Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatu du Kontseiluak Iruñean
Kontseiluaren deiari erantzunez, ehunka herritar bildu dira Iruñeko kaleetan etorkizuneko politiketan eskubide murrizketarik egon ez dadila aldarrikatuz. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, Baluarte plazatik abiatu eta Sarasate pasealekuan amaitu da manifestazioa, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartzearekin.
Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berria izan du mintzagai; iraganeko politikak uxatu, eta kohesioa, berdintasuna eta justizia helburu, euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko adostasun batzuetara iristeko beharra aldarrikatu du.
Duela hogei urteko inertziak
Sarasate pasealekuan bilduta zeuden herritarren aurrean Bilbaok gogora ekarri du duela hogei urte Kontseiluak euskaldunon eskubideen defentsan lan egiteko Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuela. Eta hain zuzen, asteartean bi erakundeetako ordezkariek egindako agerraldian adierazi bezala, Behatokiaren hasierako ekimena izan zen orduko Nafarroako Gobernuak argitaratutako zenbat deialdiren kontrako errekurtsoak jartzea. «Esan behar dizuet azken bi urteotan pare bat hamarkada egin dudala atzera, déjà-vu antzekoa sentitu dudala», esan du Bilbaok. Izan ere, «azken bi urteotan Nafarroako Gobernuak argitaratu dituen ehunka lan deialditan duela bi hamarkadako politika ilunetan erabiltzen zituzten irizpide berberak baliatu dituzte».
Dekretu berrian, herritarren eskubideak aztergai
Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berriaren harira, Kontseiluko ordezkaria oso kritiko agertu da. Izan ere, «filtrazioen bidez ari dira dekretuaren gaia gizarteratzen, eta horrela, eztabaidaren muina haiek erabakitako puntu batzuetara eramaten ari dira».
Bide horretan, Bilbaok esan du eztabaida ezin dela mugatu ea euskararen ezagutza alemanaren, ingelesaren edo frantsesaren parekoa izango den zehaztera, bere hitzetan, «euskara ez eta gainerako hizkuntzak baloratzea, duela hogei urteko politika ilunetara itzultzea» litzatekelako. Sakoneko eztabaida Dekretu berriak euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatzean kokatzen dela aldarrikatu du: «Euskararen baloraziotik harago, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko dekretua izango den ala ez da aztertu beharrekoa».
Kohesioa, berdintasuna eta justizia ardatz
Bilbaok gogoan izan du duela bi urte auzitegiak euskararen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zuela, eta hori zuzentzeko prestatu behar zutela Dekretu berria: «Gobernuak esan zigun baliogabetutako artikuluak berridatzi eta babes juridikoa izan dezaten dekretu berria jorratzen hasiak zirela, eta azkar onartzeko asmoa zutela». «Kontua da baliogabetutako artikuluak zuzentzeko baino, atzerapausoak egin eta herritarren eskubideen urraketak betikotzeko neurriak bilduko dituen dekretua prestatzen ari direla», esan du. Eta, beraz, «hitza ez betetzeaz gain, euskararen ezagutza baztertu nahi dute etorkizuneko hainbat lan-deialditatik, ondorioz, hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuz» azaldu du.
Horregatik guztiagatik, Kontseiluko eledunaren arabera, gizarte kohesionatu, justu eta berdinzalea ardatz izango dituen politika batek ezin du herritarrak baztertuko dituen arau bat aurrera eraman.
Gutxieneko batzuk adostu beharra
Hitzartzearen amaieran Kontseiluko idazkari nagusiak eragile politikoei dei egin die oinarrizko adostasun batera iristeko. «Zeinek bere arduratik, zeinek bere erantzukizunetik… baina marra gorri batzuk, gutxieneko batzuk, adostu behar ditugu», aldarrikatu du Bilbaok. Eragile politikoez gain, euskalgintzari, eragile sozialei zein eragile sindikalei egin die erreferentzia, eta adostasun horietara iristea «ezinbestekoa» dela adierazi du, «Dekretuarekin hogei urtera atzera egin ez dezagun, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu ez daitezen».
Iruzkinik ez "Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatu du Kontseiluak Iruñean"