Euskararen Barometroa: Euskal Konfederazioak hautagaien erantzunak publiko egin ditu
Euskal Konfederazioak argitaratutako oharra.
Martxoaren 11n Baionako ON! Bilgunean eman prentsaurrekoan, Euskal Konfederazioak publiko egin ditu herriko bozetako hautagaien erantzunak.
Urtarril erditsutik martxoaren 7ra, Euskal Konfederazioak Euskararen barometroa galdetegia 180 zerrendari igorri die, euskararen gaiaren inguruan zer asmo zuten jakiteko. Kanpaina garaian hizkuntza gutxi aipatu bada ere, Euskal Konfederazioa ohartu ahal izan da hautagai zerrenden plaketa eta engaiamendu desberdinetan hizkuntza politikak aitzineko hauteskundeetan baino toki hobeago zuela, proposamen bizki landu batzuekin noiztenka ere.
Barometroari dagokionez, 27 herritako 38 zerrendek beren engaiamenduak jakinarazi dituzte, eta denak https://deiadar.org/barometroa gunean kontsulta daitezke.
Prentsaurrekoaren hastapenean, Euskal Konfederazioko kideek interpelazioaren helburuak azaldu dituzte: euskararen berreskuratze prozesuan herriek duten funtsezko rola oroitaraztea; herriko bozen kanpainan euskararen gaia presente izatea; hautagaiak euskararen alde egin lezaketenaren inguruan gogoetaraztea; eta hautagaien asmoen berri hautesleei ematea.
Ondotik, Euskal Konfederazioko ordezkariek galdetegia berriz aurkeztu dute, zehaztuz bost ardatzetan (hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, euskararen erabilera, euskararen prestigioa, eta euskararen ikusgarritasuna) banatu 20 neurri proposatzen zirela.
Erantzunen azterketari dagokionez, hautatu engaiamendu kopuruaz gain, Euskal Konfederazioak hainbat elementu begiratzera gomitatu ditu hautesleak: hautatu neurri bakoitzeko obratze azalpena, hartu engaiamenduak (batzuen obratzeak baliabide gehiago eskatuko baitute bertze batzuek baino), hautagaiak hautatu hizkuntza galdetegia erantzuteko, eta galdetegi bukaeran hautagaiak egin ohar eta ekarpen gehigarriak… Barometroak eman xehetasun horietaz gain, gomendatu die ere hautagaien programak begiratzera eta kanpainan zehar euskararen inguruan egin adierazpenak kontuan hartzera.
Bukatzeko, Euskal Konfederazioko kideek oroitarazi dute Barometroaren funtzioa ez dela hautagaiak lehian ezartzea, baizik eta tresna bat eskaintzea martxo bukaeratik landa herriz herri urrats berri konkretuak emateko euskararen alde. Bertzalde, herritarrak deitu ditu herriko bozen ondotik engaiamenduen segipena egiteko balio duen Barometroa bere egin dezaten eta Euskal Konfederazioarekin elkarlanean aritzera, herrietan ematen diren hizkuntza politikak neurtu eta ipar Euskal Herri mailako argazkia erregularki izateko gisan.
