…Gobernuari, ausardia. Behingoz.

2019ko urriaren 21a Iruzkinik ez

@PaulBilbao

Justizia, berdintasuna eta kohesioa. Horiek dira zalantzarik gabe gizarte demokratiko eta justu bat eraikitzeko ardatzak. Eta ozen esan behar dugu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaiak hiru ardatz horiekin talka egiten duela, talka zuzena.

Hau paradoxa, eskubideen zaintzarako instituzioak eskubideak bermatzeko neurrien kontra egitea. Izan ere, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren kontra egitea da herritarren eskubideak bermatzeko neurriak bertan behera uztea.

Epaia jakin eta gure lehen erreakzioa zera izan zen: oso larria da, baina ez gaitu harritzen. Eta zergatik ez gaitu harritzen? Gaur egun, hemen, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren kontra, herritarrei eskubide desberdinak aitortzen dizkien marko juridikoa, eta bereziki lege bat, dugulako.

Duela urte bat Parlamentuan, beste behin, esan genien parlamentarioei egungo marko juridikoak, euskararen legeak, herritarrak babesgabe uzteaz gain, eskubideak bermatzeko hizkuntza-politika egokiak abian jartzea oztopa zezakeela.

Eta epaiak halaxe erakutsi du. Eta, lagunok, hemen kontua ez da erakustea ea zeinek duen arrazoia. Hemen kontua da, ez dela justiziarik, berdintasunik eta kohesiorik egongo, egungo legediak indarrean dirauen bitartean. Eta guk jarraituko dugu lanean nafar guztiak berdintasunean hartuko dituen lege berri bat erdiesteko. Badakigu zen den harresia, badakigu zein den egun dugun gerrikoa… Nafar guztiontzat baliagarria den jantzia behar da, josi behar dute, josi behar dugu.

Halere, gaur Gobernuaren aurrera etorri gara, Gobernuari zuzendu nahi gatzaizkiolako. Hiru hitzetara ekar dezaket gaurko hitzartzea: AUSARDIA, AUSARDIA, AUSARDIA (eta nahi izatera, hiru harridura-marka erantsi azkenari).

Ausardia herritarren eskubideen bermerako neurriak hartzeko; ausardia politika eragingarriak abian jartzeko, ausardia euskal gehiengo sindikalaren eskaerei erreparatzeko; ausardia euskararen presentzia errotulazioan, argitalpenetan, seinaleetan eta abarrekoetan bermatzeko; ausardia herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten langileak kontratatzeko; ausardia epaiari helegitea jartzeko (eta, bai, badakigu bide hori laburra dela, baina desadostasuna agertzeko modua ere bada); ausardia euskaraz bizi nahi dugunoi bidea errazteko.

Hizkuntza-politika egiteko bi bide daude. Itzul daitezke duela urte batzuetako hizkuntza-politika ilunetara edo herritar guztiak bere egingo dituen politika abian jar dezakete.

Hau da, bi aukera ditu Gobernuak: bidegabekeria, bereizkeria eta injustizia ardatz dituen gizartea eraikitzea edo justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte demokratikoaren bidea hartzea. Gure aldetik, beti esan izan dugun bezala, bide-lagun izango gaituzte, eta gaur, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean hori berretsi nahi dut, bide-lagun izango gaituztela, bidea elkarrekin egin behar dugulako eta hori erakutsi dugu azken urteotan.

Bukatzeko, gaur hemen elkartu garen guztion presentzia eskertu nahiko nuke, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izenean. Langileok, familiok, adiskideok; nik, zuk, albokoak eta aurrekoak, lan esparruan, ikastetxean, euskaltegian, elkartean etxean, kalean…  eremu guztietan, aurrera egiteko eskubidea eta gaitasuna badugu, ekin diezaiogun;

…eta Gobernuari, esan bezala, ausardia. Behingoz.

 

[rl_gallery id=”11647″]