Hizkuntza harrera egokiak indarrean jartzeko aukerak aztergai, ekainaren 5 eta 6an Bilbon

2025ko maiatzaren 14a

Ekainaren 5 eta 6an Bilboko Arrupe Etxean egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak. Iazko jardunaldiei jarraipena emanez, Ongi etorri euskararen mundura. II. Harrera jardunaldiak izena izango dute, eta bi helburu: hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea, eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko.

Jardunaldiak doakoak izango dira, eta beharrezkoa da izena ematea, ekainaren 2ra arte. Halaber, bertan daude jasota jardunaldiei buruzko informazio guztia eta egitaraua. Arduradun politikoei, euskara eta migrazio teknikariei, hezitzaileei eta gizarte mugimenduetako kideei zuzenduta daude, baita interesa duen edonori ere.

Aurreko urtean, Ongi etorri euskararen mundura lehenengo jardunaldietan (hemen kronikak eta grabazioak), harrera egoki baterako zumeak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu zuten bertaratutakoek. Aurtengo jardunaldietan, berriz, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo dute, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera emanez.

Izan ere, hizkuntza harrera egokiak indarrean jartzeko aukerak aztertzea izango dute ardatz aurtengo jardunaldiek. Euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, ezinbestekoa da harrera egokia egitea. Zentzu horretan, sortzen ari diren gogoeta eta praktikak elkarrekin partekatuko dira, eta harrera egiten duten hainbat eremutako esperientziak jasoko dira, bai maila instituzionalean eta baita maila komunitarioan ere. Era berean, hainbat bizipen pertsonalen berri ere bilduko da, etorri berrien ikuskera eta hizkuntza harrera modu desberdinetan jaso dutenen hausnarketak ezagutzeko. Modu horretan, harrera protokolo egokiak diseinatzeko beharrezkoa den ezagutza pilatu eta partekatuko da.

Hizkuntza harrera, hainbat eremutatik

Lehen egunean, ekainak 5, hizkuntza harrera maila instituzionalean egiten duten hainbat esperientziaren berri jasoko da. Aurrena, 09:30ean, Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak harrera egin eta jardunaldiei hasiera emango diete. Jarraian, Katalunian egiten den harrera linguistikoaren berri emango du Vanessa Bretxa, Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendari nagusiak, eta, atsedenaldi labur baten ondoren, harrera linguistikoari marko orokorra jarriko dio Belen Uranga Arakistain Soziolinguistika Klusterreko ikerlari eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren koordinatzaileak.

Ondoren, etorri berrien ibilbideak jasoko dira, SOS Arrazakeriko Mikel Mazkiaranen eskutik eta prozesua lehen pertsonan bizi izan duen kide baten eskutik. Eguna bukatzeko, Jaurlaritzaren, Euskarabidearen eta hainbat udalerritako harrera proiektuen arduradunak bilduko dira mahai-inguruan, euren esperientzia, azterketa eta diagnostikoak partekatzeko.

Bigarren egunean, berriz, ekainak 6, hizkuntza harrera maila komunitarioan egiten duten hainbat proiektu ezagutu ahal izango dira. Baina, aurrena, hainbat lekukotza jasoko dira, eskolaratzean euskararik jaso ez dutenen eta euskara helduaroan jaso dutenen gogoetak entzuteko.

Hain zuzen, jarraian, hezkuntza komunitatearen eremuan landu diren harrera esperientzia batzuk bilduko dira mahai-inguruan: Josune Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak, eremu honen ikuspegi estrategikoa landuko du. Bestalde, Ongi Etorri Eskolara proiektuko Garazi Zarauz, kulturarteko ikuspegia eskola-komunitatean lantzeko estrategiez arituko da, betiere, euskal kultura eta euskara ardatz. Azkenik, Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeko Pulunpa (e)ta Xin!, erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze-plana aurkeztuko du Odei Guirado pedagogoak.

Era berean, atsedenaldiaren ondoren, hizkuntz harrera eta kulturartekotasuna lantzen duten proiektu komunitarioak ezagutu ahal izango dira mahai-inguruan; Arteako Herriko Benta, Plazara, AZET Bilboko etxebizitza sindikatua edota Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi taldea, besteak beste.

Eguna bukatu eta jardunaldiak borobiltzeko, hizkuntza harrera proposamenen inguruan eztabaidatzeko ariketa dinamizatua egingo da, entzundakotik egindako hausnarketak jaso eta aurrera begira eman daitezkeen pausoen inguruan adostasunak bilatzeko. Agur saioarekin emango zaie itxiera segidan bi egunetako jardunaldi hauei, 14:00etan.

Lankidetzarako espazioak

Jardunaldiek euskararen eta migrazioaren arteko elkarlanerako guneak sortzeko eta euskalduntze prozesuari buruzko ikuspegi berriak eskaintzeko parada ezin hobea eskainiko dutela azpimarratu dute Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Halaber, bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.