Bidegabekeriei erantzuteko, Baionako kaleak betetzeko deia egin du Kontseiluak
Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du maiatzaren 29rako Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek eta instituzioek deitu duten manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egin du.
Onartezina
Aurreko ostiralean esan bezala, Kontseiluak «onartezintzat» jotzen du Konstituzio Kontseiluaren erabakia. Frantziako Asanblean elebakartasunaren diskurtso zaharraren aurrean inoiz baino diputatu gehiago agertu direnean eman nahi izan dute kolpea. Gainera, Kontseilu Konstituzionalaren erabakia izan arren, Kontseiluak berretsi nahi du Gobernuko zenbait ordezkarik erabaki hori atera zedin sutsuki egin dutela lan.
Horri lotu behar zaio, gainera, legearen eztabaida saihesteko Macron presidenteak igande batez legea promulgatu eta egunkari ofizialean agerrarazi izana. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, «argi geratu da, Frantziako hizkuntza-jakobinismoa mugi dezaketen ekimenak geratzeko edozer egiteko prest daudela, bai eta gehiengo oso bati eztabaidarako aukera ukatzeko ere».
Denok batera bete ditzagun kaleak
Kontseiluak txalotu nahi du ostiralean eragileek eta instituzioek erakutsitako batasuna. Larunbaten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian esan bezala, inoiz baino garrantzitsuagoa da eragileak eta instituzioak batera joatea eta batasunetik eragitea. Horrela, hurrengo larunbatean Baionako kaleak bete behar dira, gizarteak horrelako bidegabakeriak onartzen ez dituela ikustarazeko. Halere, aldi berean, Konstituzio Kontseiluaren bidegabekeriari aurre egiteko estrategia bateratuak eraiki beharko dira.
Amaitzeko, Kontseiluak jakinarazi du Baionako manifestaziora bertaratuko den ordezkaritzan, besteak beste, Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbao eta Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubeka izango direla.
Iruzkinik ez "Bidegabekeriei erantzuteko, Baionako kaleak betetzeko deia egin du Kontseiluak"