Azken sententziaren aurrean, oldarraldi euskarafoboak dagoeneko 500etik gora lanpostu publikori eragin diola salatu du Kontseiluak

2025ko urtarrilaren 10a

Euskalgintzaren Kontseiluak bere kezka adierazi nahi du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizial honek dagoeneko 500 lanpostu publiko baino gehiago jarri dituelako kolokan. Zehazki, gaur ezagutu dugun Bizkaiko Foru Aldundiren aurkako sententzia honek 77 langileren egonkortzeari eragiten dio.

Bereziki larria da, gainera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez daudelako bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian. Horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarkeelako ezinbestean. Izan ere, bi hizkuntza ofizialak dakizkiten langile publikoak dira herritar guztien hizkuntza eskubideak berma ditzaketen bakarrak: langile elebidunak, bi hizkuntza ofizialak ikasteko ahalegina egin dutenak, eta beraz, zerbitzu hobea eskaintzeko gaitasunak dituztenak.

Hala, Kontseiluak bere babesa helarazi nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiari sektore publikoa euskalduntzeko neurriak bultzatzen jarrai dezan, baita sententzia honi kasazio errekurtsoa jarri eta prozesua azken bururaino eraman dezan ere, herritarren eskubideak eta hizkuntza politika egiteko administrazioaren eskumena ukatzen dituelako.

Azkenik, Kontseiluak jakinarazi du instituzio, eragile eta sindikatuekin harremanetan jarri dela sententzia euskarafobo hau salatu eta dagokion erantzuna antolatzeko. Datozen egunetan emango dute mobilizazio deialdien berri.