PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu dira Kontseilua, ELA eta LAB euskara planak enpresetan sustatu ditzaten
Kontseilua, ELA eta LABek 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak bultzatzearen aldeko Lanbidearteko Akordio proposamena aurkeztu diete PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH-Bilduri. Maiatzaren 14tik 17ra egin dira batzarrak, eta zehazki bilerak Rebeka Ubera, Aitor Aldasoro eta Miren Gorrotxategi legebiltzarkideekin eta Idoia Mendiaren Gabinete Buru den Pau Blasirekin elkartu dira.
Bileretan, Kontseiluak, ELAk eta LABek azaroan jendarteratutako proposamena aurkeztu diete: hiru eragileen asmoa da CONFEBASKekin Lanbidearteko Akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.
Kontseilua, ELA eta LABek argi azaldu diete, norberaren eskakizun propioei uko egin gabe, aurkeztutako proposamenak gutxienekoa izan beharko lukeela lan-munduan aritzen diren eragile guztientzat. Gainera, azpimarratu dute akordio horren bidez euskararen gaia agendan sartzea besterik ez dutela nahi, hori protokolizatuz, eta, ondorioz, eskaera bakarra dela enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala.
Alderdi ezberdinei adierazi diete udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dutela, eta akordioaren aldeko giroa sortu nahi dutela. Horregatik, Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diete.
Alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira.
Alderdiekin eta CCOO sindikatuarekin egon ondoren, Kontseilua, ELA eta LABek aurkezpen errondarekin jarraituko dute; UGT, Lan Sailarekin, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzarekin eta CONFEBASKekin, hain zuzen.
Iruzkinik ez "PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu dira Kontseilua, ELA eta LAB euskara planak enpresetan sustatu ditzaten"