Senatuak murgiltze-ereduaren inguruan onartutako zuzenketak positiboki baloratu ditu Kontseiluak

2020ko abenduaren 11a Iruzkinik ez

Atzo Frantziako Senatuak izandako eztabaidaren karira, Kontseiluak positiboki baloratu ditu Frantziako Hezkuntza Kodean onartutako zuzenketak. «Otsailean, Frantziako Asanbleak jatorrizko lege-proposamena erabat kamustu zuela salatu genuen» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta jakitun ginen orduan onartutakoak «aldaketa gutxi ekarriko zuela», gehitu du. «Hartara, Frantziako Asanbleari berriz ere leporatu genion milaka herritarri bizkar emango ziola beste behin».
Legea senatura itzuli denean, baina, Euskal Herriko senatari Max Brissonek eta Frédérique Espagnacek egindako lana «positiboki baloratu beharrekoa eta zoriontzekoa» dela azpimarratu du Bilbaok. Izan ere, horien ondorioz, gurea bezalako hizkuntzetan murgiltze-eredua eskaintzen dutenen finantzazioa bermatzea eskatzen da, eta horrez gain, eskaera dagoen tokietan Estatuari hizkuntza horietan egiten den hezkuntza indartu beharra eskatzen zaio. «Kontuan hartuta hezkuntzak zein funtzio garrantzitsu betetzen duen hizkuntzaren normalizazio-prozesuan, urrats garrantzitsuak dira», ondorioztatu du Bilbaok.

Senatutik Frantziako Asanbleara
Senatutik Franziako Asanbleara itzuliko da apirilean berriz ere lege-proposamena eta, beraz, etorkizuna ez du segurtatua. «Hori horrela izanik ere, arrakala txiki bat zabaldu dela uste dugu. Frantziako egiturazko jakobinismo horretako egitura garrantzitsu batek gurea bezalako hizkuntzei aukera berriak zabaltzeko urratsa egin du» esan du Kontseiluko eledunak. Kasu hau aintzat hartuta, borondate politikoa jarri nahi izan du Bilbaok aurrera egiteko oinarrian: «Honek erakusten du borondatea egonez gero, badagoela aurrera egiterik». Eta Frantziako Asanblea izango da orain etorkizuneko giltzarri: «Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen sustapenean zabaldutako arrakalari lotzen ikuspegi horri jarraitzea urrats garrantzitsua litzateke».