Uharte ere hasi da Protokoloaren Udal Garapena lantzen
Uharteko, Hendaiako eta Arrigorriagako Udalek Euskalgintzaren Kontseiluarekin Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenari lotuta sinatutako akordioa aurkeztu dute gaur Uharteko Udaleko Euskara Batzordean.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. 2019ko azaroan Gasteizen eta 2020ko otsailean Baionan, Protokoloa oinarri, tokiko administrazioei egokitutako dokumentu bana aurkeztu zen. Dokumentu horietan herriko etxeek eta udalek hizkuntza-politika egokiak lantzeko neurriak jaso ziren. «Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta gure egunerokoan baldintza ezberdinak ezartzen dituzte. Horregatik, hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira, udalaren eskumenei egokitutako dokumentu bat jorratu nahi izan genuen», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Esperientzia pilotuak
Proposamenak zehaztuta, Euskalgintzaren Kontseiluak horien baliagarritasuna probatzeko hiru esperientzia pilotu abian jartzea erabaki zuen euskararen hiru eremu administratiboetan. Horrela, Uharteko, Hendaiako eta Arrigorriagako Udalek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Kontseiluarekin apirilaren 14an. Bilbaok azaldutakoaren arabera, «esperientzia pilotuak abian jarri nahi genituen, beharrezko zuzenketak edo doiketak egiteko. Horrek Kontseiluari behin betiko tresna bat sortzen lagunduko zion, eta parte hartu zuten udalei haien hizkuntza-politiketan hobekuntzak egiteko lagungarria izango zitzaien».
Proiektua bi fasetan igaroko da. Lehen fase batean Udal eta Herriko Etxeetarako Garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da. Bertan herriko zinegotziek, teknikariek, bai eta herriko euskalgintzako eragileek ere, parte hartuko dute. Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta, hizkuntza-politikarako lerro nagusiak definitu ahal izango dira. Bukatzeko, herriko etxe eta udaletako zinegotziek hizkuntza-politika zehazteko eta aurrea eramateko bidea prest izango dute.
Kontseiluko eledunaren arabera, prozesuak aukera emango die, besteak beste, hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionez, zein egoeratan dauden ikusteko, eta etorkizunari begirako estrategiak zehazteko: «Guretzat, proiektu honek duen elementurik garrantzitsuena etorkizuneko politikak definitzeko uzten duen oinarria da».
Uharteren ezaugarriak
Nafarroan legeak ezarritako eremu mistoan kokatutako udalerria izanik, urteetan jadanik euskararen aldeko politika eramaten ari da Uharteko Udala, eta, beraz, proiektu honetan beste ikuspegi bat izaten lagunduko duela uste du Kontseiluak. «Nahiko genuke etorkizunean zer nolako neurriak abian jar daitezkeen esploratzeko aukera eskaintzea, eta beraz, udalarentzat bultzada edo akuilu izatea lanean jarraitzeko», azaldu du Kontseiluko ordezkariak.
Horrekin batera, Bilbaok azpimarratu nahi izan du proiektuak eragileen ekarpenei garrantzia eman nahi diela: «Askotan hitz egiten dugu gizarte eragileen eta instituzioen arteko harreman egokiez. Horrexegatik, proiektu honetan eragileen ahotsa hasieratik entzun nahi dugu, are gehiago, hasieran, erdian eta amaieran. Bide horretan, gaur bertan bilera batera deitu ditugu eragileak proiektua partekatzeko, eta haien ekarpenak nola jaso adosteko».
Bilbaorekin batera agerraldian Uharteko Udaleko euskara zinegotzi Isabel Etxeberria eta Hendaiako Herriko Etxeko hautetsi Itziar Aizpuru izan dira. Bi zinegotziek oso positiboki baloratu dute Kontseiluarekin egindako hitzarmena. Errealitate desberdinak bizi dituzten arren, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera izango dutela berretsi dute. Halaber, lankidetzaren bidez haien hizkuntza-politikarako hausnarketa aberastuko dutela azaldu dute.
Iruzkinik ez "Uharte ere hasi da Protokoloaren Udal Garapena lantzen"