Gazte Euskaltzaleen Sareak milaka pertsona batu ditu Donostiako kaleetan

2022(e)ko maiatzak 23 Iruzkinik ez

Larunbatean, milaka pertsonak hartu zituzten Donostiako kaleak Gazte Euskaltzaleen Sarearen deiari erantzunez. Euskara Aurrera lelopean, Antiguako tuneletik abiatu eta Bulebarrean bukatu zen manifestazioa, hilabete lehenago KORRIKAren amaiera ekitaldia egin zen toki berean.

Manifestazioaren hasieran, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak egindako prentsa-adierazpenetan bi hitz nabarmendu zituen: ilusioa eta inflexioa. «Alde batetik, ilusioa, berriz ere Donostiako kaleak beteko ditugulako ilusioz, baina baita determinazioz, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko eta euskaraz bizitzea gure eskubidea dela lau haizetara zabaltzeko. Hori guztia ilusioz egingu dugu. Ilusioz, ikusten dugulako euskararen katea ez dela eten. Gazte Euskaltzaleen Sareak determinazioa erakutsi du euskararen borrokarekin aurrera egiteko, eta beraz, euskararen katebegi sendo bat izango dugu hemendik aurrera. Iruditzen zaigu gaurko eguna euskararen historian gorde beharko dugula».

Eta, bestalde, inflexioa aipatu zuen Bilbaok: «gaur egun oraindik Euskal Herrian ez baitago euskaraz bizitzerik, eta horretarako beharrezkoa da, behingoz, hizkuntza-politikak berrikustea eta euskaraz bizitzeko eskubidea ahalbidetuko duten politikak ahalik eta arinen abiatzea. Horregatik batu gara gaur hemen. Batasunetik, bateratasunetik, eta aldarri bakarrarekin: Euskara aurrera».

Bukaerako ekitaldian, Gazte Euskaltzaleen Sareko bozeramaile Begoña Garaikoetxeak eta Aize Otaño AEK-ko ordezkariak hartu zuten hitza, gogoratuz euskararen egoerarekiko kezkak eraman zituela Euskara Aurrera izeneko egitasmoa abiaraztera. Antolatzaileek euren ustetan euskarak dituen erronketariko batzuk zerrendatu zituzten: belaunaldi berriak osoki euskalduntzea, euskaraz eroso bizi ahal izateko espazioa eta eremuak zabaltzea, pantailetan euskararen presentzia areagotzea, euskara harrera hizkuntza bihurtzea, doakotasuna behingoz bermatzea eta euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea.

Jarraian, herritarrei aktibaziorako deia egin zieten, eta administrazio publikoari, berriz, egiturazko aldaketak eskatu zizkieten: «Euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten».

Azkenik, euskararen biziberritzeko prozesuak «herri bultzada berria» behar duela adierazi zuten, eta norbanako bakoitzak konpromisoa hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuten: «Euskalduntzean urrats berriak emango baditugu, taupada euskaltzale, indartsu, antolatu eta eraberrituari esker izango da. Euskara aktibatzeko eta antolatzeko garaia da».