Espainiako Estatuan eleaniztasuna eta hizkuntz eskubideak errespeta daitezela eskatu dugu
Gaur abiatu da Espainiako Estatuko erakundeetan herritarren eleaniztasuna eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko Lege Organikoaren Proposamenaren eztabaida Madrilgo Kongresuan. Honen harira, euskararen, katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren aldeko gizarte-erakundeek prentsaurrekoa egin dugu Kongresuko eskaileren aurrean. Jarraian, irakurritako adierazpen bateratua:
ADIERAZPENA
2020ko abenduan, herrialde bakoitzeko hizkuntzen normaltasunaren aldeko gizarte-erakundeek bultzatutako Legez Besteko Proposamen (PNL) bat erregistratu zen Espainiako Kongresuan. PNL horrek Hizkuntza-berdintasuna: askatasuna, berdintasuna, demokrazia manifestu bateratuko puntuak jasotzen zituen, eta 2021eko martxoaren 11n eztabaidatu eta zati batean onartu zen. Onartutako puntuetako bat —Vox izan ezik gainerako alderdi guztien aldeko botoarekin— benetako errespetua eskatzen zuena zen, eskubide eta betebeharretan oinarritua, eta Estatuaren botere guztien jardun konprometituan.
PNL honen edukia Espainiako Estatuaren betebeharrean oinarritzen zen, alegia, «berak berretsitako nazioarteko akordioak eta tratatuak betetzea, hala nola Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Eurogutuna gisa ezaguna), edo gizarte zibilak, nazioarteko prestigiozko erakundeek eta adituen taldeek adostutako dokumentuak, esaterako Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala edota Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa».
Hizkuntza normalizazioaren aldeko erakundeek, Europako Kontseiluko Eurogutunaren aditu-batzordeak, eta nazioarteko erakunde honen Ministroen Batzordeak behin eta berriz adierazi dute Eurogutunaren aurkakoa den esparru juridikoa oraindik ere indarrean dagoela, eta beharrezkoak direla egitura-aldaketak benetako aniztasun linguistikoaren aitortza lortzeko, hizkuntza hauetan bizi nahi duen herritarrentzat eskubide eta betebehar berdinak bermatzeko.
Ildo horretan, Estatuaren erakundeen aurrean herritarren eleaniztasuna eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko Lege Organikoaren Proiektuaren izapidetze-hasierak izan behar du hizkuntza-aniztasunaren benetako eta eraginkorreko aitortzarako abiapuntua, eta hizkuntza-arrazoiengatik gertatzen diren diskriminazioak behin betiko amaitzeko politika sendo bati ekiteko unea.
Gure hizkuntzen etorkizunaren alde, eztabaida sakon baten beharra aldarrikatzen dugu, oinarri honen pean: ofizialtasun oso eta errealaren bermea, eta gure herrialdeetan gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea, beti eta edozein lekutan eta egoeratan.
