Nafarroako eragile sozialek seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzeko deia egin diete gurasoei

2026ko urtarrilaren 22a
SAKATU KARTELA HANDITZEKO

Gaur, Nafarroako ikastetxeetako aurrematrikulazio epea gerturatzen ari dela eta, euskarazko ereduan matrikulatzearen aldeko «Etorkizuna euskaraz hazi» kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako euskalgintzako eta hezkuntza eragile nagusiek, sindikatu euskaltzaleekin batera.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren aurrean egindako Agerraldian parte hartu duten eragileak hauek izan dira: euskalgintzatik AEK, IKA, Errigora, Taupa Mugimendua, EHE, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Dindaia, AET, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Euskalgintzaren Kontseilua; hezkuntza arlotik, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, NIZE zuzendarien elkartea, IKAMA Nafarroa eta NUPeko Euskara Taldea; eta sindikatuetatik LAB, ELA eta STEILAS.

Hitza hartu dute Aitziber Garmendia Sortzen Elkarteko ordezkariak, Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.


ADIERAZPENA

Nafarroako euskalgintzaren eta hezkuntza komunitatearen ordezkaritza askotarikoa –hau da, Nafarroako gizartearen ordezkaritza zabala– elkartu gara gaur hemen zuen seme-alabak eskolaratzeko unean zaudeten gurasoei euskarazko ereduetan matrikulatu ditzazuela eskatzeko.

Izan ere, haurrei euskara ematea haietako bakoitza pertsona eta herritar gisa aberastea da: kultur unibertso oso baterako atea irekitzea, eleaniztasunerako gaitasuna indartzea, Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egitea, etorkizunean herritar osoagoa izateko bidea eskaintzea… Euskarazko ereduek euskara, gaztelania eta hizkuntza gehiagoren gabe izango diren ikasleak sortzen dituzte; harremanak zabaltzeko bidea ematen dute, trebakuntza eta aukera profesionalak areagotzeko modua dira, garapen pertsonalean sakontzekoa. Nafarroaren osotasuna jasotzeko giltza. Azken batean, euskarazko ereduek etorkizuneko ateak eta aukera berriak irekitzen dizkiete haurrei.

Baina baita ere egungo umeei euskara ematea gizarte gisa dugun amankomuneko etorkizuna hobetzeko bidea da: hasteko, kinka larrian den euskarari, Nafarroako berezko hizkuntzari, etorkizuna bermatzea, Pizkunde berri baterako hazia landatzea. Era berean, nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzea. Hizkuntzen auzia arrakalarako bide izan dadin eragotzi eta gizarte kohesioa indartzeko modua, justizia sozialean aurrera egitekoa, eta, beraz, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzekoa. Ez dezagun ahaztu azken ikerketen arabera Nafarroan handia dela euskararen normalizazioaren aldeko adostasun soziala.

Horrenbestez, gure seme-alabei euskara ematea etorkizun hobe hori elikatzea da. Are eta gehiago gaur egun mundu osoan nagusitzen ari den testuinguru bortitzean. Izan ere, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren parte da beste hainbat kolektibo zapalduren aurka bezala hizkuntza minorizatuen eta hiztun komunitate minorizatuen aurka egitea. Olatu erreakzionario hori hizkuntza hegemonikoak indartzera dator, beste supremazismo batzuekin batera hizkuntza supremazismoa sendotzera. Olatu horren aurka egiteko tresna indartsua dugu euskara: tokikoaren, komunitatearen, aniztasunaren, askatasunaren, justiziaren eta bizikidetzaren alde egitea den heinean. Gure seme-alabei euskara ematea mundu bizigarriago baten alde egitea da.

Hau guztia esanik, ez dugu ahaztu nahi, zoritxarrez, oraindik ere, Nafarroako leku askotan seme-alabei euskara emateko hautua egitea zailtasunez beteriko bide bat dela gurasoentzat eta zenbait herri eta ikastetxetan ez da euskarazko ereduez informatzen edo familiak baldintzatzen saiatzen dira. Horregatik, dei berezi bat egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari, eta zehazki Hezkuntza Departamentuari, euskarazko ereduei bide emateko trabak ezarri ordez erraztasunak eskaini, eta, are, euskarazko ereduen bultzatzaile izan dadin ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bermatua izan dezaten. Halaber, eskaera indar politikoei euskarazko ereduen eskaintza aldian aldiko negoziazio politikoetatik atera eta Nafarroako hezkuntza sistemak berak proposatu eta bultzatutako egiturazko aukera izan dadin.

Baina matrikulazioa abiatzear den honetan, gonbidapen berezia gurasoei: eman euskara zuen ondorengoei, haietako bakoitzaren etorkizun eta ongizate pertsonalaren alde, jakina. Eta, aldi berean, etorkizuneko Nafarroa eta mundu hobe baten alde.

Matrikulatu euskaraz, etorkizuna hazi euskaraz!


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!