Protokoloaren aplikaziorako lehen urratsa Hendaian

2021ko irailak 29 Iruzkinik ez

Hendaiako Herriko Etxeak, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa: Garapena Herriko Etxeetan dokumentua oinarri, hizkuntza-politikaren oinarriak lantzeko proiektu pilotua abian jarri zuen apirilean. Proiektuak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa herrietan garatzea du oinarri.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko hainbat adituk eta Europako 30etik gora hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora gizarte eragilek osatutako dokumentua da, besteak beste, Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileak.

Protokoloa herriko etxeetan zein udaletan garatzeko egokitu zen, hain zuzen ere, bertan jasotzen diren neurriak herriko etxeek nola bete ditzaketen azaltzeko. Ondorioz, bi dokumentu berri jorratu ziren errealitate administratiboen arabera, bata Ipar Euskal Herrirako eta bestea Hego Euskal Herrirako.

Dokumentu horien aplikagarritasuna egiaztatzeko, hiru herritan proiektu pilotuak jarri zituen martxan Euskalgintzaren Kontseiluak: Hendaia (Ipar Euskal Herria), Uharte (Nafarroa) eta Arrigorriaga (Euskal Autonomia Erkidegoa). Horrela, hiru eremu administratiboetan baldintza desberdinak dituztenez, proiektu pilotuen bidez aplikagarritasunari buruzko irizpideak atera nahi ditu Kontseiluak, hain zuzen ere, hizkuntza-eskubideen bermea helburu izango duten politikak definitzeko.

Proiektua 2021eko apirilean aurkeztu zen eta geroztik hona zenbait urrats eman dira. Orduan azaldu bezala, proiektuak bi fase nagusi ditu: lehena diagnostikoaren fasea, eta bigarrena aurrera begirako neurrien definizioa. Horrekin batera, garrantzitsutzat jo zen, Kontseiluaren eta Herriko Etxearen arteko elkarlanaz harago, proiektua herriko elkarte eta euskalgintzako kideekin lankidetzan garatu beharra.

Diagnostikoaren zirriborroa herriko eragileei aurkezteko bilkura

Hendaiari dagokionez, Herriko Etxeko Euskara lan taldea lanean ibili da diagnostikoa osatzen. Horretarako, Protokoloaren herriko etxeetako garapena oinarri, zerbitzu guztietako itzulia egin dute Batzordeko kideek informazioa biltzeko. Informazio hori guztia baliatu da diagnostikoaren lehen zirriborroa osatzeko.

Bart, Herriko elkarteek diagnostikoaren berri izan zuten zeinetan udal zerbitzuak eta udal eremuaz kanpoko zerbitzuei buruzko azterketa bat azaltzen baitzen. Azken helburua herriko hizkuntza proiektu orokorra aberastea izango da elkarteen ekarpenei esker eta bakoitzak bere eremuan egin ditzakeen ekimenei esker.

Hizkuntza-politika elkarlanean garatzearen garrantzia

Bilkuran hurrengo epeak ere zehaztu ziren. Horrela, bigarren bilkura finkatu da urriaren 21ean (osteguna), 18:00etan, Herriko Kontseiluaren gelan. Jasotako ekarpenak partekatuko dira eta aurrera begirako hizkuntza-politikaren definizioa elkarte euskaltzaleen laguntzarekin batera landuko da.

Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluak beti adierazi izan du hizkuntza-politika elkarlanean garatuz lortzen dela eraginkorragoa izatea, eta eredu hori jarraikiz garatzen ari da proiektu pilotua. Hendaiako Herriko Etxeak elkarlana bultzatzeko prestutasuna agertu du, eta eragileek gogotsu erantzun diote deiari.