Europako hizkuntza berdintasunerako ELEN sareak euskararen berpizkunde berri baterako abenduaren 27ko ekimena babesteko deia egin du Bartzelonatik

2025ko azaroaren 15a

Azaroaren 14 eta 15ean, Europa osokoko hizkuntza-aktibisten 180 erakunde ordezkatzen dituzten 100 ordezkari bildu dira Bartzelonan, Europako Hizkuntz Berdintasunaren Sarearen (ELEN) 2025eko Batzar Orokorrean. ELEN hizkuntza gutxituak eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babestu eta sustatzeko lan egiten duen Europako gizarte-eragileen sare handiena da.

2024ko Batzar Orokorra Bilbon egin ondoren, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta, eta 2025koa antolatzeko ardura Kataluniako CIEMEN elkarteak hartu du, Kataluniako Generalitatearen eta Bartzelonako Udalaren babesarekin. Bi egunez egin diren hitzaldi, mahainguru, aurkezpen eta eztabaida guztiak El Born kultur eta memoria zentroan izan dira.

ELENeko Batzarrak Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako ebazpena (behean ikusgarri) aho batez onartu du, eta abenduaren 27an Bilbon egingo den ekitaldia babesteko deia egin du, euskararen berpizkunde berri baterako indar kolektiboa sortzeko asmoz. Azaldu dutenez, euskarak larrialdi linguistiko egoeran jarraitzen du egiturazko minorizazioaren ondorioz, eta azken urteetako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoek bere koofizialtasuna eta hizkuntza-politikako neurriak arriskuan jarri dituzte.

Honen aurrean, ELENek gogorarazi du hizkuntzen berpizteko bidea beti hiztunen ekimenetik eta herri indarretik etorri dela. Horrexegatik, abenduaren 27ko ekitaldiaren bidez Bilbo euskararen eta beste hizkuntza gutxituen aldeko topagune erraldoi bilakatzera deitu dute ELEN sarea osatzen duten eragileek, eta herritarren aktibazioa eta mobilizazioa eskatu dute hizkuntza gutxitu guztien normalizazioan eragiteko. Azkenik, ELENek euskatzale guztiei abenduaren 27ko ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatu die, hizkuntzen biziberritzerako Pizkunde berri bat eragiteko.

Estrategia digitalak eta sare sozialak hizkuntz biziberritzearen alde

Aurtengo Batzarra minorizatutako hizkuntzen biziberritze prozesuetan teknologia digitalek, komunikabideek eta sare sozialek duten garrantzian zentratu da. Europako txoko ezberdinetako politika eta praktika berritzaileak partekatu dira, eta berdintasun linguistikoaren mugimendua sendotzeko estrategiez eztabaidatu ere. Batzarra hizkuntza gutxituen ofizialtasunaren aitortzari eta murgiltze-ereduko hezkuntzari dagokienez inoizko babes sozial handieneko une batean egingo da, 2024ko Eurobarometroak islatzen duenez.

Bertaratutakoei ongietorriak egin dizkiete Elin Haf Gruffydd Jones ELEN sareko lehendakariak eta Davyth Hicks idazkari nagusiak, David Minoves CIEMENeko presidenteak, Nicolas Levrat Nazio Batuetako Gutxiengoen gaiei buruzko Errelatore Bereziak, Marta Salicrú Bartzelonako Udaleko katalanaren gizarte erabilerarako arduradunak, Francesc Xavier Vila Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak.

Batzar Orokorrean ELENek Europar Batasunaren aurrean garatuko duen kanpaina-estrategia aurkeztu da, Nazio Batuetako gutxiengoen errelatore bereziarekin lankidetzan landutakoa. Tailerretan ere hainbat gai jorratuko dituzte: sareko aktibismoa; etxebizitzaren arazoak hizkuntza-komunitateetan duen eragina; ELENen gazte-mugimenduaren garapena; Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eguneratzea, hizkuntza mehatxatuak indartu eta euren komunitateak ahalduntzea helburu duen FOSTERLANG proiektu berria, besteak beste.

Azkenik, Batzarrak aho batez onartu du HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen elkartea ELENeko bazkide gisa.


ELEN | EUROPEAN LANGUAGE EQUALITY NETWORK

2025eko BATZAR OROKORRAREN EBAZPENA

ELENek euskararen berpizkunde berri baterako abenduaren 27ko ekimena babesteko deia egiten du.

Urtebete pasa da Bilbon egindako ELEN – Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen Batzar Orokorrean euskarak larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi genuenetik. Orduan azaldu genuen azken hamarkadetako biziberritze aroa geldialdi fase batera iritsi dela erakusten duten seinale argi eta garbi ugari daudela. Egungo joerek horrela jarraituz gero, historian lehen aldiz, euskarak ez luke gizartean nagusi den lurralderik izango. Ezagutu dugun biziberritze garaia amaitzear dago, eta gainbeheraren arriskua handia da. Bestela esanda, euskararen etorkizuna jokoan dago.

Aldi berean, azken urteetako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko etengabeak zalantzan jartzen ari dira euskararen koofizialtasuna Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetan, eta minorizazio egoera gainditzeko beharrezkoak diren hizkuntza-politikako neurriak desegiten ari dira. Desofizializazio prozesu baten aurrean gaude.

Hori guztia, azken finean, euskararen eta euskal hiztunen komunitatearen gutxiagotze egoera iraunkorraren isla da —hau da, arazo estruktural baten sintoma. Kezkarako arrazoi soberan ditugu. Baina gaurko Batzar Orokor hau baliatu nahi dugu itxaropen mezua helarazteko. ELENeko kide garen erakunde guztiak, Euskalgintzaren Kontseilua tarteko, konprometituta gaude larrialdi hori indar kolektibo bihurtzeko. Eta horretan ari gara lanean.

Euskararen historiako beste une erabakigarri batzuetan bezala, ibilbide honetan funtsezkoa da are sendoago babestea Europako hizkuntza gutxituen normalizazioa eta, euskararen kasuan, euskaltzaletasun aktiboa. Euskara eta bere hiztun komunitatea, beste askok bezala, arrisku larriko uneak bizi izan dituzte lehenago ere, hizkuntza desagertzeko zorian egon zenekoak. Eta une oro, berritzea eta berpiztea euskaltzaleen eskutik etorri da: milaka pertsonaren ekimenetik, determinaziotik eta jardunetik. Batez ere, une erabakigarrietan elkarrekin bat egiteko eta kolektiboki jarduteko gaitasunetik.

Hori da gaur zabaldu nahi dugun itxaropen mezua, eta gonbidapen batekin dator: abenduaren 27an, bilaka dezagun Bilbo euskararen eta hizkuntza gutxituen aldeko topagune erraldoi bat. Etorkizuna jokoan badago, ezinbestekoa da guztiok gure ardura zatia hartzea eta gure hizkuntzen biziberritzerako bultzada berri bat sortzen laguntzea.

Abenduaren 27ko ekitaldia lehen urratsa izatea nahi dugu. Euskarak, edo beste edozein hizkuntzak, etorkizuna izan dezan, unibertso bat behar du: adierazpen, iruditeria eta erreferentzia partekatuen mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskal kultura, zailtasunak gorabehera euskara hautatzen duten sortzaile eta kultur langileek eraikitzen dutena. Guztion artean sortu eta partekatzen dugun unibertsoa da.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, ELENek abenduaren 27ko ekimena babestu eta herritarrei parte hartzeko deia egin nahi die.

Bartzelonan, 2025eko azaroaren 15ean.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!