Itxaropen izpi bat, Extremadurako hizkuntza-aniztasuna babesteko eta ezagutzera emateko bide nekezean
Euskara, katalana, galiziera… Sobera ezagunak ditugun hizkuntzak dira, Espainiako Estatuan minorizatuak. Agian gutxi batzuek asturiera eta aragoiera ere aipatuko dituzte. Baina badira desagertzeko arrisku larrian dauden beste hizkuntza ugari, beraien lurretan ere ezezagutza handia jasaten dutenak.
Extremadurak, ondare kultural aberatsagatik ezaguna den eskualdeak, hiru hizkuntza gutxitu hartzen ditu. Eta sustrai historiko sakonak izan arren, desagertzeko arriskuan daude diglosia prozesu aurreratu baten ondorioz. Hizkuntza horiek extremadurera, Xálima ibarreko a fala eta portuges raianoa dira, eta nazioartean aitortuak izan arren –2020tik Hizkuntzen Europako Gutunean jasotzen dira–, presentzia sozial mugatua dute eta belaunaldien arteko transmisioa beherakadan dago.
Extremadurera, estremeñu edo castúo izenez ere ezaguna, asturleoneratik eratorria, historikoki Extremadurako lurralde zabalean hitz egin da, bereziki ipar-mendebaldeko eskualdeetan, baita Rebollarreko hizkera Salamankan. Nekazari eta klase herrikoien hizkuntza bezala zuen garrantzi historikoa gorabehera, azken mendean erabilera nabarmen jaitsi da, gaztelaniaren nagusitasunaren ondorioz. Gaur egun, biztanleriaren ehuneko txiki batek baino ez du kontzientzia hizkuntza hori hitz egiten ari dela, eta sarritan gaztelania txarra edo ezjakina bezala ikusten da. Kalkulu batzuen arabera, 10.000 pertsona lirateke kontzienteki hitz egiteko gai, adineko jendea batez ere. Extremadurerak ez du babes legalik, eta ia erabat desagertua da bizitza publikoan.
A fala hizkuntza talde galaikoportugesaren aldaera da, 6.000 hiztun inguru dituena, eta Sierra de Gatako Xálima ibarreko hiru udalerritan hitz egiten da: Valverdi du Fresnu, As Ellas eta Sa Martín de Trevellu. Herri bakoitzeko aldaerak valverdeiru, lagarteiru eta mañegu deitzen dira, hurrenez hurren. Extremadurako hizkuntzen artean Kultura Ondasun (BIC) izendapena jaso duten bakarrak dira, nahiz eta babesa ez den aski haien garapena edo hezkuntza-sisteman duten ikusgarritasuna sustatzeko.
Azkenik, portugaleraren aldaera den raianoa mugako udalerrietan hitz egiten da, bereziki Olivença eta Casalinho udalerrietan. Gertakari historikoen eta Portugalgo mugarekiko hurbiltasunak eraginda, gaztelaniaren eragin handia jasan du, eta haren erabilera gero eta marjinalagoa da.
Adostasun zabala, baina aurrerapauso urriak
OSCEC elkartea –Órgano de Seguimiento y Coordinación del Extremeño y su Cultura– 2011tik aktiboki ari da hizkuntza horiek zaintzen eta ezagutza zabaltzen, azken urteotan herritarren eta erakunde batzuen bultzada lagun. Tailerren, hitzaldien eta material didaktikoaren bidez, kontzientzia soziala handitzea eta hizkuntza horien ikaskuntza, batez ere extremadurera, sustatzea du helburu. Ahaleginak gorabehera, hizkuntza horiek ez dute babes ofizial nahikorik haien babesa eta garapena bermatzeko. Hala eta guztiz ere, Extremadurako Unibertsitateak eta OSCEC elkarteak egindako inkestaren arabera, extremadurarren % 71,4ak uste du erregioko hizkuntzek oinarrizko babesa emango liekeen Kultura Ondasun izendapena jaso beharko luketela.
Elkarteak tokiko eta estatu mailako erakundeen esku-hartzea eskatzen du. Extremadurak, bere Autonomia Estatutuaren bidez, bere ondare kultural eta linguistikoa babesteko agindua du, baina, oraingoz, aurrerapenak mugatuak izan dira arlo honetan. OSCECek hainbatetan eskatu dio Extremadurako Juntari hizkuntza horiek hezkuntza-sisteman sartzea barne hartzen dituzten neurriak lehenbailehen har ditzan.
Extremadurako Hizkuntzen Eguna, ospakizuna eta aldarrikapena
2018an, OSCEC elkarteak Extremadurako Hizkuntzen Eguna ospatzeari ekin zion. Aurten, irailaren 21an, VII. edizioa antolatu da Don Benito herrian, aurreneko aldiz Extremadurako Juntaren babesarekin. Egunaren hautua ez da ausazkoa; izan ere, 2001etik irailaren 26an Europako Hizkuntzen Eguna ospatzen da, Europako hizkuntza eta kultura aniztasuna sustatzea helburu duena, babestu eta bultzatu beharreko aberastasun gisa.
Bertako produktuen dastaketa eskaini eta jarraian ekin zitzaion inaugurazio ekitaldi instituzionalari. Juan Pedro Sánchez Romero Canal Extremadura telebistako aurkezleak eta OSCECeko kideak ongietorria eman zien auditorioa bete zuten 100dik gora pertsonei. Lehenik, María Fernanda Sánchez Don Benitoko alkateak hartu zuen hitza, aitortu zuen bezala, bizitzan lehen aldiz adierazpenak extremadureraz eginez. Jarraian, Caramancho Talde Folklorikoak ongietorria eskaini zuen, Extremadurako ondare kulturalaren eta linguistikoaren balioa defendatuz. Ondoren, Francisco Palomino Extremadurako Juntako Kulturako Idazkari Nagusiak hizkuntza gutxituak babesteko konpromisoa hartuz, eta Extremadurako Hizkuntzen Egunari jarraikortasuna emateko asmoa adieraziz. Daniel Gordo OSCECeko presidenteak hizkuntza horiei ikusgarritasun eta babes juridiko handiagoa emateko beharra azpimarratu zuen.
Ondorengo hitzaldian, hizkuntza gutxituen inguruko erakunde publikoen garrantziaz aritu ziren hainbat aditu mahainguruan. Bertan izan ziren Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatetako dekano ohia eta giza eskubideetan aditua; Inaciu Galán Asturiar Hizkuntzaren Akademiako kide osoa eta Iniciativa pol Asturianuko batzordekidea; eta Juan Carrasco Extremadurako Unibertsitateko hizkuntza portugesaren katedraduna. Inaciu Galanek, asturieraren biziberritzearen aldeko politikak bultzatzeko zenbait erretizentzia politikoren aurrean, hizkuntza gutxituak babesteko “estimulu positiboen” kontzeptua azpimarratu zuen.
Arratsaldean, “Elkarteetatik udalerrietara” izeneko mahai-inguruan, tokiko erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlanaren inguruan hitz egin zen. As Ellaseko alkate Antonio Bellancok eta Montehermosoko alkate Aureliano Martínek hizkuntzen zaintzan udalerrien duten zeregina nabarmendu zuten, eta Martin de Trevelluko kultura arduradunJuan Carlos Márquezek eta Extremeñería elkarteko kide Verónica Díazek azken urteetan gizarte ekimenetik garatutako proiektuak azaldu zituzten. Irail honetan, Montehermosoko Udala aitzindaria izan da, Extremadurako hizkuntzen aldeko konpromisoa adierazten duen Municipio comprometido con las lenguas de Extremadura mozioa aho batez onartu eta gero. «Galdutakoa berreskuratzeko» nahia adierazi dute herriko alderdi guztiek. Extremeñería elkarteko ordezkariak, halaber, eskubide sozialak eta eskubide linguistikoak borroka beraren bi aurpegi direla adierazi zuen, eta duintasuna eta harrotasuna berreskuratzearen garrantzia azpimarratu ere.
Ondoren, “Esperientziak beste lurraldeetan” mahainguruan parte hartu zuten Aingeru Mimentza Euskalgintzaren Kontseiluko komunikazio arduradunak, Inaciu Galan asturiarrak eta Fortunado Castro, Cácereseko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendaria. Lurralde bakoitzeko hizkuntza-politikak, indarguneak eta ahulguneak alderatu eta eztabaidatu zituzten. Kontseiluko ordezkariak balioan jarri zituen Euskal Herrira migratu zuten extremadurar askok, eta haien seme-alabek, euskararen biziberritze prozesuan izandako inplikazioa eta egindako ekarpena.
Jarraian, Mar Caro irakaskuntza aholkulariak, eta Vicente Pozas eta Daniel Domínguez kazetariek hizkuntza gutxituek hedabideetan eta gizartean duten presentzia eta garrantzia urriaz mintzatu ziren. Eguneko momenturik berezienetako bat Extremadurako Hizkuntzen Sariaren banaketa izan zen, Juan Carlos García Hoyuelos poeta eta kultura dibulgatzaileak hizkuntza gutxituen sustapenean egindako lanagatik jaso zuena.
Jardunaldia amaitzeko, “Hizkuntzen etorkizuna” izeneko mahaingurua egin zen, hiru gazteren bizipen eta gogoetak partekatzeko. Ana de la Fuente valverdeiro hiztunak, Ventura Rodríguez portugesera raianoaren hiztunak, Aníbal Martín Hurdeetako goi-extremadurera hiztunak, eta Sergio Gómez “El Gato con Jotas” musikari eta folkloristak beren eguneroko bizitzaz eta hizkuntzen biziraupena mantentzeko borrokaz hitz egin zuten. Bakoitzak bere hizkuntzan hitz eginda eta gaztelerara aldatzeko beharrik gabe, elkar entzunez antzekotasunak eta diferentziak ulertzeko aukera ezin hobea izan zen. Azken hausnarketa baikorra izan zen, baina argi geratu zen erakunde eta hezkuntza arloan ekintza gehiago behar direla.
Gauari amaiera emateko, musika izan zen protagonista. Caramancho Talde Folklorikoak bertako dantza tradizionalen erakustaldia egin zuen, eta ondoren Fônal eta El Gato con Jotas taldeek kontzertuak eskaini zituzten. Azken honek, herriz herri kantu folklorikoak berreskuratu eta musika elektronikoarekin fusionatzen ditu, ikuspuntu artistiko berriak eta queer-ak uztartuz, musika tradizionala moderno eta inklusibo bilakatzeko.
Extremadurako Hizkuntzen VII. Eguna ez zen soilik hizkuntza aberastasunaren ospakizuna izan, baizik eta hizkuntza horien etorkizuna bermatzeko oraindik egin beharreko lanaren gogorarazpen argia ere.