Eskuhartzeei elkarrekin erantzuteko garaia da
Gaur goizean Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi berezia egin du Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean kaleratutako epaiari buruzko irakurketa egiteko. Agerraldian Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, bilgunea osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariak izan dira: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEMA… Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza, eta hiru ideia nagusi partekatu ditu.
Lehenik eta behin, aurreko astean egindako berehalako irakurketan azaldu bezala, erabakia politikoa dela berretsi du Kontseiluko eledunak: «Magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin…». Are gehiago, Kontseiluko idazkari nagusiak epaia legea bera urratzen duela adierazi du: «Ongi legoke Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko».
Bigarrenik, Kontseiluko idazkari nagusiak esan du epaia ez dela gertaera isolatua, azken urteetan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik. Bilbaoren hitzetan, «ikusten ari gara epaitegi eta auzitegi desberdinetatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak. Besteak beste, Nafarroako Justizia Auzitegitik zein Auzitegi Gorenetik». Hari horri jarraituz, Bilbaok hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek egiten duten hausnarketa partekatu du: «Egun indarrean dagoen legeriak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira».
Hirugarrenik, Bilbaok batasunerako deia egin du. Kontseiluko eledunaren hitzetan, «horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horrexegatik, batasunaren bidetik erantzun behar diogu. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitatea egin duen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegia ere». Batasunetik gure hizkuntzaren normalizazio-prozesuan galga besterik ez diren jarrera eta joera horiekin bukatu behar dela ozen esan behar dugula adierazi du. «Unea iritsi da guztiok batera erantzuteko», adierazi du Bilbaok.
Babesa eta bilera
Amaitzeko, idazkari nagusiak aurreratu ditu Kontseiluak eman asmo dituen urratsak. Horrela, Irungo Udalarekin harremanetan jarri dela azaldu du: «Helegitea jartzeko erabakiari babesa emateaz gain, laguntzailekide gisa jarduteko prestutasuna agertu diogu». Bigarrenik, ostegun arratsalderako eragile sindikalak eta politikoak bilera batera deituko dituela aurreratu du, Kontseiluaren irakurketa partekatzeko, eta haien iritziak jasotzeko.
Elkarretaratzea larunbatean
Halaber, osteguneko bileran Kontseiluak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearen berri helaraziko die eragile politiko eta sindikalei, bai eta parte hartzeko gonbita egin ere. Horrela adierazi da Bilbao agerraldian: «Larunbat eguerdian, Kontseiluko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, horrelako eskuhartzeei desadostasuna agertuko diegu Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egingo dugun elkarretaratzean».
Iruzkinik ez "Eskuhartzeei elkarrekin erantzuteko garaia da"