasuna. «Oso argi erakutsi dute Kataluniako lagunek haien eredua defendatzeko prest daudela, etsiko ez dutela, eta gizartearen babesa duen hezkuntza-ereduarekin jarraituko dutela. Eta horrexegatik, Euskal Herritik babesa helarazteaz gain, bidegabekeria horren bozgorailu izango garela adierazi diegu bertako eragileei» esan du Kontseiluko eledunak.

Ikasteredu orokortua bermatzeko beharra

Azkenik, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragile nagusiak biltzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu nahi izan du Euskal Autonomia Erkidegoan ere zabaldu berri dela hezkuntzaren legearen inguruko eztabaida. Paul Bilbaok azaldu du hezkuntza-komunitatearen eragile nagusiek, Kontseiluarekin batera, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena jorratu zutela ikasleen arteko hizkuntza-segregazioarekin amaitzeko. «Ekainean, Batuz Aldatu dinamikaren barruan ehundik gora eragile sozialek, sindikalek eta abarrekoek adostu genuen euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko ikasteredu orokortua ezarri behar dela. Inor bazterrean utziko ez duen eredua behar dugula, eta gutxien duenari gehiago emango diona. Gurean ere adostasun ikaragarri handia dago hezkuntzan jauzia egiteko» adierazi du Bilbaok.

Hori guztia kontuan hartuta batasunerako deia egin du Kontseiluko eledunak: «Aukera dugu Euskal Autonomia Erkidegoan ere hezkuntzan jauzia batasunetik egiteko. Katalunian bidea zabaldu zuten, oztopoak jartzen ari dira, baina oztopo horiek gaindituko dituzte. Hortaz, geu ere bide horri lotu behar gatzaizkio. Guztiok batera eginez gero, lortuko dugu. Orain da hezkuntzan jauzia egiteko unea» gaineratu du.