«Atzerapauso onartezina Nafarroan»
Ostiralean aurkeztu zien Nafarroako Gobernuak sindikatuei Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Dekretuaren zirriborroa Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean. Izan ere Dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen 215/1985 Foru Dekretua aldatuko du, eta bertan jasoko da hemendik aurrera euskara eta gainerako hizkuntzen balorazioa. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztutako zirriborroaren urgentziazko balorazio egin dute hedabideen aurrean.
Atzerapauso onartezina
Kontseiluko idazkari nagusiak hitz batera ekarri du Gobernuak aurkeztutakoa: Onartezina. Izan ere, Gobernuko eledunak eta lehendakariak aurreratu bezala, legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutzak ez du inolako baliorik izanen; bai, ordea, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutzak. Horrekin batera, legeak ezarritako eremu mistoan lanpostu batzuetan besterik ez da euskararen ezagutza kontuan hartuko merezimendu gisa. «Nola izan daiteke Nafarroan berezko edo ofizialak ez diren hizkuntzei aitortza handiagoa egitea? Nazioarteko itunen kontra doa» esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Are gehiago, Kontseiluko eledunak gogor jo du Dekretua horren berandu argitaratu izanagatik: «2019tik ari ziren esaten Dekretua prest zegoela, eta azkenean, 2022ko apiril-maiatz aldera onartu da. Ohartzen al gara ehunka lanposturen deialdiak izan direla bidean, eta Nafarroako berezko hizkuntzaren ezagutzak ez duela tokirik izan? Adarra jo zaigula esan behar dugu».
Bestalde, Kontseiluko eledunak agerian utzi nahi izan du aurkeztutako zirriborroak 2017a baino lehen zegoen araudiarekin erkatuz atzerapausoa dakarrela: «Ulertezina da garai ilunetako hizkuntza-politiketan hartutako neurriak ez baliogabetzeaz gain, are murritzago jotzea. Lehen gutxi, orain gutxiago» esan du. Horretarako, hiru adibide jarri ditu: «Batetik, 2017ra arte legeak ezarritako eremu mistoko lanpostu guztietan merezimendua zen euskararen ezagutza, oraingoan ez. Bestetik, eremu mistoan ezagutzaren balorazioa egingo zaien lanpostuei erreparatuz gero, aurretik puntuazio altua zutenetik bi gutxiago daude: administrari laguntzaileak eta museo zaintzaileak. Hartara, atzera egin da». Horrekin batera Dekretuak Auzitegiak ontzat jo zuen artikulu bat aldatu eta murriztu du: «Auzitegiak onartutako artikulu bat aldatu dute, eta horrek eragina izango du eremu euskaldunean, lanpostu batzuetan puntuazio erdia emango baitzaio euskarari».
Alderdiei dei zuzena.
Bilbaoren arabera, oraindik garaiz gaude Dekretua zuzentzeko. «Alderdi guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diegu: Gobernuan daudenei eta Gobernua sostengatzen dutenei. Marra gorri hau pasatzen utziz gero, duela hogei urte abian jarritako hizkuntza-politika ilunen muina berretsiko da. Ez dugu uste hizkuntza-politikaren eremuan dituzten desadostasunak aitzakia gisa erabil daitekeenik Dekretua dagoen-dagoenean onartzeko. Euskara desagerraraziz eta euskaldunak ikusgabetuko dituen dekretu bat ezin da onartu, ezin da amore eman». Hartara, hurrengo asteetan estrategia adostu, eta beharrezkoa bada mobilizaziorako deia ere egingo dutela aurreratu du: «Oraindik bidea egin behar du dekretuak, hainbat fase gainditu beharko ditu, eta ez dugu baztertzen, noski, kalera ateratzea bidegabekeria hau salatzeko» adierazi du Bilbaok.
Eskubideak ezbaian
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak hartu du hitza jarraian. Nafarroako herritarren eskubideen aitortzaz ari garela esan du: «Ez da afera abstraktua, ezta txikikeria ere, egungo eta etorkizuneko herritarrek euskara naturaltasunez erabili ahal izateko eskubideaz ari gara, giza eskubidea da. Ezin esan eskubideak aitortzen direnik, horiek bermatzeko beharrezko mekanismoak ezarri ezean. Euskaraz zerbitzu guztiak eskaintzeko gai diren lan-postuak ezartzeak administrazioak herritarrekiko duen betebeharren oinarria izan beharko luke».
Gaubekaren arabera Dekretuak ez du bermatuko, ezta ahalbidetuko ere herritarrek administrazio publikoko zerbitzuetan euskara erabili ahal izatea. «Hurrengo urteetan ere, milaka herritarrek ezingo dute euskarazko hizkuntza-hauturik egin, eta administrazioak euskara eroso erabiltzeko aukera ukatuko die» salatu dugu. Izan ere Behatokiko eledunaren arabera, Nafarroan ezin dira zerbitzu publikoak euskaraz jaso eta dekretuak hori legitimatuko du, «berezko hizkuntzan bizi nahi duten pertsonak desberdinkeriaz hartuko dira, eta beraien hizkuntza erabiltzeko edota garatzeko oztopoak betikotuko dira» esan du.
Bestalde, azpimarratu du Dekretu honen bidez Gobernua harago doala, izan ere, eremu mistoan kokatutako zerbitzu zentraletan lan-postu bakan batzuei atzerriko hizkuntzak baino puntuazio zertxobait altuagoa ematea, neurri erabat hutsala eta itxurakeria egitea da. «Lurralde osoko herritarrei euskarazko zerbitzua ukatzen ari dira, baita euskara ofiziala den eremuetako herritarrei ere. Bestetik, hegoaldean bizi diren Nafarrak bi aldiz kaltetzen dituzte, beraien herrietan euskaraz zerbitzuak jasotzeko are aukera gutxiago izango dituztelako eta zerbitzu zentralak jaso behar dituztenean ere ez zaielako aukera hori bermatuko» adierazi du.
Behatokiko zuzendariak azken urteetan indarrean egon diren arauen errepasoa egin du: «1994an gutxienez %10 eta %5 baloratzen zen, 2009tik aurrera eremu mistoan lanpostu batzuetan %3 eta besteetan %6 baloratzen zen. Orain aurkeztu dutenean gutxieneko balorazio hori baztertu dute. Urteetan euskaldunen kontra egin dutenek baino harago jo nahi al dute?» galdetu du Gaubekak. «Argi dugu eta behin eta berriz esango dugu, merezimenduetatik harago, beharrezko euskarazko lanpostuak bermatu ezean, hizkuntza-eskubideen urraketak izango direla, eta dekretu honek urraketak gainditzeko borondatea izan beharrean, atzerapausoak ekarriko ditu».
Iruzkinik ez "«Atzerapauso onartezina Nafarroan»"