Uliazpiko epaia, herritar zaurgarrienen kontra
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzitegiaren aretoak Uliazpi Fundazioaren aurkako epaia argitaratu berri du. Horren arabera, onartu du Donostiako Administrazio-auzietarako epaitegiak emandako epaiaren aurkako helegitea, eta atzera bota du Uliazpi Fundazioak lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritziz. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak oso larritzat jo dute epaia, eta botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat dela adierazi dute.
Herritar zaurgarrien eskubideetan eragina duen epaia
Uliazpi Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde autonomoa da, eta adimen urritasuna duten pertsonei eta beraien familiei zerbitzua eta laguntza eskaintzen die. 2021eko uztailean 34 zaintzaileren lan deialdia argitaratu zen, horietatik hogeita hamabitan euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen zen (2. hizkuntza-eskakizuna, B2 titulua), fundazioaren egungo langileen ezagutza-tasa normalizaziora gerturatu eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko asmoz.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelen hitzetan, «kezka handiz hartu dugu EAEko Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioaren zaintzaileen lan eskaintza bertan behera utziz emandako epaia. Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen dituelako».
Izan ere, kontuan hartu behar da zein den Uliazpi Fundazioaren lana. Alegia, kolektibo baten premiei zerbitzu egokia eskaintzea, beren garapen pertsonalerako laguntza eta baliabide bereziak eskainiz. «Kasu honetan, gainera, jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen direnak, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak. Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den» adierazi du Eskisabelek. Izan ere, erakunde publikoen helburua herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea bada, sententzia honen ondorioz, zerbitzua jasoko duten herritarren eskubideak urratuko dira.
Egungo sistema auzitan jartzen duen epaia
Kontseiluko eledunaren arabera, Botere Judizialak, oraingoan EAEko Auzitegi Justizia Nagusiak, auzitan jarri du beste behin indarrean dagoen hizkuntza-eskakizunen sistema: «Auzitegiaren planteamendua erabat desegokia izateaz gain, maltzurra ere bada. Izan ere, ez dio erreparatzen fundazioak duen langile kopuru osoari eta egun bertan dagoen ezagutza-tasari. Aitzitik, iruzurra egin eta lan deialdi honi bakarrik erreparatzen dio, lanpostu zehatz horietan ezarritako eskakizun kopuruari. Hizkuntza-eskakizunen sistemaren aurka doa zuzenean, eta beraz, beste behin, Auzitegiak hizkuntza-politika egiteari ekin dio».
Azkenik, Idurre Eskisabelek babesa eman die Uliazpi fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lan eskaintza honen inguruan egindako lanketari, «hain zuzen ere, zaurgarritasun egoera horretan dauden pertsonek behar duten zaintza babesteko bidea delako, eta, halaber, Gipuzkoan hizkuntza berdintasuna bermatzen joateko beste urrats bat» azaldu du. Halaber, Eskisabelek azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin harremanetan jarri dela babesa agertzeko, eta aldarrikatu du inoiz baino beharrezkoa dela auzitegien esku-hartze sistematikoaren aurrean erantzun bateratua antolatzea.
Pertsonak duintasunez eta beraien hizkuntzan zaintzeko baldintza
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurnek Gaubekaren hitzetan, «gogoratu behar dugu, Uliazpi erakunde publikoaren helburu nagusia kontuan hartuz gero, argitaratutako zaintzaile lanpostuen deialdian zerbitzuaren erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzeak garrantzia berezia duela. Izan ere, herritar bezala dituzten eskubideez gaindi, eskubide horiek era berezian pertsona horien osasun eta ongizateari zuzenean lotuak daudelako».
Gaubekak adierazi du deialdi horretan parte hartzen duten hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izan beharko liratekela, hori baita pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea. Beraz, lanpostuen derrigortasun datak eskaini beharreko zerbitzuan oinarritu beharrean, egun EAEn dauden euskalduntze indizeen arabera ezartzea, pertsonen oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gaindi, kalitatezko zerbitzu soziosanitarioen kontrakoa dela azaldu du.
Uliazpi fundazioak berak 2022ko plangintzan onartu zuen bezala, hainbat eremutan hizkuntza kudeaketa hobetzeko beharra zuen, «kalitatezko zerbitzua eskaini eta herritarrek eta langileek euskaraz artatuak zein lan egiteko duten eskubidea bermatzeko, baita gizartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren politikekin duen konpromisoa bete ahal izateko» azaldu du Behatokiko zuzendariak.
–