Barakaldoko epaia: zartako berria eskubideen aurka
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia kaleratu berri du, CCOO sindikatuak egindako eskaera onartuz. Epaiaren arabera, Barakaldoko Udalak ezin izango die euskara-eskakizunik ezarri udalaren zerbitzuak eskainiko dituzten enpresa pribatuetako langileei. Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune den Euskalgintzaren Kontseiluak oso larritzat jo du epaia, herritarren eskubideen urraketak betikotu dituelako, administrazioaren lanak kanpoko enpresa bati esleitzen zaizkion bakoitzean. Erabaki honen ondorioz, euskaraz bizi nahi duten herritarrei are oztopo gehiago jarriko zaizkiela salatu du Kontseiluak.
Udaleko alkateari babesa eta eskaera
Kontseiluak oso garrantzitsutzat jotzen du erakunde publikoek zerbitzuak emango dituzten enpresak kontratatzen dituztenean hizkuntza-irizpideak ezartzea, eta, beraz, txalotu nahi du Barakaldoko Udalak ezarritako irizpidea.
Horrexegatik, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eskutitza helarazi dio Barakaldoko Udaleko alkateari. Bi helburu izan ditu eskutitzak: batetik, Udalak hartutako erabakiari babesa agertzea. Izan ere, herritarrak administrazio publikoetatik zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea du, eta hori ziurtatzeko, beharrezkoa da zerbitzu publikoak eskainiko dituzten enpresa pribatuek zerbitzuok euskaraz emango dituzten bermeak eskaintzea. Zentzu horretan, Udalak kontratuetan ezarritako hizkuntza-irizpideak egokiak ziren. «Gogoan izan behar dugu kasu horretan kontratatzailearen egoera juridikoa ez dela herritar norbanakoarena, administrazio-zerbitzu kudeatzailearena baizik. Izan ere, zerbitzu publikoa enpresa pribatuak ematen badu ere, herritarrak eskubide guztien jabe izaten jarraitzen du, hizkuntza-eskubideak barne. Hortaz, euskaldunon eskubideak ere bermatu behar ditu, eta beraz, erabat legezkoa eta zilegia da administrazioak kontratuetan euskararen ezagutza eskatzea herritar guztien eskubideak bermatzeko» azaldu du Eskisabelek.
Bigarrenik, Kontseiluak helegitea jartzeko eskaera egin dio Barakaldoko alkate andreari: «Badakigu botere judiziala ez dugula bidaide izaten, baina epai oso ahula kaleratu du auzitegiak. Izan ere, auzitegiak 2014ko epai bat hartzen du oinarri, baina ez dio erreparatu orduz geroztik onartu den eta egun indarrean dagoen araudiari, 2016ko Udal Legeari eta 179/2019 Dekretuari zehazki. Horrexegatik, uste dugu juridikoki ere erantzun behako litzaiokeela, Are gehiago, Kontseiluaren babes osoa izango du aurrera eginez gero» esan du.
Izan ere, kontuan izan behar ditugu, bai Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea, bai eta lege horren garapena den Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretua ere. Dekretu horretan, 36. artikuluko 3., 5. eta 8. puntuetan berariaz jasotzen da kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko direla, batetik, herritarrei bermatzeko toki-erakundeei exijitzen zaizkien hizkuntza-baldintza berberetan jaso ahal izatea kontratu bidezko jarduerak edo zerbitzuak eta, bestetik, euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeko. Indarrean dagoen araubideak ahalbidetzen du herritar guztien eskubideak bermatzeko hizkuntza-klausulak ezartzea. Are zehatzago, lanpostuetan hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharra jasotzen du, eta epaiak ez dio horri erreparatu.
Botere judiziala hizkuntza-politika egiten ari da
Kontseiluko idazkari nagusiak berretsi du azken hilabeteetan euskalgintzatik behin eta berriro salatzen ari dena, hain zuzen ere, botere judiziala hizkuntza-politika egiten ari dela. «Beste behin, indarrean dagoen legeriari muzin egin diote epaileek, euskaldunon kaltetan. Azken hilabeteotan salatzen ari garen hizkuntza-politikaren judizializazioaren baitan ulertu behar da epaia. Izan ere, egun ezarrita dagoen ofizialtasunaren, eta ofizialtasunaren ondorio juridikoen irakurketa are murritzagoa egiten ari dira epaien zein jurisprudentziaren bidez: Irungo kasua, Laudiokoa… Bide honetatik, euskaldunon eskubideak are gehiago murriztu nahi dituzte ofizialtasunaren irakurketa murritzago baten bidez».
Gauzak horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak horri guztiari batasunetik eta bateratasunetik erantzuteko beharra azpimarratu nahi izan du: «Kontseiluak esana zuen epaitegietatik zartako gehiago etorriko zirela, eta gaur beste bat izan dugu. Tamalez, gehiago ere etorriko dira, eta horri aurre egin behar diogu. Ondorioz, Kontseiluak berriz ere aktibatuko du kanpo eskuhartzeei modu bateratuan erantzuteko dinamikaren planteamendua, eragile sozialak, politikoak eta sindikalak erantzunean inplikatzeko» gaineratu du.
Azkenik, Kontseiluak gogora ekarri ditu auziarekin lotuta 2022an aurkeztu zituen bi proposamen. Lehenengoak EAEko sektore publikoa euskalduntzeko neurri zehatzak eta egingarriak jasotzen ditu, eta euskal gehiengo sindikalarekin batera adostu ziren. Bigarrenak, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko bidean, herritar helduen euskalduntzea sustatzeko proposamen estrategikoak jasotzen ditu, sektoreko eragileekin elkarlanean garatutakoak.