Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren berritze prozesuan parte hartuko du Kontseiluak

2026ko apirilaren 15a

Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (HEAU) aldarrikatu zenetik hogeita hamar urtera, CIEMENek eta PEN Catalàk nazioarteko proiektu anbiziotsu bat aurkeztu dute, erreferentziazko testu hori eguneratzeko eta XXI. mendeko aldaketa sozial, teknologiko eta politiko sakonetara egokitzeko.

Adierazpena Bartzelonan aldarrikatu zen duela 30 urte, 1996ko ekainaren 6an, Hizkuntza Eskubideen Mundu Kongresuaren baitan. Loteslea izan ez arren, bertan nazioarteko hainbat erakundek lehen aldiz jaso zuten hizkuntza komunitatearen definizioa eta hizkuntza komunitate guztiak eskubide berdinen subjektu bihurtu zituen. Ordutik, hiztun komunitateei dagozkien hainbat eskubide definitzeko giltzarria izan da erakundeentzat, gobernuentzat eta gizarte-mugimenduentzat.

Ekimenaren helburua da mundu osoan hizkuntza eskubideen babes eraginkorra indartzea eta agenda demokratiko, kultural eta giza eskubideen erdigunean kokatzea. Proiektuak erakunde eta instituzio sare zabal baten babesa du, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Garabide Elkartea, ELEN europar sarea, PEN Internacional, Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural. Prozesu ireki, parte-hartzaile eta izaera globalekoa izatea planteatzen da.

Erronka global berriei erantzuna

HEAUren eguneratzeak sortzen ari diren erronkei erantzun nahi die, hala nola digitalizazio azeleratuari, adimen artifizialaren eraginari, nazioarteko migrazioei, gatazka armatuei edo hizkuntzen gutxitze prozesuei. Era berean, funtsezko gaiak landuko ditu, hala nola ingurune digital eta hezkuntzako hizkuntza eskubideak, eta asimilazio behartuko prozesuen aurkako babesa.

UNESCOren datuen arabera, munduko hizkuntzen erdia baino gehiago desager liteke mende honetan zehar, nazioarteko babes esparru eraginkorrik ezartzen ez bada. Testuinguru horretan, Nazio Batuen sistemaren barruan hizkuntza eskubideen aitortza formala sustatzea du helburu proiektuak.

Euskal eragileen parte hartze aktiboa

Euskararen aldeko eragileen aldetik Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak berritze prozesu honetan aktiboki parte hartzeko asmoa adierazi dute. Izan ere, ekimena mundu osoan hizkuntza eskubideen babes efektiboa indartu eta demokrazia, kultura eta giza eskubideen alorreko agenden erdigunean kokatzeko asmoarekin sortu da.

Proiektua hainbat fasetan garatuko da 2028ra arte, azken helburua adierazpen berria Nazio Batuen Erakundearen eta UNESCOren aurrean aurkeztea izanik. 2026ko apirilaren 15etik aurrera, mundu osoko erakundeek, adituek eta entitateek ekarpenak egin ahal izango dituzte testu berria idazten laguntzeko.

Hau da prozesuan aurreikusitako egutegia:

  • 2026: Ekarpenak jasotzea (apirila–abendua)
  • 2026–2027: Testu berriaren idazketa eta berrikuspena
  • 2027ko azaroa: Aurkezpen publikoa Bartzelonan
  • 2028: Aurkezpena NBEren eta UNESCOren aurrean


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!