Hizkuntza harrera egokirako zumeak jartzeko jardunaldiak, urriaren 10 eta 11n Gasteizen

2024ko irailaren 25a

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak. Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak izena izango dute, eta euskal herritar berriak euskararen normalizazio eta biziberritzean aliatu izan daitezen, hizkuntza harrera protokolo egokiak diseinatzeko zumeak jartzea izango dute helburu.

Jardunaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea, urriaren 9a baino lehen.

Jardunaldi hauen funtsa izango da hizkuntza harrera egokira ailegatzeko orain arteko azterketa, hausnarketa eta indarrean jarritako praktikak elkarbanatzea. Horretarako, euskal herritar berriek euskararekiko izan duten esperientziaren berri jasotzeaz gain, haiek euskarara hurbiltzeko hainbat lekutan martxan diren lanketak ezagutuko dira, erakunde eta elkarte desberdinek abian jarritakoak. Bestalde, iraganeko immigrazio esperientziek euskararen biziberritzeari egindako ekarpena aztertuko da, egungorako ekarpen baliagarriak daudela sinetsita. Era berean, soziolinguistikatik, antropologiatik, psikologia-sozialetik… hainbat diziplinatatik migrazioaren eta hizkuntza minorizatuen berreskuratzeko prozesuen gurutzaketa ikertu duten adituen ahotsa jasoko da. Guztia, hizkuntza harrera egokirako protokolo eta politika publikoak diseinatzeko zumeak jartzeko.

Iraganeko eta egungo esperientziak

Lehen egunean, urriak 10, 09:30ean, Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eta Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak harrera egin eta jardunaldiei hasiera emango diote. Jarraian, migrazioaren kokapena jorratuko da Arkaitz Fullaondo eta Eguzki Urteaga EHUko irakasleen eskutik, hurrenez hurren, migrazioaren nondik norakoak xeheki aztertuz, eta eremu administratiboen arteko aldeak ikusaraziz. Ondoren, atsedenaldi labur baten ostean, Euskal Herrira bizitzera etorri diren pertsonen bizipenak eta gogoetak entzungo ditugu Laura Penagos, Celeste Agüero eta Ruba Hassanen eskutik, eta euskarak migratzaileentzako aterpe gisa duen egokitasuna aztertu ere. Hortik abiatuta, hizkuntza harrera egokirako behar diren baliabideak eta estrategiak eztabaidatuko ditugu mahainguru batean, Onintza Olaizola Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntz aniztasun arloko ardunaruna, Marijo Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendaria eta Itziar Eizagirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza eskubideak eta Kultura demokratikoko teknikaria lagun.

Eguna bukatzeko, Xabier Aierdi EHUko irakasle jubilatuak eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak 50 eta 70. Hamarkaden artean Espainiako Estatuko hainbat lurraldetatik Hego Euskal Herrira etorritako migrazioak euskararen biziberritzean izandako eragina aztertuko dute. Izan ere, haietako asko, azken hamarkadetan euskarak izan duen biziberritze prozesurako ezinbesteko elementu izan dira. Iraganeko esperientzia horien memoria ekartzea gaur egungoa egoki egin ahal izateko bidea da.

Bigarrean egunean, urriak 11, erpin desberdinetatik abiatuta egun martxan diren hainbat lanketa ere aurkeztuko dira, ondo eginak jaso, topatutako oztopo eta zailtasunak identifikatu eta aurrera begirako bideen inguruan hausnartzeko. 09:00etan, Urretxuko harrera proiektua aurkeztuko du Beñat Zamalloa Urretxuko Udaleko euskara eta gazteria teknikariak, eta jarraian hezkuntzaren garrantzia aztertuko dute Gasteizko hezkuntza eta heziketa arloko langileek, Iruñeko Kabia proiektuko dinamizatzaileek, eta ipar Euskal Herritik Seaskako hezitzaileek.

Ondoren, harrera hizkuntza minorizatu baten bidez egitearen erronkak jorratuko dira Leire Amenabar EHUko doktoreaurreko ikerlariarekin, eta amaitzeko, helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa dela jakitun, eskura dituzten baliabideak, didaktikak, erronkak… aurkeztuko dituzte sektoreko euskaltegietako ordezkariek. Azkenik, bi egunetako ekarpenen laburbilduma eginez emango zaie amaiera, 14:00etan.

Lankidetzarako espazioak

Jardunaldiek euskararen eta migrazioaren arteko elkarlanerako guneak sortzeko eta euskalduntze prozesuari buruzko ikuspegi berriak eskaintzeko parada ezin hobea eskainiko dutela azpimarratu dute Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Halaber, bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Jardunaldien antolaketak Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza ere jaso du.

ONGI ETORRI EUSKARAREN MUNDURA
Sakatu kartela handitzeko.