Ez da kontrako norantzan doazen neurriak hartzeko garaia
Kontseiluak gogoratu du duela aste bat Estatuko hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek Madrilen bertan adierazi zietela zein diren justizia, kohesioa eta berdintasuna bermatzeko politikak garatzeko neurriak.
Kontseiluak larritzat jo du atzo Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak Estatuko administrazio publikoetan euskarak ez duela lanerako baldintza izan behar adierazi izana. Izan ere, horrela jokatuz gero, legegintzaldi berrian Gobernuak garatuko duen politikak ez du inolako alderik izango aurretik beste Gobernu batzuek eramandako politikekin, eta, ondorioz, herritarren hizkuntza-eskubideen aferan berdin jokatuko dute.
Kontseiluak azaldu du otsailaren 11n aragoieraren, asturieraren, euskararen, galegoaren eta katalanaren alde lan egiten duten eragileek hitzordua izan zutela Gobernua ahalbidetu duten alderdiekin eta, bertan adierazi zieten Estatuko administrazio orokorrean ere, berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarrek bigarren mailako herritar gisa hartzen dituztela, eta beharrezkoa dela neurri berriak hartzea hori orekatzeko. Horrexegatik, hain zuzen ere, Kontseiluak harriduraz hartu du ministroak horrelako adierazpenak egin izana, finean, horrela jarduteak hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeaz gain, berdintasunaren aurka egingo duelako.
Horretaz gain, Kontseiluak mahai gainean jarri nahi du Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak Erregio edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren bost ebaluazioetan agertu dutela kezka Estatuko administrazioak ez dituelako konpromisoak betetzen. Gainera, Europako Kontseiluaren arabera, konpromisoak ez betetzeko arrazoietako bat berezko hizkuntza ezagutzen duten langileen kopuru eskasa da.
Kontseiluak gogoratu nahi du abuztuaren 1a baino lehenago Gobernuak Europako Kontseiluari idatziz helarazi behar diola zer egiteko asmoa duen gomendioak betetzeko. Horrelako erabakiek, inolako zalantzarik gabe, horren kontra egiten dute, eta beraz, atzera egiteko eskatu nahi dio.
Azkenik, Kontseiluak azaldu du Estatuko beste hizkuntzetako eragileekin batera bilera eskatua duela Lurralde Politikako ministroarekin eta espero duela ahalik eta lasterren izatea kezka hauek guztiak zuzenean helarazteko.
Iruzkinik ez "Ez da kontrako norantzan doazen neurriak hartzeko garaia"