Eragileen aldarrikapenetik abiatuta, hamar alderdik Legez Besteko Proposamena sartu dute Diputatuen Kongresuan

2020ko abenduak 03 Iruzkinik ez

Otsailean, euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lan egiten duten eragileek bilera egin zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan hainbat alderditako ordezkariekin. Hizkuntza gutxituen egoera partekatzea izan zen bileraren xedea, eta sei konpromiso zehatz biltzen zituen Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia manifestua aurkeztu zitzaien. Bada gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, hain zuzen, eragileek proposatutako manifestua oinarri hartu duen Legez Besteko Proposamena sartu dute Diputatuen Kongresuan hamar alderdiren atxikimenduarekin: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemos.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencía, Ciemen, Escola Valenciana, Ómnium eta Plataforma per la Llengua eragileak izan ziren egitasmoaren bultzatzaileak. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi bezala, «alderdiei azaldu genien gure ustez Espainiako Estatuak ez duela hizkuntza-aniztasunera egokitu nahi izan». Bilbaoren hitzetan, bileraren muinak teoriatik izan zuen gehiago praxitik baino: «Aintzatespen praktikoa baino, teoriko batera mugatu ginen, betiere gaztelaniaren nagusitasunetik abiatuta maila guztietan»«Gainera, aipatu genien azken boladan areagotu egin zela sektore politiko batzuen etengabeko erregresio-mehatxua, eta, horrek ahalbidetzen duela berezko hizkuntza erabili nahi duten herritarrekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta» gehitu du.
Irakurketa bateratu horren aurrean, ikusle hutsak izatetik esku-hartzera jauzi egiteko deia egin zieten eragileek alderdiei: «Gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean, esan genien alderdi politikoak ezin direla ikusle hutsak izan». Hitz gutxitan, argi adierazi du Bilbaok: «Bustitzeko unea dela gogorarazi genien».
Sei konpromiso
Horretarako, sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin zitzaien; hain zuzen, Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia manifestuan biltzen direnak. «Konpromisoak bihartik bertatik gauzatu daitezkeela aurreratu genien» adierazi du Bilbaok, baldin eta «askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeko benetako borondate politikoa baldin badago. Hau da, hizkuntza-aniztasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzekoa».
Gaur alderdiek aurkeztu duten Legez Besteko Proposamenak eragileek aurkeztutako proposamena izan ditu oinarri. «Berri ona» dela uste du Kontseiluko eledunak: «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua».
Bidea, baina, ez da amaitu. Hurrengo asteetan ekimena sustatu zuten eragileek agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, hurrengo hilabeteetan Legez Besteko Proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.

Etiketak: