Botere judiziala hizkuntza-politikaren joko arauak aldatzen ari da, herritarren eskubideen kaltetan
Duena egun gutxi, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. aretoak Donostiako Udaleko udaltzaingoaren bi lanpostutarako euskara-eskakizuna atzera bota duen sententziaren berri izan genuen. Argudio modura, Irungo udaltzain postuetarako hizkuntza-eskakizuna baliogabetzen zuen 2021eko sententzia erabili du epaileak.
Ostiralean, urtarrilak 12, ehunka pertsona mobilizatu ziren Donostiako Alderdi Eder parkean herritarren hizkuntza-eskubideen aurkako azken sententzia salatzeko eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak deitu zuten elkarretaratzea, eta Udaleko gehiengo politikoak (EAJk eta EH Bilduk) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS) bat egin zuten. Halaber, asteazken goizean Udaleko langileek ere elkarretaratzea egin zuten, euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Behean, elkarretaratzearen bukaeran irakurritako adierazpena.
Euskalgintzaren Kontseiluaren balorazioa
Ebazpen hori argitaratu zenean, euskalgintzak oldarraldi judizial baten baitan kokatzen zela salatu zuen. Sententzia hauen bidez, botere judiziala de facto hizkuntza-politikaren eskumena bereganatzen eta euskararen normalizazioa oztopatzen ari dela adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Eta, oldarraldiari erantzunez, pasa den azaroan 4an hamarnaka mila pertsona manifestatu ziren Bilbon.
Manifestazioaren ondorengo egunetan, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aurkeztu zen, eta azken sententzia honen harira, Donostiako euskalgintzak protokoloa aktibatu du. Ondorioz, epaiarekin desadostasuna agertzeko elkarretaratzea deitu zuten.
Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du sententzia hauen bidez botere judiziala hizkuntza-politikaren joko-arauak aldatzen ari dela, euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz. Halaber, Donostiako Udalari babesa agertu dio sententzia errekurritzeko.
Udaltzainen inguruko kexa ugari Behatokian
Bide beretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak adierazi du sententzia honek, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena dela eta, zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzakeela. Bestalde, sententzia honetako lanpostuen funtzioak formakuntzari eta prebentzioari lotutakoak diren heinean, euskararen ezagutzaren beharra ezinbestekotzat jo du Behatokiak, eta udalaren beraren euskaraz funtzionatzeko gaitasunean ere eragin dezakeela ohartarazi du.
Zentzu honetan, Behatokiak salatu du ugariak direla herritarrek Donostian zein beste udal batzuetan udaltzaingoarekin harremanetan jasaten dituzten hizkuntza-eskubide urraketak: euskaraz ez artatzea, gaztelera hutsezko erantzunak, euskaraz egiteagatik mespretxuak, gazteleraz egitera behartzeak… Adibidez, iragan ekainean herritar batek Behatokian salatu zuen, Donostiako udaltzain bati euskaraz zuzendu zitzaionean, erantzun hau jaso zuela: «Mal empezamos. Si no me hablas en castellano no nos vamos a entender».
Behatokiak adierazi du administrazioko lanpostuei euskararen ezagutza eskakizuna ezabatzea zerbitzu publikoen kalitatea eta erantzukizun soziala kentzea dela, eta herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile publikoek euskararen ezagutza izatea dela.
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartearen adierazpena
Oldarraldi judizialak ez du etenik. Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu zaigu azken sententzia Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko Donostiako Udalaren deialdiaren harira, auzitegiak ebatzi du “diskriminatzailea” dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Aurrez oldarraldi judizialaren baitan kokatutako Irungo sententzia darabilte epai berri hau justifikatzeko. Hau da, euskararen normalizazio prozesuaren joko-arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak.
Udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake.
Etengabe esaten digute euskara eta gaztelania biak direla ofizialak EAEko eremuan, maila berean daudela. Aldiz, epaiak azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioa oinarri, gaztelera dela hizkuntza “ofiziala”, herritar guztiek ezagutu behar dutena, eta euskara, berriz, “koofiziala”. Bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena eta, ondorioz, bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte.
Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Eta Herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da.
Botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka. Izan ere, epai hauek guztiak euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari dira.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.
Pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete genituen aldarri berarekin atera gara gaur Donostian ere, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak deituta.
Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!
OLDARRALDIAREN AURREAN
EUSKARAREKIN BAT
EUSKARAZ BAT