Kontseiluak eta Konfederazioak positiboki hartu dute kolore politiko ezberdinetako herrietako hautes-zerrendek engaiamendua izenpetu izana

2020ko martxoaren 12a Iruzkinik ez

Besteak beste, hiru hiriburuetako zerrendek eta biztanle gehien dituzten hirietakoek egin dute bat.

Otsailaren 6an Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa: Garapena Herriko Etxeetan dokumentuaren aurkezpen publikoa egin zuten Baionako merkataritza ganbaran. Dokumentuaz gain, hautagaiei zuzendu Engaiamendua ere aurkeztu zuten. Aurkezpen hartan 20 bat hiri eta herritako hautagaiek parte hartu zuten.

Garapenak neurri zehatzen sorta aberatsa jasotzen du euskara hainbat arlotan garatzeko, hala nola herriko etxeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, herriko etxearen komunikazio-jardueran, herriko etxeko barne funtzionamenduan edota herriak eragina duen eremuetan (hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, kulturan…).

Dokumentu hori edozein herriko etxek balia dezake, egokigarria delako herriko etxeak euskararen alde orain arte eraman lanaren arabera. Horrela, dokumentu horrek hizkuntza politika bat abiatzeko edo jadanik abiatutako bati jarraipena emateko eta sakontzeko balio du.

Engaiamenduaren bidez hautagaiak aitortzen du, bai euskararen garapenerako hizkuntza-politika arloan herriko etxeak duen erantzukizuna, bai eta hizkuntza-politikaren gauzapenean jendarte eragileek egiten dituzten ekarpenak ere. Horrez gain, hautagaia engaiatzen da hautetsi izanen den herrian, ondoko sei urteetan, euskararen garapenaren aldeko hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzera eta garatzera.

Aurkezpen egun hartatik hogeita hamabost hiri/herritako berrogeita hamabost zerrendek izenpetu dute, eta beste batzuek hauteskundeen ondotik engaiatuko direla adierazi dute.

Ez da oraino berantegi engaiamendua izenpetzeko eta zerrenda erregularki eguneratuko dugu, herritarrek edozein unetan jakin dezaten zertan den engaiamenduarekiko atxikimendua.

Engaiatzen segi daiteke euskalkonfederazioa@deiadar.org edo herrikoetxeak@kontseilua.eus helbideetara idatziz edo zuzenean www.deiadar.org webgunean Herriko bozak pasaturik ere, engaiamendua izenpetzeko gonbidapena berriz luzatuko dugu.

Egungo baldintzak ezin hobeak dira euskararen aldeko hizkuntza-politika ausarta, orekatua eta harmonizatua garatzeko ipar Euskal Herri mailan. Ez dezagun aukera hori gal eta herriek aldeko baldintza horiek balia ditzatela!

 

ENGAIAMENDUEN MAPA INTERAKTIBOA IKUSTEKO, HEMEN KLIKATU

ENGAIATU DIRENEN ZERRENDA, 2020/03/11

ENGAIAMENDUA SINATZEKO, HEMEN KLIKATU

PROTOKOLOAREN DOKUMENTUA JAISTEKO, HEMEN KLIKATU

Etiketak: