Ez egin entzungor nafar jendartearen parte handi batek eginiko aldarriari
Nafarroako Gobernu berria osatzeko alderdi politikoen arteko negoziaketak abiatu diren honetan, Kontseiluak gogora ekarri du apirilaren 20an Nafarroa osoko 200dik gora gizarte eragilek aldarri argia eraman zutela Nafarroako Parlamentu aurrera: euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, ezin dira beste lau urte itxaron. Izan ere, ofizialtasunak nafar guztiei lurralde osoan euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea emango die, beste inori eskubiderik kendu gabe.
Euskalgintzaren bueltakoez gain, askotariko esparrutan aritzen diren eragileek ere adierazi zioten atxikimendua ofizialtasunaren aldarriari, hala nola, pertsona migratzaileen elkarteek, memoria historikoa lantzen dutenek edota kultura mundukoek. Denetariko gizarte-eragileak batu ditu kohesioaren, justizia sozialaren eta bizikidetzaren alde lerratzen den eskaerak.
Maiatzean, hauteskunde kanpainaren testuingurua probestuta, Kontseiluak bilera eskaera egin zien Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezturiko alderdi politikoei. Hauetan, ofizialtasunaren aldeko kanpainaren berri eman eta Gobernua osatzeko balizko negoziazioetan gaiari dagokionez hartuko zuten jarrerari buruz galdetu zitzaien. Bilera errondan, Geroa Baik, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak adierazi zuten ofizialtasunaren aldarriarekin bat egin eta zonifikazioarekin bukatu beharra ikusten zutela.
Kontseiluak eskatu die nafar jendartearen ordezkari gisa arituko diren arduradun politikoei, nafar jendartearen parte handi batek eginiko aldarriari entzungor egin ez eta behar bezala hel diezaiotela gaiari. Hau da, ofizialtasunaren aldarriari eutsi eta ez dezatela negoziaketen lehen minutuan erortzen utzi. Legegintzaldi hau izan dadila behingoz eskubideen zonifikazioarekin bukatu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatuko duena; milaka herritarrei hizkuntza-eskubideak aitortuko dizkiena.
Azkenik, Kontseiluak oso garrantzitsua deritzo honakoa azpimarratzeari: «ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kenduko, baizik eta aitortu gabe dituenari emanen dizkio». Horregatik, adierazi du, «ofizialtasuna ateak irekitzeko giltza bat da: nafar guztien arteko berdintasunean, kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko giltza».