[IRITZIA] Euskararen egoera eta etorkizuna bermatzeko gakoak
Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Sébastien Castet, Euskal Konfederazioko eleduna
Kazeta.eus atarian argitaratutako iritzi artikulua.
Iragan azaroaren 9an, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi genuen Euskalgintzaren Kontseiluan batzen garen eragileok Bilbon, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen urteko batzarraren testuinguruan. Hain zuzen ere, aldarrikapen hori ELENek onartu zuen ebazpenetako bat izan zen. Ez baikara lehen hizkuntza eta hiztun komunitate minorizatua adierazpen hori egiten: aurretik jada katalanek eta galiziarrek egina dute. Lekuan lekuko ezaugarriekin, baina hizkuntza minorizatuek eta hiztun komunitate minorizatuok orokorki bizi dugun egoeraren isla da.
Euskal Herrira etorriak dira alarma pizteko datu soziolinguistiko eta joerak. Lapurdi, Baxenabar eta Zuberoan, esaterako, oraindik beherantza doa hiztun kopuru erlatiboa. Edo Nafarroa Garaian 10 ikasletik 6k ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian. Euskal Herri osoko joerak dira gune euskaldunenetan jaisten ari dela erabilera, eta, halaber, euskaraz erdaretan baino hobeto moldatzen den hiztun kopurua. Finean, erabileran ahultasun zantzuak nabarmenak dira, baina hori, askotan interpretatu denaren kontrara, ez dago lotuta hiztunen axolagabekeriarekin, baizik eta minorizazioaren egiturazko arazoekin: euskaldunen proportzioa aintzat harturik euskaraz aritzeko aukera, euskaraz gaitasun osoz aritzeko konpetentzia iristeko zailtasunak, instituzioekiko harremanean edo lan munduan euskara erabiltzeko trabak…
Izan ere, ez dugu ahaztu behar euskarak bere lurraldearen zati batean baino ez duela ofizialtasun aitortza: Lapurdi, Baxenabar, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko zati handienean ez du halako estatusik; hau da, gutxieneko nor izatearen aitortzarik. Eta hori da minorizazio egoera bat apurtzen hasteko abiaburu behinena. Are, aitortza hori duen eremuan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, oldarraldi judizial handi bat gertatzen ari da azken hilabete luzeetan (sakonean oldarraldi politiko eta mediatiko baten adierazpen dena), eta ofizialtasun estatusa bera zalantzan geratzen ari da. Horri guztiari eransten badiogu gaur egungo mundu bilakerak – globalizazio muturrekoa eta bizitzaren digitalizazioa ardatz – hizkuntza hegemonikoak (ingelesa buru) are eta indartsuagoak egiten dituela, eta txiki zein minorizatuak oraindik eta ahulago, argia da larrialdian gaudela.
Hizkuntza politika Ipar Euskal Herrian: Indarrak batuz lortuko dugu
Ipar Euskal Herriko egoerari zehatzago begiratuta, euskararen aldeko hizkuntza politika bidegurutzean dago. Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek agerian utzi dute hizkuntza politikan jauzia emateko garaia dela, euskal hiztunen proportzioa handitzeko (gaur egun %21,1 bakarrik da euskalduna) eta euskararen erabileraren beheititzea gelditzeko.
Horretaz kontziente badira ere, orain arte Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) osatzen duten instituzioek ez dute lortu ados jartzea erakunde horren aurrekontua bederen bikoizteko, baldintza hori ezinbestekoa delarik EEPk garatu lan-ildoak indartu eta euskararen transmisioan eta erabileran egunerokoan ari diren euskalgintzako elkarteak prekarietatetik ateratzeko.
Baina 2024. urteak irudi politak ere utzi dizkigu, hala nola, martxoan Baionan milaka eta milaka euskaltzale bildu zituen Korrikaren azken egunarena, edota irailean estreinatu Seaskako bosgarren kolegioarena. Aurtengo bi gertakari garrantzitsu horiei gehitzen badiegu matrikulazioak helduen alfabetatze eta euskalduntze gau eskoletan, euskarazko irakaskuntza proposatzen duten ikastetxeetan edota euskarazko aisialdi zentroetan gorantz doazela, argi da aldea badela eskaera sozialaren eta horri erantzuteko garatzen ari den hizkuntza politika publikoaren artean.
Bestalde, hiztunen hizkuntza-eskubideen arloan ere gibelapena izan da aurten, izan hexagono mailan (auzitegi batek Martinikako lurralde asanbladak kreolera irlako hizkuntza koofiziala izendatzeko erabakia deuseztatu du, bestek batek Korsikako Asanbladak eztabaidetan korsikeraz mintzatu ahal izateko hartutakoa), izan Ipar Euskal Herrian, hiru auzitan auzipetuei beren burua euskaraz defenditzeko eskubidea errefusatu baitie epaileak. Horrelako erasoek ere ezartzen dute euskara larrialdi linguistikoaren egoeran.
Kinka horretatik ateratzen hasteko, legegintzari dagokionez, hain kaltegarria den frantses Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa lortu behar da, bakoitzaren eskubideak aitortu eta betebeharrak zehaztuko dituen hizkuntza lege integrala izateko lehen urrats gisa. Aldaketa horren eskatzeko Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboa aktibo izan da aurten, Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak ekainaren 1ean antolatu 13 elkarretaratzeak lekuko.
Diru-baliabideei dagokienez, Ipar Euskal Herrian euskara biziberritzeko hizkuntza politikari esleitu aurrekontua lehenbailehen emendatu behar da. Euskal Hirigune Elkargoa horretarako prest agertu da, orain gainerateko instituzioek dute borondatea erakutsi behar.
Horietan guzietan pausoak emateko indar-harreman politikoa sendotu behar da, Ipar Euskal Herriak eskumen zabalagoko lurralde kolektibitatea ukaiteak hori ahalbidetuko lukeelarik. Ez dira ttipiak aitzinean ditugun erronkak, baina denen indarrak batuz, lortuko dugu euskara larrialdi egoeratik indarraldirako bidean ezartzea.
Euskara agenda politikoaren erdigunean jartzeko deia
Azaroaren 30ean Euskararen Egunaren kari aldarrikatu genuen bezala, larrialdi linguistikoan gaudela esatea ez da arrangura eta etsipenerako dei bat. Aitzitik, diagnostiko egokitik abiatuta, susperraldi berri bat abian jartzeko deialdi ozena da. Larrialditik indarraldirako bideari ekitekoa. Badakigu horretarako lehen egitekoa zein den: euskalgintzako eragileek ez ezik, gainerako eragile politiko eta sozialek ere euskararen normalizazioa agenda politikoaren ardatzean jartzea, urgentziazko eta ezinbesteko gaitzat.
Hori bideratzeko borondate irmoa dugu Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak. Adostasunak eraikitzea da bidea. Horretan jardungo dugu 2025ean, larrialditik indarraldirako iraganbidea osatzen.