
Euskal Konfederazioaren adierazpena: Euskarari trufarik ez!
Euskal Konfederazioak deituta, uztailaren 7an Baionan, Departamenduaren egoitzaren aitzinean, egindako agerraldian irakurri zen adierazpena.

Euskarari trufarik ez!
Frantziako Estatuko eta gainerateko instituzioek hamarkada luzeetan euskararen kontrako politikak sustatu dituzte, gure hizkuntza desagerrarazteko helburuarekin. Euskararen Erakunde Publikoa sortu zelarik, lpar Euskal Herriko biztanleen 4tik 1euskalduna zen. 20 urte berantago, biztanleen 5etik 1baizik ez da euskalduna. Estatua, Akitania Berria Eskualdea, Pirinio-Atlantiko Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa, denak euskararen alde omen, denek euskararen alde ahalegin oro egiten omen, baina memento berean, euskara peko errekarako bidean da.
Urteak dira Euskal Konfederazioak lpar Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean plangintza xifratu bat eta helburu zehatzak dituen bide-orri bat galdegiten duela. Eta azkenean lortu genuen bide-orri xifratu hori iazko ekainean: Euskararen Erakunde Publikoak egin ikerketaren arabera, gainbehera ez da fatalitate bat, eta euskara goranzko bidean ezartzea posible da. 2050 urterako, euskaldun kopurua %30ekoa izateko bide-orria aurkeztu ziguten. Orain, badakigu nola egin euskara goruntz ezartzeko berriro lpar Euskal Herrian. Baina horretarako, Estatuak, Eskualdeak, Departamenduak eta Elkargoak orain arte baino ahalegin handiagoa egin beharko dute euskararen alde.
Euskalgintzak EEPren aitzinkontua bikoiztea galdegin du azken urteetan. EEPn aldiz, bide orria abiatzeko aitzinkontua %65ez emendatzea aurreikusi zuten; hau da kide bakoitzak 650.000€ gehiago ezartzea. Euskal Elkargoak berehala bete zuen bere partea. Departamenduak ezetz erran zuen, Akitania Berria 100.000€ ezartzeko prest agertu zen, eta Estatuko ordezkari den Suprefeta Parisetik 300.000€ lortuko zituela erranez aritu zen, Kultura, Hezkuntza eta Barne ministeriotik, bakoitzetik 100.000€. Azkenean, partaide bakoitzak 860.000€ gehitu ordez, aitzinkontua bikoizteko euskalgintzak eskatu bezala, edo bakoitzak 650.000€ gehitu ordez, EEPren bide-orri berria obratzeko adostu bezala, bakoitzak 300.000€ ezartzea finkatu zuten helburu gisa. Gibel egitea, eta lehen porrot politikoa.
Joan den martxoan Maider Behotegi lehendakariak gidatu delegazioa Hezkuntza Ministeritzan izan zen. Biziki baikor itzuli ziren denak EEPren finantzaketari buruz, Hezkuntza ministeritzak eskatuak zitzaizkion 100.000€ gehigarriak emanen zituelako. Baikor agertu zen ere Max Brisson senataria, alderdikide duen Retailleauren Barne ministeriotik beste 100.000€ lortzekotan zelakoan, eta Kultura ministerioan ere baiezkoa lortuko zutelakoan.
Baina zer gertatu da anartean? Atera diren informazioen arabera, Departamendua presio egiten aritu da Parisen, Estatuko estolderietan. Ez zituen 860.000€ gehiago eman nahi, ez 650.000€, ezta 300.000€ ere. Eta dirudienez lortu du. Frantziako Estatuak 100.000€-ko emendatzea iragarri ondotik, ororen buru 400.000€ besterik ez dira mahai gainean. Aitzinkontua 2017tik izoztua egon ondoren, %10ez baizik ez da igoko, hots, 2017tik izan den inflazioaren azpitik! Fitsik ez! Deus ez! Trufa hutsa!
Maider Behotegiri Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ordezkariari galdegiten diogu gertatuak argitu ditzan. Berak ordezkatzen duen Departamendua jukutrian aritu bada, berehala demisionatu dezan galdegiten diogu. Ororen buru ez baita izanen euskalgintzatik eskatutako 3,5 milioiko aurrekontu doblatzea, ez baitira izanen EEPren arabera hizkuntza politikarako bide-orri berriarentzat beharrezkoak diren 2,6 milioiak, ez baita izanen EEko kideen artean adostu zuten 1,2 milioiko emendatzerik. Emaitza ikusirik, Departamenduko ordezkaria den Maider Behotegiren erreakzioa ez da ezusteko bat izan. Estatuaren purruxkak eskertu, eta besteei hein bereko ekarpena egin dezaten galdegin die, lotsarik gabe. Eta gainera justifikatu du, erranez, instituzioen “baliabideak mugatuak” direla eta euskarari ematea “beste batzuei kentzea” litzatekeela. Euskararen politika publikoen sustatzaile nagusi izan behar duen ordezkariarengandik halako adierazpenak onartezinak dira.
Eta hori guti balitz, joan den astean ukan dute ere euskalgintzako ordezkari nagusiek 2025eko dirulaguntzen berri. Aitzinkontua iazko bera bada ere, harriduraz eta kexaz ikusi dugu euskalgintzako eragile nagusiei dirulaguntzak apaldu dizkietela iazkoarekin konparatuz, neholako azalpenik eman gabe, euskalgintzaren prekarizazioa normalizatu nahirik.
Euskarari trufarik ez!
Euskararen Erakunde Publikoko administralariei, gure herria estamentu ezberdinetan ordezkatzen duten hautetsiei, iazko ekainean EEPk aurkeztu bide-orria berriz hartu eta hizkuntza politikak ezinbestekoak dituen baliabideak berehala emendatu ditzaten galdegiten diegu. Eta hala izan dadin, borrokatzeko prest izanen gara.
Euskarari trufarik ez!
Baiona, 2025eko uztailaren 7a
–

