Ekainaren 10eko ‘Sorionekuak’ mobilizazio herritarrarekin bat egin eta Iruñeko kaleak betetzera deitu du Kontseiluak
Iragan urtarrilaren 14an Nafarroako gizarteko hainbat arlotan ezagun diren 19 lagunek ‘Sorionekuak, euskara nafar guztiona’ ekimena plazaratu zuten, ekainaren 10ean mobilizazio herritar batera deituz Iruñean. Deitzaileek egun osoko egitaraua antolatu dute, Iruñea «ospakizun erraldoi» bihurtzeko gogoz. Eguneko ekintza garrantzitsuena 17:30ean Antoniutti Parketik abiatuko den manifestazioa izanen da.
Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak ekimenari atxikimendua eman dio, eta dei egiten du ekainaren 10ean Iruñean eginen den mobilizazio herritarren parte hartzera eta hiriburuko kaleak betetzera.
Arestian aipatu bezala, ekimenaren bultzatzaileak euskaraz bizi nahi duten herritarrak dira. Baina, borondate hori izanik ere, egunerokoan hamaika traba aurkitzen dituztenak, besteak beste, zonifikazioaren ondorioz, Nafarroako eremu handienean bigarren mailako herritar izateraino. Horrexegatik, ardura politikoa exijitzeko garaia dela nabarmendu zuten deitzaileek euren manifestuan. Ildo beretik, Kontseiluak azpimarratu du euskararen ofizialtasuna dela nafar guztien berdintasuna bermatuko duen giltza: «inori eskubideak kendu baino, ez dituenari aitortzen dizkiolako».
Horrenbestez, ekainaren 10ean, larunbatarekin, Nafarroaren erdi-erdian den Iruñean euskararen aldeko taupada indartsua sentitzera gonbidatzen gaitu egitasmoak. Eskubideak errespetatu, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu eta harrotasuna zabaltzeko deia egiten digu.
Hala ere, mobilizazio herritarraren deitzaileek kezka eta salaketa adierazpenetatik harago joan nahi dute dinamika honekin. Euskara bizitzeko eta gozatzeko nahi dutela nabarmentzeaz gain, iragana baino etorkizuna dela azpimarratu dute, eta nafar guztiena dela aldarrikatu: «Euskara ez delako inork hona ekarritako zerbait, galde diezaietela bestela Irulegiko bizilagunei».
Ekimenaren sustatzaile izan diren 19 herritar horiek ezagun dira Nafarroako gizarteko hainbat arlotan egiten duten lanagatik. Tartean dira, esaterako, Castillo Suárez idazle eta euskaltzaina, Tania Gonzalez Agirre Unión Tutera taldeko futbolaria, Saioa Alkaiza Guallar bertsolaria edota Nerea Urbizu Ruiz musikaria.