Paul Bilbao: “Zonifikazioa gaindituko duen lege berria egiteko garaia da eta ez zirrikituak bilatzen aritzekoa”

2017ko otsailaren 22a Iruzkinik ez

ZonifikazioaGainditu

Idazkari nagusi Paul Bilbaok eskaera zuzena egin die aldaketaren alderdiei: “Berreraiki ezazue 2011n Euskararen legea ordezkatzeko zuetako gehienok Parlamentuan erakutsi zenuten adostasuna.”

Herri batzuei eremu mistoan sartzea ahalbidetuko dien lege aldaketa egitea proposatu dute lau alderdiek. Kontseiluarentzat ez da ulertzen erraza planteamendu hori egin izana. “Behin eta berriz, urteetan, aldarrikatzen ari gara Lege horrek zein aldaketa behar duen, eta garaia da urrats hori egiteko” adierazi du Kontseiluko ordezkariak.

Euskalgintzak udalek egin duten eskaria ulertzen duela azaldu du Bilbaok. “Udalek tresnak behar dituzte eta euskararen ofizialtasunaren aferan urgentzia bat badute. Zirrikitu bila ibiltze horrek euskararen aldeko ahalegina erakusten du, gure ustez. Udalek egiten duten diagnostikoa partekatzen dugu, esaten dutenean 18/1986 Foru Legeak herritarren hizkuntza-eskubideei eragiten diela eta horren ondorioz diskriminazio egoera larriak pairatzen direla”.

Halaber, euskararen ofizialtasuna nafar lurralde osora zabaltzeko udalen eskaria partekatzen dutela azaldu du Bilbaok. Hala ere, “gogorarazi nahi diegu udalei eremu mistoak ez diela hizkuntza aukera berdintasuna bermatzen herritarrei eta ez dituela ondorioz, hizkuntza-eskubideak bermatzen. Eta euskararen normalizazioaren aldeko neurri eragingarriak hartzera gonbidatu nahi ditugu. Horretarako bidelagun izango gaituzte.”.

Duela 6 urteko adostasuna berreskuratu

Agerraldia egindako leku berean (Kondestablearen Jauregia) 2016ko abenduaren 15ean egindako ekitaldia ekarri du gogora Kontseiluaren eledunak. “Hemen bertan Nafarroako Parlamentuko presidenteari luma bat eman genion lege berria idatz zezaten, bada, ez da nahikoa lege aldaketa eremu mistoaren zabaltzean geratzea. Luma ez genien horretarako eman”, esan du.

Bestalde, Bilbaok harridura agertu du oposizioan zireneko eta agintean daudeneko alderdien posizioak ezberdinak direlako. 2011n NaBai-k lege proposamena aurkeztu zuen, Ezker Batuaren babesarekin, euskarari ofizialtasun betea aitortzeko Nafarroa osoan, eta indargabetzeko 18/1986 Legea eta bere xedapen guztiak. Ez zuten lortu legea aldatzea, baina ekimen hark balio izan zuen euskaldunok pairatzen dugun injustizia bistaratzeko. Bilbaok galdera bat luzatu nahi izan du: “Orduan parlamentuan gutxiengoa ziren eta proposamenak ez zuen aurrera egin, beraz, zein oztopo dago orduko adostasuna berreraiki eta parlamentuan gehiengoa duten honetan horrelako proposamen batekin aurrera egiteko? Eskura dute aldaketa norabide egokian egitea, eta beste behin esan nahi dugu, eskura gaituztela. Horretarako, duela sei urte erakutsi zuten adostasuna errepikatzea besterik ez dago”.

Ardura alderdiena dela argi utzi du Bilbaok, bestalde. “Zonifikazioa gainditu behar dela diote bai udalek eta baita herritarrek ere eta horren ardura alderdiek dute”.

Herritarrei zuzendutako hitzak ere izan ditu Kontseiluko idazkari nagusiak. “Herritarrei gaur egungo Legeak arazo handiak sortzen dizkie, ezagunak dira euskarazko hezkuntza sustatzeagatik izan diren erasoak. Gurasoek eta udalek, hala ere, irmo eutsi diote nahiari eta gogor ari dira lanean. Beren ahaleginean jarraitzeko gonbita egin nahi diegu. Guk ere bide berean jarraituko dugu lanean, bidelagun izango gaituzue”, amaitu du Bilbaok.