
Osasun Itun honek ez du osasungintza euskaldunduko ezta herritarren hizkuntza eskubideen urraketak konponduko ere
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kezkaz jaso dituzte Eusko Jaurlaritzak bideratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Osasun Itunaren inguruko azken berriak. Izan ere, iazko irailean hasitako prozesua amaitutzat eman dute eta, horrekin, etorkizunean hartuko diren neurriak finkatzeko erabiliko diren 24 lantaldeen behin betiko txostenak onartu, hizkuntza-eskubideei dagokiena barne. Hain zuzen, azken hau izan da, lankidetza publiko-pribatuarenarekin batera, kontrakotasun gehien eragin duena.
Euskalgintzaren ahotsa eta ekarpenak ez dira aintzat hartu
Kontseiluaren eta Behatokiaren aburuz, ez da harritzekoa Osasun Itunean jasotakoa oso urrun geratzea EAEko osasun sistema euskalduntzeko behar diren gutxienekoetatik eta hizkuntza-eskubideen bermetik, euskararen normalizazioa lantzeko lantaldean ez baita euskalgintzako eragilerik egon. Hala, aurreikustekoa zen bezala, herritarren eta langileen hizkuntza-eskubideen begiradatik txostenak hainbat gabezia ditu, diagnostikotik bertatik hasita. Izan ere, agerikoa da ez direla Itunak zein hizkuntza-eskubideei buruzko txostenak ez dituela kontuan hartu Kontseiluak egindako eskaerak ezta Behatokiak helarazitako txostena eta hizkuntza-eskubideen urraketen datuak. Ondorioz, ez zaie konponbiderik eman egun Osakidetzak, eta zer esanik ez osasungintza pribatuak, hizkuntza-eskubideen alorrean dauzkaten hutsune ugariei.
Aurrera urrats edo norabidetze egokirik jaso bada ere, hala nola, historia klinikoen euskaratzean edota langileak euskalduntzeko erraztasunetan, oro har, ez dakar osasungintzan euskararen normalizazioan aurrera egin eta langile eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezko neurri esanguratsurik, ez egiturazko aldaketarik, ez jauzirik.
Asko dira osasun zerbitzua norbera ardazten den hizkuntzan jasotzeak sendatze prozesuetan, eta, orokorrean, osasuntsu bizitzean duen garrantzia erakusten duten ikerketak eta horixe azpimarratzen duten osasun arloko profesional eta adituak. Ifrentzuan, frogatuta dago hizkuntza-eskubideen bermerik ezak eragin ditzakeen estres linguistikoa, diagnostiko erratuak, diskriminazio egoerak edota pertsonen duintasunaren aurkako jarrerak. Komunikazio ona eta testuinguru emozional egokia osasun arta egokiaren zutoinak dira eta, gurean, euskara kalitatezko osasun zerbitzuaren ezinbesteko oinarria da.
Zoritxarrez, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza-eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik. Gabezia nabarmena da. Izan ere, egungo egoeratik abiatuta aurrerapauso txiki batzuk izan daitezkeen neurriak planteatzen diren arren, itun honek ez du salto kualitatiborik egiten ez eta hurrengo urteetan egungo osasungintza sistema osoa euskaraz zerbitzuak eskaini eta lan egiteko zutoinik ezartzen. Horretarako beharrezkoa da epe zehatz batetan sistema osatzen duten profesional guztiek euskararen ezagutza izatea eta euskara erabiliko dutela bermatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea. Hori da hurrengo urteetako gidalerro izan beharko litzatekeena.
Bestalde, etengabeak dira euskarazko arta ez bermatzeak eragindako hizkuntza-eskubideen urraketak. Gainera, azken boladan, Osakidetzaren gabeziak baliatuz, euskaldunen hizkuntza-eskubideak gutxiesten dituzten diskurtsoen indartzea ari gara ikusten. Partxe eta neurri koiunturaletatik harago, beharrezkoa da unibertsitate eta osasungintzari lotutako irakaskuntza zentroak elikatuz epe zehatz batean euskaldunei berdintasunezko arta bermatuko dien osasun sistemaren zutoin sendoak ezartzea.
Jaurlaritzak ausardiaz joka dezala eskaera
Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu, duen ardura bereziagatik, ausardiaz eta anbizioz joka dezala, beharrezko neurriak hartuz eta baliabideak jarriz, kalitatezko osasun sistema euskaldun bat lortzeko. Hain zuzen ere, herritar guztiei osasun zerbitzuak gaztelaniaz bermatzen zaizkien bezala, euskaraz ere bermatzeko, eta herritarren arteko berdintasuna osasungintzaren oinarri bilakatuaz.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: