Eskubide urraketak betikotzen dituzten lan deialdiak eten behar dituzte
Nafarroako Gobernuak erizainen 424 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia zabaldu berri du. Legeak ezarritako eremu misto zein ez-euskaldunetako lanpostuetan euskararen ezagutzak ez du inolako baliorik, bai, ordea, ofizialak eta berezkoak ez diren ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutzak.
Eskubideen urraketa sistematikoa osasun-asistentzian
Euskalgintzaren Kontseiluak gogor salatu du azken deialdian Nafarroako Gobernuak euskararen ezagutzari inolako baliorik aitortu ez izana: «Etorkizunean nafarren hizkuntza-eskubideen urraketa betikotu dituzten neurriak ari da behin eta berriro hartzen Gobernua», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Horrekin batera, euskararen normalizazioaren aldeko 26 gizarte eragilek osatzen duten Kontseiluak azpimarratu nahi izan du lan deialdi honen bidez, hizkuntza-eskubideak ez ezik, herritarrek osasun-asistentzia duinerako duten eskubidea ere ezbaian jarriko dela. «Eta horrek Europako Kontseiluaren gomendioen kontra egiten du. Gogora dezagun, behin eta berriz adierazi dutela osasun-asistentzia berezko hizkuntzan jasotzea zein garrantzia den» esan du Paul Bilbaok.
Bilbaok gogoratu du lanpostu publikoetan euskararen zokoratzea garai iluneko Gobernuaren estrategia izan zela: «2000 urtetik aurrera, orduko Nafarroako Gobernuak euskaldunen eskubideen urraketak betikotzeko, euskarari prestigio osoa kentzeko eta euskara bera desagerrarazteko politika bortitzean kokatu behar dugu lan deialdietan euskararen ezagutzari aitortzarik ez egitea».
Izan ere, erizainen postuak betetzeko deialdien bide beretik eman dira suhiltzaile kaboetarako 16 plazen betetzea, enpresa zientzien diplomaturako 43 lanpostu deialdia, edota SOS Nafarroako koordinazio operadore laguntzailerako 20ena. Azaroan suhiltzaileen 120 lan-postu betetzeko deialdia ere aterako da, eta bidegabekeria bera gertatzea espero liteke. «Ulertezina da politika kohesionatzaileak eta berdinzaleak egiten dituela aldarrikatzen duen Gobernuak orduko bidegabekeriekin jarraitzea», azaldu du Kontseiluko eledunak.
Dekretu berriaren beharra
Kontseiluaren ustez, Nafarroako Gobernuak ez dio benetako arazoari irtenbiderik eman nahi, eta testuingurua baliatzen ari da herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu dituzten neurriak behin eta berriro hartzeko: «Uztailean, Kontseiluak deitutako manifestazioan, horrelakoak behin eta berriz ari direla gertatzen salatu genuen Iruñeko kaleetan. Are gehiago, aurreratu dutenez, hemendik eta abendura bitartean administrazioko mila lanpostu inguru ateratzekotan dira. Dekretuaren aferari irtenbiderik eman ezean, lanpostu horietan guztietan euskararen ezagutzari ez zaio erreparatuko» azaldu du Kontseiluko ordezkariak.
Gauzak horrela, Kontseiluak administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuaren beharra aldarrikatu du: «Herritarren eskubideen bermea ardatz izango duen dekretua behar dugu, baldin eta, besteak beste, garai ilunetako Gobernuaren politikak erreproduzitu nahi ez badira» gaineratu du Bilbaok. Horrexegatik, uztailean Iruñeko kaleetan aldarrikatu bezala, Kontseiluko eledunak alderdiei gutxieneko adostasuna eskatu die bidegabekeria honi amaiera emateko. «Dekretuak aurrera egiteko tresna izan behar du, eta ez ordea, hogei urte atzera eramango gaituena» gaineratu du, eta halako bidegabekeriak onargarriak ez direla uste duten alderdiei irmotasun handiagoa eskatu die.
Iruzkinik ez "Eskubide urraketak betikotzen dituzten lan deialdiak eten behar dituzte"