EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoiaz ohartarazi du Kontseiluak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2016an Eusko Legebiltzarrean onartu zen Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legearen 6.2 artikulua auzitan jarri du, Espainiar Konstituzioak ezartzen duen gaztelera libreki erabiltzeko eskubidearen aurkakoa izan daitekeelakoan. Artikulu horretan udaletako aktak euskaraz jasotzeko aukera zehazten da.
Joera atzerakoiei segida
Kontseiluaren ustez, «azken boladan hainbat auzitegitatik, eta oro har botere judizialetik, aurrera garatzen ari diren joera atzerakoiei segida ematen die Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak». Aurtengo maiatzean Irungo udaltzaingorako lan-deialdietatik hizkuntza-eskakizunak atzera bota zituen areto beretik dator erabaki hau. Horrela, duela ia bi hilabete Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean burututako kontzentrazioan Kontseiluak ohartarazi zuen bezala, «botere judizialak, beste behin, bere eskumen bihurtu nahi du hizkuntza-politika, berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz».
Zentzun honetan, egungo marko juridikoaren irakurketa berritua egiten ari dela salatu du Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak, «jurisprudentziaren bidez euskaldunon (eta oro har egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetako hiztunen) eskubideak murrizteko».
Ofizialtasunaren printzipioaren aurka
Gertaera honi dagokionez, Kontseiluak uste du Auzitegiak planteatu duen aferak ofizialtasunaren printzipioaren aurka egiten duela, «gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berretsiko da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa». Auzitegiaren tesiek aurrera egitez gero, «agerian geratuko da hizkuntza ofizialak bi mailatan sailkatzen direla, gaztelania eta gainerakoak», eta hari horri tiraka, «lehen eta bigarren mailako herritarrak bereiztea bezala litzatekela», azaldu du Kontseiluko eledunak.
Iruzkinik ez "EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoiaz ohartarazi du Kontseiluak"