KORRIKAko arduradunen eskutik jaso dugu 22. edizioaren berri

2022(e)ko urtarrilak 27 Iruzkinik ez

Gaurko Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritza-batzordean KORRIKAko arduradun Asier Amondok hartu du parte, eta martxoan hastekoa den KORRIKAri buruzko nondik norakoak azaldu ditu zuzendaritza osatzen duten bazkideen aurrean.

Urte bateko atzerapenaz etorriko da hogeitabigarren KORRIKA pandemiaren ondorioz. Egoera berezia izanik, ilusio handiz ekin dio AEK-k antolakuntzari. Amondok azaldu bezala: «Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka, 22. KORRIKAra batzeko unea da. Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin. Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin».

Kontseiluaren iritziz oso garrantzitsua da KORRIKAk sinbolizatzen duen guztia. Paul Bilbao idazkari nagusiak esan bezala: «Korrika batasuna da, Korrikak eragileen bat egitea dakar, aldatzeko grina duten eragileen eta norbanakoen bat egitea da. Korrikan ere aldatzeko batzen baikara. Eta, noski, hori guztia KORRIKA egiten dugu, hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren abiadura bizkortu behar delako».

Aurtengo KORRIKA martxoaren 31n Amurriotik hasi eta apirilaren 10ean Donostian bukatuko da. Informazio guztia www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri.