Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa
Iraila iristearekin batera abiatu da ikasturtea. Martxan jarri dira ikasleak, irakasleak, ikastetxeetako gainerako langileak, gurasoak… Hezkuntza komunitatea bere osotasunean. Era berean, irailarekin batera abiatu da urte politiko berria, eta horrekin batera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eztabaidaren erdigunera etorri da atzera ere Hezkuntza Lege berria. Mintzagai izan dute agintari eta politikariek, eta Eusko Legebiltzarrean testu horren eztabaida abiatuko da berriro datozen egunetan.
Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz
Abagune hau baliatu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak lege horrek euskara gehiago izan dezan bermatu nahi duen sinadura bilketa abiatzeko. Izan ere, hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa. Euskararen normalizazio prozesua, berriz, ezinbesteko osagaia da milaka herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteaz gain, gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko. Laburbilduz, euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko.
Azken hamarkadotan urratsak egin dira euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da horien zutoin nagusietako bat. Baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas- eta irakats-hizkuntza duen eredutik. Beraz, euskarak behar du izan hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua. Halaber, euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria.
Eta, noski ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita.
Gogoeta, proposamen eta eskari hauek ez ditu Kontseiluak bere kasara eta bakarrik egin. Aitzitik, hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin egin du lanketa: sindikatuekin, irakaskuntza sareetako ordezkariekin, guraso elkarteekin, adituekin… Iazko abenduaren 3an hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 200dik gora aditu eta profesionalek sinatutako «Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz» adierazpena plazaratu genuen. Gaur, ikas-komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasle ditugu alboan, bai eta, orain arte bezala, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak ere.
Eta, orokorrean, sinadura bilketa honen bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei zabaldu nahi diegu hezkuntzak euskara gehiago behar duela adierazteko eta aldarrikatzeko bidea. Zehazki, hiru puntu hauek lege berrian berariaz jaso daitezen eskatuko zaie Eusko Legebiltzarreko kideei:
1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Laburbilduz, egungo testuinguruan eta egungo premiei erantzunez euskararen normalizazioan, –eta, horrenbestez, gizarte kohesioan eta bizikidetzan– sakontzea ekarriko duen lege baterako osagaiak jasotzea.
Sinadura bilketaren funtzionamendua
Sinadura bilketa hilabetez luzatuko da, irailaren 12tik urriaren 15era arte. 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute, bi modutara: presentzialki, sinatzeko jarriko diren mahaietan, zein www.euskaragehiago.eus webgunean online. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du eskaria, izen-abizenak eta nortasun agiria adieraziz. Paperean sinatzeko mahaiak ikastetxeetan, hezkuntzarekin lotutako ekitaldietan, herri eta auzoetan, zein bestelako espazio publikoetan jarriko dira.
Laguntzeko prest dauden boluntario, irakasle, langile, guraso zein ikasleei sinadurak presentzialki jasotzeko mahaiak antolatzeko eta kanpaina egiteko gonbita luzatu die Kontseiluak. Baliabide eta material guztiak www.euskaragehiago.eus webgunean topatu ahal izango dituzte, eta ondoren sinadura guztiak Kontseiluari bideratzeko modua aktibatuko da.
Sinatzeko epea bukatzerakoan, urriaren 15etik aurrera, sinadura fisikoak eta digitalak bateratu, errepikatutakoak ezabatu eta zenbaketa egingo da. Sinadura kopuru totalaren berri emango zaie hedabideei, bai eta Eusko Legebiltzarreko kideei eta bertako talde politikoetako arduradunei ere.