Euskara eta euskal hiztunen komunitatea «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du ELEN Europako hizkuntzen sareak
Azaroaren 8 eta 9 artean, European Language Equality Network (ELEN) erakundearen 2024ko Batzar Orokorra egin da Bilbon. ELEN Europako lurralde-hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, euskara barne.
2024ko Batzar Orokorrak LARRIALDI LINGUISTIKOARI BURUZKO EBAZPENA onartu du aho batez. Elin H. G. Jones ELENeko presidenteak, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak, eta Idurre Eskisabel ELENeko presidenteorde eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri dute adierazpena.
«Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak. […] Hori guztia aintzat harturik, adierazten dugu euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela».
LARRIALDI LINGUISTIKOARI BURUZKO EBAZPENA
Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak. Iaz plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako batzuk aipatzearren, Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, Euskal Autonomi Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla. Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak. Hau da, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera soziala ahula da, eta hizkuntza praktikak orokortasunean hartuz are eta gehiago ahultzeko joeran da.
Ahultasun horrek lotura estua du euskararen eta euskararen hiztun komunitatearen estatusarekin. Jakina den bezala, bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua dauka ofizialtasuna –Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean–, minorizatutako hizkuntza baten berreskurapen prozesuari horrek eransten dion oztopo handiarekin. Ofiziala den eremuan, berriz, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako “eremu euskaldun” izendatuan, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra. Epai horiek euskararen aldeko neurriak diskriminatzailetzat jotzen dituzte, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluak ezarritakoa auzitan jarriz. Are, oldarraldi horrek badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere, eta, tamalez, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugaritu egin dira, adostasun sozial zabala urratuz, eta gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka eginez.
Ahultasuna areagotu egin du, halaber, globalizazioaren egungo aldaerak: mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio normalizazio eta biziberritze prozesuari; gauza bera bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak. Begi bistakoa da globalizazioaren egungo aldaeraren ondorioetako bat dela egiturazko botere harremanak boteretsuen alde indartzen dituela dimentsio politiko, ekonomiko eta sozial guztian, eta hizkuntzen eta hiztun komunitateen arteko botere harremanak ez daude dinamika horretatik salbu. Laburbilduz, globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago.
Hori guztia aintzat harturik, eta, halaber, hurbilean eta minorizazio egoera bertsuan dauden katalanaren eta galizieraren komunitateek urrats hori egina dutela kontuan izanik, adierazten dugu euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela. Hau da, indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia datorrela. Hizkuntz politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hasteko bidean direla.
Nolanahi dela, larrialdi linguistikoan dagoela adieraztea ez da arrangurarako deia, baizik eta euskararen normalizazio eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa emateko modua. Badakigu egoera itzulikatzeko lehen eginkizuna zein den: auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea. Horrenbestez, euskararen normalizazio eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea eskatzen diegu instituzio, agintari, eta, oro har, eragile politiko eta sozialei. Herritarrei, berriz, dei egiten diegu egun zeharkatzen gaituzten osterantzeko larrialdi sozial eta politikoak bezala, euskararen normalizazioaren ingurukoa ere konpromiso zibikoz berena egiten dezatela. Guztiok behar gaitu prozesu honek.
Era berean, eta kontuan izanik euskararen larrialdi linguistikoak berari soilik dagozkion ezaugarriez gaindi, gainerako hizkuntza minorizatuak ere larrialdian jartzen dituen mundu mailako beste hainbat ere pairatzen dituela, dei egiten diegu Europako instituzio, agintari, eragile politiko, sozial zein herritarrei, bakoitzari dagozkien eskumen eta arduretatik, har ditzatela neurriak homogeneizazio kulturala saihesteko eta hizkuntza eta hiztun komunitate minorizatuen normalizazio eta biziberritzea bultzatzeko. Izan ere, bizitza bera larrialdian jartzen ari den testuinguru honetan, hizkuntza gutxituei eta kultur komunitate minorizatuei eustea munduaren alde egitea da.
Bilbo, 2024ko azaroaren 9a