Hizkuntza-politikak hizpide Mallorcan
Diario de Mallorca egunkariak sortutako Foro Bellver delakoak Palma Mallorcakoan antolatutako mahai inguruan hartu du parte Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Berarekin batera, Galiziako Paulo Filgueirasek eta Kataluniako Esther Martík hartu dute parte, Mar Ferragut kazetariaren gidaritzapean.
Hizkuntza-politiken nondik norakoak
Egun, Hego Euskal Herrian garatzen diren hizkuntza-politiken laburpena egin zuen Kontseiluko eledunak, hezkuntzaren esparruan sakonduz: «Batetik, egun, EAEn jauzia egiteko unea iritsi dela ondorioztatu dugu, baldin eta ikasle euskaldun eleaniztunak lortuko baditugu. Bestetik, Nafarroan PAI ereduarekin garatzen ari den estrategia ere partekatu dugu, izan ere, Balear Uharteetan, bere garaian, herritarren presioari esker arrakastarik izan ez zuen eredua da PAI» azaldu du.
Horrekin batera, administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko irizpideak azaldu ditu bertaratutakoen aurrean. Eremu horretan ere, mahai gaineratu du EAEn hemendik gutxira aldatuko dela hizkuntza-eskakizunak arautzeko dekretua, eta beraz, aukera berria egon daitekeela administrazioa behingoz euskalduntzeko. Horrekin batera, Nafarroan gertatzen ari diren atzerapausoak azaldu dira.
Estatuaren axolagabekeria
Amaitzeko, Estatuari dagokionez, argi utzi du botere judizialak oldarraldiari ekin diola jurisprudentziaren bidez hizkuntza-eraentzari buruzko irakurketa berri bat sortu nahian gurea eta gurea bezalako hizkuntzak are gehiago baztertzeko. Horrekin batera, Gobernua bera ere berezko hizkuntzen eremuan modu axolagabean ari dela adierazi du, eta horren erakusle nagusiena ikus-entzunezko lege orokorra dela esan du.
Iruzkinik ez "Hizkuntza-politikak hizpide Mallorcan"